NAIZ

Save the Childrenek inklusiorako aurrerapausoak ikusi ditu EAEko Hezkuntza Legearen proiektuan

Save the Childrenek EAEko Hezkuntza Legearen proiektuaren balorazio ona egin du. Bere egin ditu parekidetasunari eta inklusioari lotuta ageri diren helburuak. Dena den, hezkuntzaren eraldaketarako oinarrien akordioa betetzen dela segurtatzeko neurriak zehaztea falta zaiola uste du erakundeak.

Save the Childrenek udalekuak antolatu izan ditu bazterketa soziala jasateko arriskua duten haurrentzat. Irudian, Barakaldo.
Save the Childrenek udalekuak antolatu izan ditu bazterketa soziala jasateko arriskua duten haurrentzat. Irudian, Barakaldo. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Save the Childrenek aurrerapausoak ikusi ditu joan den apirilaren 25ean Gobernu Kontseiluak onartu zuen EAEko Hezkuntza Lege proiektuan. Lehen zirriborrotik «jauzi bat» eman du Lakuak parekidetasunari eta inklusioari lotuta, «arazoa ukatzetik politikoki onartzera pasatu baita».

Hainbat gai txertatu izana txalotu du Charo Arranz Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Save the Childreneko zuzendariak. Adibidez, plaza erreserba, zaurgarritasun indizea, tokiko eskolatze bulegoak sortzeko aukera, gain eskaintzarik gabeko plangintza, kuoten publizitatea eta doakotasuna kontrolatzeko administrazio unitatea.

Hala ere, erakundeak uste du testuak oraindik ere ez dituela nahiko neurri zehazten 2022ko martxoan onartu zen hezkuntzaren eraldaketarako oinarrien akordioa betetzen dela bermatzeko. Eta, defendatu duenez, akordio hori izan behar du oinarrian legeak. Legebiltzarraren %91ren babesa izan zuen, hain zuzen, itunak, eta funtsezko ardatzetako bat eskola segregazioaren aurkako borroka du.

«Lege proiektuaren printzipio eta asmoekin batera, ez da ezarri neurri zehatzik horiek modu eraginkorrean gauzatu daitezen eta legea itunaren mailara irits dadin hainbat arlotan, hala nola kontzertuen erregimenean, baliabideen esleipenean edo segregaziorik gabeko onarpenean. Tresnen eta administrazioari zuzendutako aginduen esparru argi, koherente eta sendo bat finkatuko duen testu bat behar dugu», ondorioztatu du Alvaro Ferrer Save the Childreneko hezkuntza parekidetasuneko adituak.

Hobetzeko aukerak

Save de Childrenek hobetzeko hamar puntu proposatu dizkie Legebiltzarreko alderdi guztiei. Lehena, itunpeko ikastetxeak gizarte interesekotzat hartzeko eta Hezkuntza Zerbitzu Publikoan sartzeko baldintza zehatz eta egiaztagarriak definitzea, eta trantsiziorako epe bat ezartzea, une honetan itunpekoak diren ikastetxeak sistema horretan sartzeko.

Bigarrena, hezkuntza konplexutasunaren indizea (HKI) ikastetxeei baliabideak bereizita esleitzeko bideekin lotzea, behar sozialen arabera, Lege Organikoak eta Legebiltzarraren akordioak zehazten dutenaren ildotik; eta, aldi berean, konplexutasun handiko ikastetxeen egoera hobetzeko eta zuzentzeko proiektu integraletarako programa kontratuekin lotzea.

Beste puntu batean, zaurgarritasun sozioekonomikoko egoeran dauden ikasleen definizio eguneratu eta gardena txertatzea planteatzen da, eskolatze prozesuei eta baliabideen esleipenari begira horiek errazago identifikatu ahal izateko.

Nahitaezko agindu bat ezartzea ere proposatzen du Save the Childrenek, sailak eskolatze bulegoak sortu ditzan, udalen inplikazioa borondatezkoa izan arren. Ez dute uste udalen inplikazioak espazioak lagatzera mugatu behar duenik, harago joan daitezke.