NAIZ

Kaiarriba eta Cabo da Cruz nagusitu dira Espainiako Batel Txapelketan

Sestaon jokatu den Espainiako txapelketarekin bukatu da batelen denboraldia. Kaiarribak garaipena eskuratu du, larunbatean erakutsitako sendotasuna berretsita, Astillerorekin izandako lehia estuan. Gizonezkoetan, Cabo da Cruz nagusitu da eta Zierbena bigarren postuarekin konformatu da.

Kaiarribako batela osatu duten arraunlariak garaipena ospatzen.
Kaiarribako batela osatu duten arraunlariak garaipena ospatzen. (@FED_ES_REMO)

Cabo da Cruzeko tripulazio galiziarra, gizonezkoetan, eta Kaiarribako tripulazio gipuzkoarra, emakumezkoetan, nagusitu dira Espainiako Batel txapelketan. Igande honetan lehiatu da estropada Sestaoko uretan.

Kaiarribak –Euskadiko txapelketa eskuratuta– emaitza onei segida eman die Espainiako txapelketa bereganatuta. Larunbateko sailkapen estropadan, denbora onena egin zuen (9.51), bigarren tandan lehen helmugaratuta, Nerea Perez patroi zela.

Igande honetan, oso estu joan da finaleko estropada eta azkenerako, Astillerori –sailkapen estropadan hirugarren denbora onena egin zuenari– soilik 17 ehuneneko aldea aterata, garaipena eskuratu dute donostiarrek. Brontzezko domina Cabo da Cruzentzat izan da.

Gizonezkoen proban, bestalde, Boiroko txalupak urrezko domina irabazi du Chapela eta Zierbenari lau segundo baino gehixeago aterata. Bigarren eta hirugarren sailkatuen artean 47 ehuneneko aldea egon da soilik, Galiziako ontziaren alde. Ontzi bizkaitarra izan da euskal ordezkari bakarra finalean.

Gainerako kategorietan, Tiran nagusitu da gizonezko jubenitelan eta Kaiku, emakumezkoetan. Plentziako Arkoterentzat izan da garaipena gizonezkoen kadete mailan eta Astilleroko La Planchadarentzat emakumezkoetan. Infantiletan, Samertolameu izan da azkarrena mutiletan eta Cabo da Cruz nesketan.