Amagoia Mujika
Gaur8ko koordinatzailea
Entrevista
Amelia Tiganus
Idazle eta ekintzaile feminista

«Pornografia kontsumitzen duenak indarkeria erotizatzen du»

Adin txikikoen artean gertatzen ari diren sexu indarkeria kasuek izoztuta eta txikituta utzi dute jendartea. Tiganusek neska-mutikoen sexu heziketan jartzen du lupa. Zortzi urte dituztenerako nahi gabe sarean pornografiarekin topo egiten duten belaunaldien aurrean gaudela ohartarazi du.

Amelia Tiganus, elkarrizketarako argazki saioan.
Amelia Tiganus, elkarrizketarako argazki saioan. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Emakumeen eta neskatoen emantzipaziorako elkartea da Emargi, eta bertako zuzendaria, Amelia Tiganus (Galao, Errumania, 1984). Idazle eta aktibista feminista da. 17 urte zituela proxeneta bati saldua izan zen eta 2002-2007 urte bitartean Estatu espainoleko 40 prostituzio-etxe baino gehiagotan esplotatu zuten.

Orain Emargirekin indarkeria sexualaren kontrako borrokan ari da, eskoletan formakuntzak eskaintzen eta gurasoei hitzaldiak. «Ama asko gerturatzen dira hitzaldietara, aitak baino askoz gehiago. Zergatik? Eta ama gehienek esaten dute ‘espero dut nire neskatoari horrelakorik ez gertatzea’. Hori nire amak ere pentsatu zuen, hori ama guztiek pentsatzen dute. Baina egunero ehunka neskatok jasaten dute sexu indarkeria. Ez da nahikoa ‘ia ez zaion nireari gertatzen’ esatea. Zerbait gehiago egin behar da».

«Sexu indarkeriaren, pornografiaren eta prostituzioaren arteko lotura». Hori da azkenaldian eskaintzen ari zaren hitzaldiaren izenburua. Izenburuak berak ikara eman beharko liguke.

Hitzaldi hauek eskaintzen ditudan tokiak gogoetarako eta hausnarketarako espazioak dira, gaur egun oso ugariak ez direnak. Baina ezagutzarako espazioak ere badira. Indarkeriatik libre dagoen bizitza bat bizi ahal izateko, erdigunean tratu ona eta besteekiko konexioa jartzen dituen bizitza bat bizi ahal izateko, beharrezko estrategiak dira ezagutza eta gogoeta. Nire hitzaldietan bizi dugun sistemaren jatorrira joaten saiatzen naiz, arazoaren muina ezagutzeko.

Feministok patriarkal bezala definitu dugun sistema honek ez dauzka 5.000 urte baino gehiago. Esan eta esan ari zaizkigu hau beti horrela izan dela, bizitza horrelakoa izan dela beti, eta ez da zuzena. Paradigma hau ezarri aurretik bizitza oso desberdina zen. Antzinako gizarteetan balio handia ematen zitzaien emakumeei eta haien bizitzei, bizitza emaileak zirela ulertzen baitzuten. Jainkosak goratzen zituzten eta horien alde errezatzen zuten. Inoiz ez da existitu gizarte matriarkalik, emakumeok historian zehar sekula ez baitiegu egin gizonezkoei haiek sistema patriarkalean guri egin digutena. Baina antzinako gizarteetan bizitza askoz parekideagoa zen.

Une batean gizartea aldatzen hasi zen. Nomadak, ehiztariak eta biltzaileak izatetik lehen kokalekuak sortu eta nekazari eta abeltzain izatera pasatu ginen. Lurrak okupatzen hasi ginen, animaliak etxekotzen... eta une horretan emakumeak gizonen jabetza izatera pasatu ginen, haurrekin, esklaboekin, animaliekin eta lurrekin batera.

Hor hasten da zabaltzen maskulinitate eredu jakin bat. Horren arabera, mutikoei umetatik ukatzen zaie gupida, konexioa edota enpatia sentitzeko gaitasuna, oso heziketa bortitz eta gogorraren bidez. Eta neskatoei besteak zerbitzatzen erakusten zaie, besteentzat existitzen. Generoen araberako sozializazioa da hori.

Gizartea zatitzeko modua da eta sexu-indarkeria jatorri horretan bertan kokatzen da. Emakumeak banatu egiten dira, jabetzen modura. Esparru pribatuan ezkontzen bidez banatzen dira eta esparru publikoan, prostituzioaren bitartez. Gure gaitasun sexual eta ugalkorren arabera hartzen gaituzte mendean.

