NAIZ

Urretxu-Zumarragan «plastiko erraustegi bat» ezarri nahi dutela salatu dute

Urretxu-Zumarraga Bizi! plataformak kezka adierazi du herriko lurretan Plastic Energy enpresak «hondakin plastikoen birziklatze kimikorako instalazioa» jartzeko asmoa duela eta. «Plastiko erraustegi bat da ezarri nahi digutena», jarri du azpimarra.

Plastic Energy enpresak El Ejidon (Almeria) duen instalazioaren argazkia.
Plastic Energy enpresak El Ejidon (Almeria) duen instalazioaren argazkia. (URRRETXU-ZUMARRAGA BIZI!)

Plastic Energy enpresak Zumarragan hondakin plastikoen birziklatze kimikorako instalazioa jartzeko asmoa erakutsi du, Arcelorren lurretan. Instalazio horrek «balorizazio kimikoko sistema» baten bidez hondakin plastikoak erre eta beste sustantzia batzuetan bihurtzen dituela argitu du Urretxu-Zumarraga Bizi! plataformak eta, beraz, ezarri nahi dena «plastiko erraustegi bat» dela azaldu du.

Aipatu enpresak pirolisia erabiltzen duela nabarmendu du plataformak, Europako zuzentarauek eta Estatu espainoleko Gobernuaren dekretuek (815/2013 Errege Dekretua) «errausketa-prozesutzat hartzen dutena, ez birziklatze prozesutzat». «Hortaz, Arcelorren egin nahi dutenari errausketa ez den beste modu batera deitzea herritarrak engainatzen saiatzea da», salatu dute.

Plataformaren datuen arabera, urtean 30.000 tona plastiko pirolizatu nahi dituzte balizko instalazio berrian, Zumarraga «EAEko plastikoaren zabortegia» bilakatuz.

Osasunerako kalteak

Pirolisiaren ondorioez ere ohartarazi du Urretxu-Zumarraga Bizi! plataformak. Gasak erretzeko eta hozteko prozesuetan sortzen diren sustantzia kimikoetako batzuk osasunean eta ingurumenean duten eragina aztertu gabe dagoela eta beste batzuk «zuzenean oso kaltegarriak» direla frogatua dagoela ekarri dute gogora. «Horietako asko debekatuta daude Europar Batasunean, osasunean dituzten ondorioengatik», nabarmendu dute.

Plataformak Plastic Energy enpresak Andaluzian dituen proiektuen datuak lortu ditu. «Instalazioak dioxina edo furanoak bezalako sustantzia kutsatzaileak isurtzen dituela baiezta dezakegu. Frogatuta dago sustantzia hauek izaki bizidunengan eragiten duten kaltea: larruazalean, hormonetan, sistema hepatikoan, ugalketa sisteman... minbizia sortzeraino. Bereziki arriskutsuak dira fetuaren eta haurren garapenean», ekarri dute gogora.

Instalazioa eremu populatuetatik gertu ezarri nahi dutelako kezka berezia adierazi du eta, zehazki, Antonio Oraa, Artiz, Argixao eta Ipar Haizea auzoetatik «metro gutxira» ezarri nahi izatea «osasun publikoaren ikuspegitik arduragabekeria galanta» dela salatu dute.

Kontrara, Plastic Factoryk Estatuan dituen beste bi instalazioak Guadrairan (Sevilla) eta El Ejidon (Almeria) daudela azaldu dute, «hiriguneetatik oso urrun dauden eremu eta industrialdeetan».

Babesak eta batzar irekia

Urretxu-Zumarraga Bizi!-ren ustez, «biztanleen osasunarentzat eta ingurumenarentzat hain sentibera den erabakia ezin da alde bakarretik hartu» eta «lanpostuak sortzeko aukera ezin da erabili xantaia emozional gisa». Hala, alderdi politikoei «inposatu nahi diguten proiektuarekiko posizionamendua» har dezatela eskatu diete eta herritarrei, aldiz, iniziatiba hartzeko deia egin diete.

«Egoeraren larritasuna kontuan izanda, ezin gara begira geratu», akuilatu du plataformak, eta maiatzaren 3an, asteazkena, 19.00etan Zumarragako kultur etxean egingo den informazio-bilerara joateko deia egin diete herritarrei, «informatu eta hemendik aurrerakoak adosteko».