NAIZ

Soldatak hobetzeko batu dira Lasarteko Michelineko sindikatuak eta lau greba egun deitu dituzte

Lasarteko Michelineko enpresa batzordea osatzen duten sindikatuek (LAB, CCOO, UGT, ELA eta CSI) gutxieneko akordio bat lortu dute, zuzendaritzarekin negoziatzen ari diren hitzarmen kolektiboak soldata igoerak jaso ditzan borrokatzeko. Lau greba egun deitu dituzte, bi ekainean eta beste bi uztailean.

Lasarte-Oriako Michelinen planta.
Lasarte-Oriako Michelinen planta. (Jon URBE | FOKU)

Lasarte-Oriako Michelineko enpresa batzordea osatzen duten sindikatuek lau greba egun deitu dituzte ekainean eta uztailean, zuzendaritzari presio egiteko hitzarmen kolektiboan langileen soldatetan hobekuntzak jaso ditzan.

Enpresako hitzarmen kolektiboa negoziatzen ari dira Lasarte-Oriako Michelinen, eta negoziazio mahaian defendatuko dituzten puntuak adostu dituzte LAB, CCOO, UGT, ELA eta CSI sindikatuek. «Gutxieneko akordio» horrekin soldatan hobekuntzak eskatu asmo dituzte, besteak beste, egungo inflazioarekin lotzea eta igoera orokor bat, langileek galdutako eros-ahalmena berreskuratzeko.

Datorren maiatzaren 11n, ostegunarekin, bilduko da berriz hitzarmenaren negoziazio mahaia, eta enpresako zuzendaritza soldatak hobetzeko konpromisoa hartzera bultzatzeko asmoz, mobilizazio egutegi bat adostuko dute sindikatuek. Ohar batean azaldu dutenez, lehenengo pausoak zehaztu dituzte jada: uztailaren 10ean eta 11n, nahiz ekainaren 5ean eta 19an, grebara eta mobilizaziora deitu dute.

Bestalde, LABek igorritako oharrean azaldu duenez, negoziazio mahaian lor daitezkeen akordio horiek langileek berretsiko dituzte erreferendum loteslearen bidez.