Orain asko aipatzen dira «maskulinitate berriak». Ez zait gustatzen, berriak izateak ez baitu derrigor esan nahi hobeak izango direnik. Baina ez genuke ahaztu beharko historian barna beti existitu direla emakumeen kontrako indarkeria erabiltzeari uko egin dioten gizonezkoak. ‘Benetako gizonen’ klubekoak izateari uko egin zioten eta ondorioz gogor zigortuak izan ziren. Eta gure gaurko mutikoek ez dituzte erreferenteak betiko maskulinitate horretatik aparte.

Maskulinitatea eta feminitatea eraikitzeko modu tradizionalak dira orain aipatu ditudanak.

Baina gaur egun erreminta garaikideagoak daude: Internet, kasu.

Gaur egun Internet, sare sozialak eta antzeko erremintak ditugu eskura eta egoerak buelta erradikala eman du. Emargi elkartean, kontzientziazioaz eta sentsibilizazioaz gain, ikerketa ere egiten dugu. Hitzaldiak eta tailerrak eskaintzen dizkiegu haur eta gazteei eta haiekin egiten dugu ikerketa. Garbi ikusten dugu neskatoei zer erakusten eta barnerarazten zaien: zure balioa zure gorputza eta intimitatea publikoki erakusten duzunaren araberakoa izango da. Bere existentzia besteen aisialdirako, besteen dibertsiorako ekintza bihurtu behar dutela sinetsarazten zaie. Emakumeak gizonak dibertitzen dituztenak direla sinetsarazten zaie. Eta hori garbi ikusten dugu neskatoek sare sozialak erabiltzeko duten moduan: eduki pribatua partekatzen dute ia egunero. Mutikoak, aldiz, eduki horren kontsumitzaileak dira.

Jarrera horiek dira geroago ikusiko dugunaren hasiera: deshumanizazioa, despertsonalizazioa eta sexu indarkeriaren naturalizazioa. Izan ere, neska-mutikoen sexu indarkeria sexu bezala ulertzen dute, industria pornografikoaren eta proxenetaren esku utzi baitugu gure neska-mutikoen sexu heziketa.

Estatu mailako azken ikerketek pornografia kontsumitzen hasteko adina zortzi urtetan kokatu dute.

Bai. Zortzi urtetik aurrera, neska-mutikoak irudi oso bortitzak jasotzen hasten dira eta horietan naturalizatzen den ideia oso arriskutsua da: emakumeen kontrako erasoak sexua dira. Azkenaldian iristen ari zaizkigun albisteak, adin txikikoak adin txikikoak bortxatzen eta erasotzen, testuinguru horretan kokatu behar dira. Horrek atentzioa eman beharko liguke, oso pornifikatuta dagoen gizarte batean bizi baikara.

Dena bekatua zen garai batetik pornografia erabat normalizatuta dagoen beste batera pasatu gara. Mutur batetik bestera. Eta hala eta guztiz ere, sexualitateak gai tabua izaten jarraitzen du, ez baitugu hausnartzen eta hitz egiten sexualitateak gizakien bizitzetan daukan garrantziaz eta inpaktuaz. Gaur egun fribolizatu egiten da beste norbaitekin sexua izatea, badirudi norbaitekin kafea hartzea bezalakoa dela eta ez da horrelakoa. Eta hori estatu espainiarrean nagusi den kultura pornografiko eta prostituzionalarekin lotuta dago. Espainia da prostituzio-kontsumitzaile nagusia Europan eta hirugarrena, munduan. Dirua ordaintzen duten sexu-erasotzaileen ikusezintasunaren aurrean gaude, haiekin bizi garelako. Hamar gizonetik lauk aitortzen dute ordaindu egiten dutela emakume bati zakila sartzeagatik, nahiz eta emakume horrek ez duen sexualki desio, eta, gainera, zaurgarritasun-egoeran dagoen. Puteroak dira, hain zuzen, errealitate honetan ikusezin direnak. Orain ari da fokua pixka bat haien gainean jartzen. Izan ere, bizi garen bortxaketaren kulturan beti fokua biktimaren gainean jarri izan da; nola zihoan jantzita, zer ordutan gertatu zen, baietz edo ezetz esan ote zuen...

Eskoletan eta institutuetan hitzaldiak eta formakuntzak eskaintzen dituzu zuk. Zer ikusten da? Egungo jendarteak puteroak sortzen jarraitzen du?

