Emakumezko pilotariek I. Basque Country Lau eta Erdiko txapelketa jokatuko dute uda honetan AEBetako Boise hirian (Idaho). Lehiaketa berria uztailaren 26tik abuztuaren 4ra jokatuko da, eta "mugarri historiko bat" ezarriko du esku pilotan.
Gorka Iturriaga Lakuako Jarduera Fisiko eta Kirol zuzendariak jakitera eman duenez, Hiru Hiriburuak Torneoko txapeldun eta txapeldunordeak izango dira Boisera joango diren pilotariak emakumezkoen Nazioarteko Emakumeen Esku Pilotako Basque Country Torneoa jokatzeko. «Lehiaketa honen bidez, emakumeen esku pilotari bultzada eta bistaratze berri bat eman nahi zaio nazioartean», esan du.
Zehazki, Olatz Arrizabalagak, Amaia Aldaik, Nora Mendizabalek eta Andrea Capellanek jokatuko dute Lau eta Erdiko txapelketa, emakumezkoen esku pilotari nazioarteko proiekzioa emateko erronkarekin. Txapelketa jokatzeko aukera irabazi duten pilotariek ilusio handia agertu dute Emakume Master Cup Zirkuiturako puntuagarria izango den lehiaketan parte hartzeagatik.
Nazioartera emango duen urrats hau «erronka» bezala deskribatu du Emakume Master Cup ekimenak eta urteetan oinarri sendo bat finkatzeko egindako lanaren ondoren «nazioartekoratzeko prest» dagoela adierazi du.