NAIZ

Laborarien herenak idorteari aurre egiteko kalte-ordainik ez duela jasoko salatu du ELBk

Pirinio Atlantikoetako departamenduan lur eta itsasoaren aferak bere gain hartzen dituen zuzendaritzak idortearengatik kalte-ordainak jasotzeko dosierren azterketa hertsitzat eman ondoren laborarien herenak laguntzarik ez duelako jasoko kexa azaldu du ELB sindikatuak.

 

Urruñako etxalde batean iaz harturiko argazkia. Idorteak segida izan du aurten ere.
Urruñako etxalde batean iaz harturiko argazkia. Idorteak segida izan du aurten ere. (Patxi BELTZAIZ)

Joan zen apirilaren 21an itxi zuen Pirinio Atlantikoetako departamenduan lur eta itsasoaren aferak bere gain hartzen dituen zuzendaritzak idorteak eragindako kaltearen aurrean diru-laguntzak jasotzeko prozedura.

Behin aurkezturiko dosierrak aztertuta, «laborarien herena laguntza lerro horretatik kanpo gelditu dela» salatu du ELB sindikatuak. Agiri baten bidez, bere arrangura agertu du urgentziazko egoera batean administrazioak hartu duen jokabidearen aurrean.

«Idorteak Euskal Herriko etxalde guziak hunkitu ditu eta ez da onargarria Estatuak horietako ainitz bazterrerat uztea», gehitu du Ipar Euskal Herriko laborarien sindikatuak.

Egoera horretan, gomendio zehatza eman die sindikatuak laguntza errefusatu zaien laborariei, hain zuzen eskumena duten zerbitzuen aitzinean lehenbailehen helegitea ezartzea.

Helegitea aurkezteko gutun eredua galdetzeko aukera

ELBk oroitarazi duenez, behin laguntza ezeztatua dela jakinarazten duen gutuna etxaldean jasota bi hilabeteko epea du laborariak erabaki horren aurkako helegitea aurkezteko.

Desmartxa hori laguntzeko errekurtsoa egiteko eredu bat igorriko die sindikatuak bere kideei. Edonola ere, ELBk azaldu duenez horren beharra duen edozein laborarik ahal dio sindikatuari eredua galdetu, helegitea behar den denbora tartean aurkeztu ahal izateko.

Horretaz gain, idorteak eragindako egoera larriari buruz mintzatzeko laborariak eta hautetsiak bilduko dituen mahai-ingurua antolatuko dela aurki iragarri du sindikatuak.

Iragarri duenez, ELB presente izanen da antolatzeko fasean dagoen eztabaida horretan.

Edozein kasutan, bilera horretara proposamen zehatza eramanen duela oharrarazi du euskal sindikatuak. Hala, laborari guziek idorteak eragindako kalteari aurre egiteko 4.000 euroko gutxieneko diru-laguntza jaso dezatela galdetuko du ELBk.

Idorteari aurre egiteko mahaia aurki bilduko da

Pirinio Atlantikoetako Prefeturak joan zen apirilaren 26an idortearen egoera aztertzeko batzordea bildu zuen. Bileran ez zen erabaki irmorik hartu. Izan ere, neguan zehar izan den euri kopuru eskasak ondoko aste eta hilabeteetan sortu ditzakeen arazoak izan zituzten aipagai.

Prefetaren kabineteak bilera horren harira agiria plazaratu zuen euri kopuru esanguratsua izan ezean «egoerka okerrera egin dezakeela» nabarmenduz.

Iaz hainbat neurri murriztaile hartu ziren Ipar Euskal Herrian ur kontsumoa mugatzeko, hala nola baratzeen ureztatzea edo autoen garbiketa debekatuz.

Gaur gaurkoz ez dago aurrekusita horiek bezalako neurririk hartzea. Edonola ere, egoera arreta bereziaz jarraituko duela iragarri zuen Estatuaren delegaritzak.

Bestalde, ondoko asteetan bilera berri bat antolatua dela idortearen jarraipena egiteko baieztatu zuen Julien Charles prefetaren bulegoak.