Bai. Puteroak sortzen jarraitzen du jendarteak, ez dagoelako hausnarketarik eta ezagutzarik. Baina, bideojokoen eta sare sozialen bitartez, puteroak eskala industrialean ari dira sortzen, gainera. Aisialdiarekin eta dibertsioarekin lotuta dauden jarduera askotan emakumeen deshumanizazioa sekulakoa da. Gaur egun aplikazio ugari daude sexu edukiak ikusteko aukera ematen dutenak. Hilean kuota bat ordaindu eta eskura dituzu emakumeak erabat deshumanizatzen dituzten irudiak. 30 urtetik gorako askok ez dituzte aplikazio horiek ezagutzen; 11-12-13 urteko neska-mutiko gehienek, aldiz, badute horien berri eta batzuek erabili egiten dituzte. Gainera, neskato asko ari dira aplikazio horietan prostituziorako sarbidea egiten, lehen urratsak egiten.

Gure ardura eta erantzukizuna da, helduak garen neurrian, ez bakarrik gure neska-mutikoak heztea, baita babestea ere. Ezin ditugu babesik gabe utzi indarkeria horren guztiaren aurrean, horrek eragotzi egingo baitie gizaki oso gisa garatzea. Gaitasun kritikoa bereganatzen lagundu behar diegu, enpatia lantzen, ez diezaioten egin beste pertsona bati beraien azalean sufritu nahi ez dutena.

Beren emozio propioetatik erabat deskonektatuta bizi dira egungo neska-mutikoak eta horrela oso zaila da enpatia edo gupida sentitzea.

Pantailetan gertatzen dena fikzio bezala bizi dute, azalik gabeko fikzioa.

Bai, benetakoa ez balitz bezala. Nik 39 urte ditut eta nire adineko jendeak eta zaharragoek nahiko garbi bereizi izan ditugu mundu erreala eta mundu birtuala. Baina gaur egun, mugikor bat eskutan dutela jaio direnentzat, ez da existitzen marra hori, bereizketa hori. Beraientzat pantailen bestaldean ikusten dutena oso erreala da.

Zineman eta literaturan ditugun adibideetatik badakigu fikzioak nola eragiten duen gure subjektibotasunean, nola eraikitzen gaituen. Gure ikerketetan bideojokoen inguruan galdetzen dugunean -13-15 urte bitarteko nerabeei buruz ari naiz-, gehienek aitortzen dute adin txikikoentzat debekatuak dauden jokoetan aritzen direla. Eta nola iristen dira bideojoko horietara? Gurasoen baimenarekin. Helduek tentuz zaindu behar dugu egunero gure neska-mutikoei txertatzen ari zaiena eta, era berean, ordezkari politikoei ardurak exijitu behar dizkiegu. Adin txikikoen hezkuntza eta babesa ziurtatuko dituzten neurriak hartu behar dituzte. Askotan helarazi nahi diguten ideia da ez dagoela ezer egiterik, Internet kontrolatzen zaila dela. Aldiz, bestelakoak ikusten ditugu, adibidez, gerraren testuinguruan. Horrelakoetan agintariek badute interesatzen ez zaien hori zentsuratzeko gaitasuna. Hortaz, pentsa genezake gure agintari politikoei ez zaiela interesatzen gure adin txikikoen bizitza eta osotasun morala babestea.

Adin txikikoen arazoa bakarrik al da?

Ez. Emakume asko ari dira beren azalean isilean sufritzen pornografiaren kontsumoak beren bikotekideen jarreretan daukan eragina. Finean, pornografia kontsumitzen duenak indarkeria erotizatzen du. Azken hilabeteotan gero eta ahots gehiago ari dira ohartarazten sexu praktiketan indarkeriara ohitzeak dituen ondorio txarrez. Mendekotasun bat da, burmuinean mendekotasun batek sortzen duen efektuaren parekoa sortzen du eta denborarekin eragin bera lortzeko dopamina deskarga gero eta handiagoak behar dira. Eta horrek eskatzen du aldiro indarkeria maila igo beharra.

Zuk esana da gizonezkoak ez direla gaiztoak berez, sortzez. Jendarte bezala gauzak oso gaizki egiten ari garela.

Bai, eta feministek barneratuta daukagu itxaropenerako ñabardura hori. Benetan sinesten dugu gizonak ez direla gaiztoak izatez, berez; bestela ez genuke horrelako ahaleginik egingo sistema oso bat iraultzeko. Feministak egiten ari garen lan guztiaren helburua da gizonezkoek beren egoeraren kontzientzia hartzea, sistemaren kontzientzia hartzea. Sistema honek mesede egiten die, ados, baina zeren truke? Zein da horren prezioa? Uste dut gero eta gehiago direla begiak zabaltzen ari diren gizonezkoak eta, gutxienez, entzuteko eta hausnartzeko umiltasuna dutenak. Eta konturatzen direnean benetan garrantzitsua emakumeei eskutik emanda bidea elkarrekin egitea dela, emakumeak bidelagunak garela eta ez haiek eiakulatzeko zuloak, sistema patriarkalaren desertore bihurtuko dira.

