Kazetaria / Periodista

Fermin Leizaola, ondarea zaindu jendartea aberasteko

Leizaola Euskal Herriko etnografia aditua da. Gipuzkoako Aldundiko Gordailuaren esku utzi du bere ondarea: artzain eta baserritarren milaka pieza. Dohaintza baldintza batekin egin du: gazteak formatzeko konpromisoa. Horretan ari dira Maite Errarte eta Suberri Matelo, Leizaolaren ondarearen jagoleak.

Fermin Leizaolak 4.500 objektu baino gehiago bildu ditu antropologian egin duen bidean.
Fermin Leizaolak 4.500 objektu baino gehiago bildu ditu antropologian egin duen bidean. (Gorka Rubio | Foku)

Entziklopedia ibiltari bat da Fermin Leizaola etnografoa (Donostia, 1943). Etnografoa diogu, baina ez da hala izan ogibidez. Leizaola aztertzaile kimikoa da ikasketaz, eraikuntza materialetako analisian espezializatua. «Hori izan da nire ogibidea 26 urtez». Porlan eta galipotaren erresistentzia probak egiten zituen, hodien erresistentzia aztertu eta beste. «Intxaurrondo auzoko lur mugimendu guztien baimena neuk eman nuen, baita Oiartzungo garai bateko Mammut eta Pryca supermerkatu ezagunetako lur sailetakoa ere».

Lanak bukatuta Aranzadi elkartean ematen zituen aisia ordu asko. «Espeleologia gustuko nuela esan nien, baina lehen aldiz joan nintzenean departamentu hark jarduerarik ez zuela esan zidaten». Aire librean aritzen zen beharrean, eta horrek eraman omen zuen etnografian murgiltzera. «Arratseko zazpiak arte egiten nuen beharra, eta gero Aranzadira joaten nintzen, gauzak egitera. Asteburuetan, mendira irteerak, han zeuden baserritarrei, egurra mozten ari zirenei, ikazkinei eta artzainei leize zulo, koba, putzu edo iturriak non zeuden galdetzera. Ehunka txabolatan sartzen nintzen informazio eske».

Leizaolak dena ulertzen du euskaraz, baina hitz egiten ondo ez dela moldatzen aitortzen du. Beharko ulertu euskara; izan ere, «bestela ezingo bainuke informatzaile horiekin guztiekin hitz egin. Haietako askok erdara nik euskara bezala hitz egiten zuten: gaizki». Gaztetan mendira bizikletan joaten zela gogoratzen du Leizaolak: «Ordiziara trenean, handik Ataunera bizikletan eta gero Aralarrera oinez. Bukatutakoan buelta berriz». Ezkondu zenean autoa erosi zuen, eta hara eta hona jarraitu zuen, testigantzak biltzen, artzain eta baserritarrei erabiltzen ez zituzten trasteak eskatzen. «Txaboletan bizi zirenek beti eskaintzen zidaten ardo tragoxka bat, edo janari mokadu bat. Gorbeian, Aizkorrin, Altzanian, Andian, Entzian, Urbasan… Lagun handiak egin nituen, harrera bikaina egiten zidaten denek», gogoratu du Leizaolak.

Mila anekdota ditu: «Artzainei zeuzkaten objektuen argazkiak eta informazioa eskatzen nizkien. Neurketak egin metroarekin, oso zehatzak, eta artzainek pentsatzen zuten Udal edo Aldundiko langileren bat nintzela, haiek egindako arau hausteren bat frogatu eta isunen bat jartzeko intentzioa zuena. Kostata ulertzen zuten zertara joaten nintzen, ni han borondatez aritzen bainintzen, musutruk, motibazio ekonomikorik gabe».

Baserritar bati dozena bat oilo akabatu zizkion lepazuriaren pasadizoa dakar solasaldira: «Akabatu zuen tranpa bat jarrita, eta bota zuen nonbait. Esan nion burua moztu eta lurperatzeko. Hala egin zuen, eta bizpahiru urtera burua hartu nuen». Txabolen argazkiak ere egiten zituen, eta jabeei erakutsi ondoren. «Artzainak ez ziren jabetzen argazkiko etxea bere txabola zela. Ez baitzuten inoiz euren txabola folio erdiko argazki batean ikusi. ‘Ederra!’, esaten zuten, baina ez zekiten euren txabola zenik». Leizaolak milioi bar argazkiko ondarea dauka formatu ezberdinetan. Milioi bat!!!

Argazki kopurua ikusgarria da, baina mende erdian bildutako pieza kopurua ere ez da eskasa: 4.500 inguru, zenbaketa zehatza bukatu gabe baitago oraindik. Horietatik asko, gehienak, Aranzadi elkarteak Donostiako Bidebieta auzoan duen laborategian gorde dira oraingoz. Urdiaingo baserri txiki batean gordetzen zituen aurretik Leizaolak, Nafarroako Sakana bailaran: «Urdiain herri euskalduna delako aukeratu nuen, baita mendi gune askotatik oso gertu dagoelako ere».

