Maiatzaren 12an hasi eta 14an bukatuz, exijentzia handiko hiru etapekin, Euskal Herriko Itzulia lehiatuko da bigarrenez euskal errepideetan –lastima Nafarroan ez dela sartzen–. Etxeberrian hasiko da, Eike enpresaren egoitzatik, eta lehen etapa Markinan bukatuko da; bigarrena, osotasunean, Araban lehiatuko da, Gasteiztik Amurriora, pasa den urtean gizonezkoen edizioan lehiatutako etapa beretsua; eta azkenik, Donostiako Klasikoari lekukoa hartuz, Donostia-Donostia osatuko dute, 114 kilometroko etapa erabakigarrian.
Asteazken honetan, hain zuzen ere, Donostiako Udalean egin dute aurkezpen ekitaldi nagusia eta bertan hitz hartu dutenek –Julian Eraso (Oceta), Martin Ibabe (Donostiako Udaleko kirol zinegotzia), Eneko Goia (Donostiako alkatea), Mari Jose Telleria (Gipuzkoako Alundiko Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol diputatua) eta Gorka Iturriaga (Lakuako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendaria– bat etorri dira nabarmentzen «antolaketa zaila» eta «neketsua» izan dela. Era berean, bigarren edizioa aurrera ateratzeko lagundu duten pertsona oro eskertu dute, bai eta oinarrian, behe-mailetan lanean aritzen diren txirrindularitza eskola eta federazioei ere.
Bide horretan, NAIZi eskainitako adierazpenetan, Julian Eraso Oceta enpresako presidenteak –txapelketako antolatzaile nagusia, alegia– «asmoa egonkortasun bat lortzea» dela onartu du. Gogoan jarri behar da iazko edizioa hastear zela polemikarako tartea egon zela honek eginiko adierazpenekin, «moda» kontua eta «ia-ia derrigor» antolatu zen zerbait izan zela aditzera eman baitzuen.
Asteazken honetan, diskurtso hori apalduta azaldu da, atzetik hausnarketa bat eginda agian, eta emakumezkoen txirrindularitza eta kirola, oro har, «olatu geldiezin bat dela» eta ezinbestez, «hauspotu» egin behar dela adierazi du.
Lasterketa bat, bere horretan antolatzea, zaila dela azaldu du, betebehar batzuk daudelako. Galdetuta ea zailagoa den emakumezkoena antolatzea gizonezkoena baino –baliabide gutxiago daudelako-edo–, azpimarra egin du «erakunde eta enpresak gero eta kontzienteago direla «derrigorra dutela laguntzea, olatua geldiezina delako».
«Denok sinetsi behar dugu horrekin, sozialki izan behar du, derrigorra da, neskak edo mutilak izan, denon kirolak lehen mailan egon behar du», esan du. Zaleak errepide bazterretan egotea eta txirrindulariak animatzearen garrantzia ere nabarmendu du, «denon lana izango delako emakumezkoen txirrindularitza ere goi-mailan jartzea».
Oraingoz, hiru etapetako Itzulia «egonkortu» eta «sendotu» egin behar dela dio, poliki-poliki joan eta «gero ikusiko da ea posible den txapelketa sei etapetara luzatzea».
Modu horretan, Erasok aurkezpenean hitza hartu zuenean aurreratu zuen Nazioarteko Txirrindularitza Elkarteak (UCI) jada konfirmatu diela hurrengo urtean, maiatzean, Itzuliak bere lekua izango duela goi-mailako txirrindularitza egutegian.
Punta-puntako txirrindulariak
126 txirrindulari eta 21 taldek (World Tour mailako 13 eta Continentaleko, 8) neurtuko dituzte indarrak eta hutsune nabariena, agian, Ane Santestebanen Team Jayco taldearena da. Errenteriarra UCI mailako euskal ordezkari bakanetakoa da eta ez da egongo aurtengo Itzulian. Bai egongo dira, bestalde, UCI mailako Movistar talde nafarra eta Continental mailako Laboral Kutxa, Bizkaia-Durango eta Sopela.
Hala, denera, lau euskal txirrindulari aterako dira errepidera, onenekin lehian egoteko prest. Eukene Larrarte (Bizkaia-Durango), Usoa Ostolaza (Laboral Kutxa), Eneritz Vadillo (Laboral Kutxa) eta Muskilda Oloriz (Sopela). Azken honek, NAIZi eskainitako elkarrizketan adierazi zion, ilusio bereziarekin itxaroten zuela Itzuliko deialdia, bere helburu nagusietako bat zela-alegia. Espainiako Vueltan lehen etapan kontroletik kanpo helmugaratu ostean, seguru deialdi hau hauspo handi izango dela atarrabiarrarentzat.
Nabarmentzekoa, Eneritz Iturriaga kirol zuzendari den Eneicat-CMTeam-Seguros Deportivos talde espainiarra ere lehiatuko dela.
Bestalde, pasa den urteko irabazle Demi Vollering (SD Worx) eta lasterketa guztietan zeresana ematen ari diren Annemier Van Vleuten (Movistar), Claire Steels (Israel Premier Tech Roland), Marta Cavalli (FDJ-Suez), besteak beste. Baita Jumbo-Visma taldea ere, Espainiako Vueltan, lehen etapa, taldekako erlojuaren kontrakoan, garaile izan zena, Karlijn Swinkels eta Maud Oudemanekin.