Eta zoriontsuago lirateke baita gizonezkoak ere.

Zalantzarik gabe. Gizonezko gazte batzuk kezkatu egiten dira pornografia eta prostituzioa desagertu daitezkeela pentsatzen dutenean. Batzuek galdetu izan didate: «Pornografia eta prostituzioa desagertuz gero, nola izango ditugu sexu harremanak?». Nik beti esaten diet lasai egoteko, pornografia eta prostituzioa desagertuz gero larrua hobeto joko dugula eta larrua jotzearen gauza on guztiek hemen segituko dutela. Gauza txarrak desagertuko dira; frustrazio pila bat, tristura mordo bat, indarkeria eta deshumanizazioa ezabatuko dira eta larrua jotzearen gauza onak bakarrik geldituko dira. Eta hori ona izango da emakumezkoentzat zein gizonezkoentzat. Ona izango da tratu onen aldeko apustua egiten duen gizarte demokratiko batentzat.

Azken urteotan feminismoaren kontrako oldarraldi bat sumatzen da gazteenen artean. Feminismo ‘onaren’ eta ‘txarraren’ artean bereizteko intentzio bat ere sumatzen da.

Berrarmatze patriarkal bat eta erresistentzia batzuk gertatzen ari dira. Eta horretan ere badu partea Interneteko komunitateak.

Duela gutxi Gijonen izan naiz jardunaldi batzuetan eta galdetu zidaten ia desberdintasunik ote zegoen nekazaritza munduko eta inguru urbanoko gazteen artean. Galdera interesgarria iruditzen zait. Duela urte batzuk baziren desberdintasun horiek eta erraz bistaratzen ziren, baina gaur egun ez dago desberdintasunik; Interneten bidez eduki berak kontsumitzen dituzte, influencer berak segitzen dituzte, mezu berak jasotzen dituzte...

Interneten misogino handienen eta gizon antifeministenen nitxoak daude eta horiek sarean zabaltzen ari diren mezuak zuzenean iristen zaizkie mutiko gazteenei. Nerabezaroa sasoi konplikatua da, nahasmendu, zalantza eta min handiko garaia da eta erraza da egoera horretan dauden mutikoak harrapatzea.

Egia da feminista ‘guaien’ eta ‘txarren’ artean bereizteko behar bat dagoela. Erradikalak omen dira txarrak. Nik beti neure burua feminista erradikal bezala aurkezten dut, baina ez edukiontziak erretzeagatik edo gizonak gorrotatzeagatik, arazoaren hondora joateagatik baizik. Feminismo erradikalak hori esan nahi du, erroetara joan nahi duela. Badago feminismoa suabeago egiteko saiakera bat, politikoki zuzenaren diskurtsora gerturatzeko saiakera bat, astindu handirik sortzen ez duen feminismo bat. Dagoeneko ezin da mespretxatu feminismo hitzak esan nahi duen guztia eta beraz, orain feminista onen eta txarren artean bereizten saiatzen dira. Baina emakumeen bizi baldintzak hobetzeko borroka egiten dugun emakumeei prestigioa kentzeko estrategia bat baino ez da.

Zure hitzetan itxaropena arnasten da.

Bai, neronek ere behar dudalako, bestela ez bainintzateke borroka honetan aritzeko gai izango. Nire istorio pertsonala -“La revuelta de las putas” nire liburuan ondo islatuta agertzen dena- gogorra da. Lehen pertsonan bizi izan nuen sexu-bizipen latzena, prostituzioaren mundua ezagutu ondoren. Bost urtean 40 prostituzio-etxe baino gehiagotan esplotatu ninduten sexualki Estatu espainolean. Hortik atera eta gaur egun naizen figura publiko eta politiko bihurtu nintzen. Noski, itxaropena behar dut bizitzeko eta borrokatzeko, nire bizitzari zentzua emateko eta feminismoak lortuko duela sinesteko. Ez da nire barruko indar eta borroka bat bakarrik, feministek emandako eredua hor dago, hirurehun urte luzeko borroka artikulatua hor dago. Gure aurretik emakume askok pentsaezinak ziren gauzak lortu zituzten eta bide horretan goaz. Itxaropena dugu, erreferenteak ditugulako eta badakigulako historiaren liburuan orrialde garrantzitsu bat idazten ari garela.