NAIZ

EHNEk artzainen jarduera eta landa eremuarekiko «errespetua» eskatu du

Joan den astean txakur baten jabeak artzain bati emandako jipoia salatzeko elkarretaratzea egin du EHNEk. Errespetua eskatu die mendian dabiltzanei.

«Errespetua» eskatzearen aldeko EHNEren aurreko elkarretaratze baten irudia.
«Errespetua» eskatzearen aldeko EHNEren aurreko elkarretaratze baten irudia. (EHNE)

EHNE nekazarien sindikatuak «errespetua» eskatu die herritarrei mendiak, larreak, basoak eta baserri eremuak erabiltzen dituztenean. «Gure lanbidearekiko eta ganaduarekiko errespetua» eskatu dute.

EHNEk elkarretaratzea egin du Orion, joan den astean txakur baten jabeak emandako jipoia jaso zuen artzainari babesa adierazteko. «Muturreko kasua izan da eta ezin da onartu, ezin da errepikatu», azpimarratu dute nekazarien erakundeko ordezkariek.

Ildo horretan azaldu duenez, mendietatik paseoan ibiltzen diren pertsonek «askotan kantzillak ez dituzte berriro dauden bezala uzten, eta horrek ganadua ateratzea dakar». Horregatik ohartarazi dute jarrera horrek «arrisku egoerak sortzen dituela eta baserritarrei eta abereei kalte egiten diela».

Gainera, eremu itxi batean sartzeak «negurako prest ditugun belarrak kaltetu ditzake», EHNEren arabera. «Baserritarrak eta animaliak kaltetzen ditu, diru gehiago gastatu behar delako eta ganadua janaririk gabe geratzen delako, are larriagoa delarik jasaten ari garen lehortea kontuan hartuta», salatu dute.

EHNEko ordezkariek berretsi dute txakurrak mendian zehar «lotuta» joan behar direla, eta azpimarratu dute ez dela «baserritarren apeta bat», Diputazioaren Mendiei buruzko foru arauan «argi eta garbi adierazitako neurria» baizik.

«Are beharrezkoagoa da txakurrak lotzea, inguruan ganadua badago. Txakurrak animaliak izutzen ditu, hozka egiten ez badie ere, eta animaliaren ongizateari kalte egiten dio. Abortuak, heriotzak, erorikoak, hamaika adibide jar ditzakegu; izan ere, zoritxarrez, maizegi pairatzen ditugu horrelako egoerak», azaldu dute.

Halaber, «elkarbizitzarako» deia egin dute, izan ere, euren ustez, «guztiok dugu gure inguruaz gozatzeko eta gure lanbidean lasai aritzeko eskubidea». «Ez gaude txakurren, txirrindularien, motorzaleen, mendizaleen edo paseoan dabiltzanen aurka, baina elkarbizitza gauzatzeko funtsezkoa da errespetua, eta hori da eskatzen duguna», azaldu dute.