Iraitz Mateo

Nahia, etorkizuneko Euskal Herriari hitz egiteko

Euskal Herriko politikagintzan ez da maskotarik ikusi izan. Kirolaren munduan ohikoak dira, baina esparru honetan ez. Nahia etorri da orain, herritarren desira eta kezkak entzun eta etorkizuneko Euskal Herria irudikatzeko; EH Bilduren maskota da.

Nahia, Iruñeko Aberri Egunean.
Nahia, Iruñeko Aberri Egunean. (NAIZ)

«Maskota: zorigaitzak uxatzeko edota zorte ona erakartzeko bertutea esleitzen zaion pertsona, animalia edo gauza. Zenbait ekitaldiren- olinpiada edota erakusketak esate baterako- ezaugarriak jasotzen dituen irudi edo objektua da», hiztegiak esanahi hori ematen dio hitzari.

Joku Olinpikoetako maskotak izango dira ezagunenak ziurrenik. Kirol taldeek ere badituzte bereak, geroz eta gutxiago direla esaten duten arren. Baina euskal politikagintzan inoiz gutxi erabili izan dira maskotak erreferentzialtasuna lortu eta herritarren atxikimendua lortzeko.

Amerikako Estatu Batuetan ordea, ohikoagoa da alderdien erreferentzia maskotak izatea. XIX. mendean hasi ziren politikagintzan maskotak erabiltzen, Thomas Nast karikaturagilearen eskutik. Harpers´s Magazine aldizkarian egindako tiren ondorioz bereganatu zituzten maskotak. «Satira moduan hasi ziren, baina egun, harrotasuna adierazten dute», azaltzen dute, eta iruditegi kolektiboaren parte bilakatu dira jada. Alderdi Demokrataren asto urdina, eta Alderdi Drrepublikarraren elefante gorria dira Estatu Batuetako politikagintzako maskotarik ezagunenak. Eta bertakoen arabera, jada Santa Claus bezain ezagunak eta identifikagarriak dira maskota horiek.

Alderdi adina sinbolo sortu izan diren arren, Euskal Herrian horrelako maskotarik ez da ikusi orain artean. Baina bi metro eta erdiko, eta gorputz zuri handiko panpina bat agertu zen Aberri Egunean Iruñeko Gaztelu plazan. Ingurukoen arreta piztu zuen, selfie askoren protagonista izan zen, eta eskuan zeramatzan puxikei erreparatu behar zitzaien nondik zetorren jakiteko.



Nahia du izena eta EH Bilduk maiatzaren 28rako erditu duen maskota berria da. Haur txiki bat da, eta etorkizuna irudikatu nahi dute horrekin: «Nahia, gure ondorengoa da, etorkizuna irudikatzen du gaur». Eta hori da panpinarekin lortu nahi dutena, etorkizuna irudikatzea, eta etorkizun hori gaurdainik borrokatzeko beharra azpimarratzea. Komiki baten bidez kontatzen du nor den «herriz herri jendearen gogoak biltzen nabil, denak metatzeko guztiona den amets batean, borroka bakar batean».

EH Bilduk zabaltzeko behar dituen bozkatzaile potentzialen taldea 35-45 urteko gurasoen artean kokatzen da oro har, eta eremu horri egiten dio panpinak interpelazio zuzena. Haur txiki bat da Nahia eta galdera bat du: «Nolako herria nahi zenuke zure seme alabentzat? Nolako herria nahi duzu egun gu bezalako haurrak direnentzat?». Nahiarekin batera handituko dira 2020.hamarkadan jaiotako haurrak, eta beraiekin batera aldatuko den etorkizuneko Euskal Herria irudikatzen jarriko ditu panpinak.

Esperantzari eta anbizioari dei egin nahi dio maskotak. Aldaketen eta aukeren garaian, arriskatua izan ohi da esperimentazioa, baina maskota funtzioa beteko duen panpina sortu du EH Bilduk, aukerak zabaltzeko, herritarrengana gehiago hurbiltzeko asmoz. Ohiko hauteskunde kanpaina «konbentzionalaren osagarri» izango da, eta ikuspegi «popularragoa» izango du. Apirilaren 8ko harrera ikusita, jendearen arreta zein emozioak piztuko dituenaren aurreikuspena dute egileek.

«Nahiaren bira»

Hauteskunde kanpainan ohikoak dira hautagaien agendak eta ekitaldiak. Aurtengoan, Nahiak ere izango du bere agenda propioa, eta Euskal Herriko herri, auzo eta hiriak bisitatuko ditu. Ekitaldi nagusiak baino lehen ibiliko da Nahia herrian zehar eta ondoren, bere «txoko» propioa izango du.

Herritar bakoitzak bere «nahia» idatziko du txarteltxo batean, eta Nahiaren komikia eta puxika eramango ditu trukean, bere desira herri osoan zehar zabaldu ahal izateko. Eta horrela, beste bide bat irekiko du EH Bilduk herritarren kezka eta nahiak jasotzeko. Etorkizuneko Euskal Herria irudikatu eta gaurdanik lanean jartzeko elementuak bilduko ditu panpinak, etorkizunari hitz egingo dio orainetik.