NAIZ

Etxebizitzaren Legearen mugak kritikatu dituzte Etxebizitza Sindikatuen Sarearen aurkezpenean

Etxebizitza Sindikatuen Sarea aurkeztu dute ostiral honetan AZETek, Batu Elkarlaguntza Sareak, Saretxek, Haritu Elkarlaguntza Sareak, Galdakaoko Elkarlaguntza Sareak eta Gasteizko Auzoan Bizik. Arabako hiriburuan egindako agerraldian Etxebizitza Legearen mugak salatu dituzte.

Gasteizen egindako agerraldia.
Gasteizen egindako agerraldia. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

AZETek, Batu Elkarlaguntza Sareak, Saretxek, Haritu Elkarlaguntza Sareak, Galdakaoko Elkarlaguntza Sareak eta Gasteizko Auzoan Bizik Hego Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuen Sarea aurkeztu dute Gasteizen ostiral honetan.

Espainiako Estatuko Kongresuan onartu berri den Etxebizitza Legearen mugak kritikatu dituzte. Izan ere, diotenez, PSOE, Unidas Podemos, ERC eta EH Bilduk adostutako lege berriak «funtsik gabeko propaganda» da.

«Hitz gutxitan esanda, etxebizitza Lege honek, ‘etxebizitza eskubidea bermatzearen’ aldarri elektoralistetaik urrun, helburu argia du: langile klasea pobretzen jarraitzea, klase jabedunaren etekinak bermatuko dituen bitartean», adierazi dute.

Diotenez, «kontraesan agerikoena ‘alokairuen erregularizazioan’ aurki dezakegu. Urteak dira arazo hau arintzeko eta espekulazioa mugatzeko, alokairuari sabaia jartzea proposatzen gabiltzala sindikatu eta mugimendu sozial ezberdinetatik. Legeak, ordea, ez du horrelako ezer egingo, alokairuen prezioen igoerari sabaia jartzen baitie soilik. Beraz, alokairuen prezioek igotzen jarraituko dute, baina modu ‘kontrolatuan’».

«Hau guztia, langile klasearen soldata erreala maldan behera doan krisi kapitalista fase baten baitan, gehiengoarentzat etxebizitza eskuratzea are nekezagoa izatea eragingo duena hain zuzen ere. Gainera, salbuespenak egongo dira, jabeek espekulatzen eta tranpak egiten jarraitzeko aukerak ahalbidetuz, ‘berritze-lanak’ egin direla adieraziz, alokairua %10ean igo daiteke, esate baterako», gaineratu dute.

Eta «‘turismoaren industriaren’ negozioa aipatu ez izana» kritikatu dute, «etxebizitzaren espekulazioaren eta desjabetzaren eragile nagusietako bat, zalantzarik gabe».

«Testua ‘tentsio guneen’ eta ‘tentsiorik gabekoen’ arteko desberdintasunez ari da behin eta berriro, hau da, espekulazioaren ondorioz, etxebizitza merkatua ‘kontrolik gabe’ dabiltzan guneak, eta ez da inongo neurririk hartzen auzo hauetan ‘kontrol eza’ eta ‘tentsioa’ eragiten duen sektorearen aurrean: hotelen, pisu turistikoen, AirBnb-en, aldi baterako alokairuen eta abarren bitartez, gure auzoak gentrifikatzen zein turistifikatzen eta auzokideak kanporatzen ari den turismoaren industria alegia», esan dute.

Borrokan jarraituko dute

Halaber, legeak bere baitan «ezkutatzen dituen errealitateak» azpimarratu dituzte, «gaur gaurkoz etxebizitza arazoak pairatzen ditugunon gehiengoari muzin egiten baitio Lege honek».

«Lege honek ez du inongo eraginik izango jabeek maizterrongan dituzten botere harremanetan eta indarkeria hauek guztiak bere horretan mantenduko ditu: hots, ikusezinak are ikusezinago izango dira eta ahotsik gabeen ahotsak oraindik eta gehiago isilaraziko ditu hauteskunde-propagandaren ondorioz», ohartarazi dute, eta «borrokan jarraitzeko» asmo irmoa erakutsi dute.

«Isolatuta nahi gaituzte, ezjakin eta desarmatuta, baina honek ez dauka atzera bueltarik. Desjabetuon behar materialak asetzen jarraituko dugu, amorruan antolatzen eta herri boterea erakitzen. Etxebiziztaren aldeko borroka desjabetuon lubaki bihurtzera goaz, tokian-tokiko borroketatik, borroka komunetarako bidea elikatuz», amaitu dute.