Leizaolak ibilbide oparoa egin du antropologian. Gorka RUBIO | FOKU

Artzaintzaren bilakaeraren lekukoa

Inor ez Leizaola baino hobe, artzaintzak izan duen bilakaeraz mintzatzeko. Egun hainbat gazte artzaintzara bueltatzen ari dira, artzain eskolak ere badaude, «baina artzaintza inoiz ez da itzuliko nik mende erdi atzera ezagututakora. Orain artzainak orotariko autoarekin jaisten dira egunero ogiaren bila, hamar kilometroko pista zatar batean, Oltzatik Araiara, Aizkorri-Aratz eremuan». Egun artzainak txabolan denbora gutxi egiten duela dio Leizaolak. «Txabolak bisitatzen hasi nintzenean, 1960. urtean edo, artzainak 15 egun egiten zituen zibilizaziora jaitsi gabe, eta lana egin lodi: goizean goiz jaiki, zerbait gosaldu eta ardiak jetzi. Ondoren goi larretara eramaten zuen artaldea, eta txabolako gauzak eta gaztak egin. Arratsean berriro ere mendian gora joaten zen, ardien bila, askotan 1.200 metroraino igota. Txabolara jaitsi, artaldea antolatu, jetzi, afaldu eta lotara. Egun guztian lanean, maiatzetik azarora, eguraldia txarra izanda ere».

Leizaolak xehetasun bitxia gogoan du ardiak jezteko moduaz: «Arreta handia ematen zidan artzainek ardiak pikoxka jezten zituztela ikusteak, lotu edo eseri gabe. Horrek neke ikaragarria eragiten du; probatu nahi duena azkar jabetuko da. Nik bertako artzainak bakarrik ikusi ditut pikoxka jezten. Jugoslavian, Italian, Sardinian, Frantziako Pirinio eta Alpeetan, Norvegian ibilia naiz, eta han eserita eta lotuta jezten dituzte ardiak. Hemen ez».

Leizaolak harreman estua izan zuen Joxemiel Barandiaran zenarekin, 35 urtez, eta hark esandakoa gogoratu du: «Ni gaztea nintzenean, XX. mende hasieran, 1905ean edo, baserri aberatsa zen 100 ardiko artaldea zuena».

Leizaolak segida eman dio Barandiaranen gogoetari. «Egun 450-500 ardiko artalderik ez baduzu, ezin duzu bizi. Zergatik? Bizimodua aldatu delako. Joan den mendeko artzain gehienak mutilzaharrak ziren. Egun ezkonduta daude, eta seme-alabak dituzte. Batek iPad-a behar du, besteak sakelakoa. Lehen ez zeuden behar horiek. Egun dauden osasun neurriekin egin behar den inbertsioa oso serioa da, eta ez da erraza gazteak artzaintzan murgiltzea. Lehen lau gazta ekoizten ziren goizean, beste lau arratsean. Egun askoz gehiago ekoizten dira, jezte sistema elektronikoa delako. Niretzat iraganeko artzaina eta gaurkoa bi ogibide ezberdin dira. Egun dena, edo ia dena, mekanizatua dago».

Errarte, Matelo eta Leizaola, elkarlan betean. Gorka RUBIO | FOKU

Dohaintza Gordailu Zentroari

Leizaola beldur zen urtetan bildutako ondarea ez ote zen alferrik galduko, baina hori saihesteko bidea topatu zuen. «Daukadan material ia guztia Foru Aldundiko Gordailu Zentroari, Gipuzkoako Ondare Zentroari, ematea erabaki nuen, baina asmo jakin batzuen truke». Zeintzuk, bada? «Suberri Matelo eta Maite Errarte gazteak formatzea, eta haiek, era berean, etor daitezkeen ikasleak formatzea».

Matelo eta Errarte begiko ditu Leizaolak: «Langile apartak dira. Ez da erraza euren determinazioa duten gazteak bilatzea. Nik esan gabe ere beraiek badakite langile onak direla. Niretzat atseden handia da beraiek bezalako bi gazterekin elkarlanean aritzea. Norbaitek nire ondarea zaindu, gorde, partekatuko duela jakiteak lasaitasun handia ematen dit. Nire diru guztia ikerketa lanera bideratu dut, eta lan hori guztia alferrik gal zitekeela pentsatzeak amorratu egiten ninduen».

Suberri eta Maite, ondarearen jagole

Oiartzuarra da Suberri Matelo (30 urte), eta beasaindarra, Maite Errarte (28 urte). Historia ikasi zuten biek Gasteizen. Museoetara joatea zuten gustuko, «gizakiek egindako trasteek gizartea nolakoa zen erakusten baitute», azaldu du Matelok. Alor hori ikertzen duen diziplina arkeologia da, eta horrela ezagutu zuten Aranzadi, Amaiur gazteluko indusketan boluntario gisa ari zirela. «Halako batean, Aldundiko Gordailu Zentroan Etnografian formatzeko beka bat sortu zen. Ideia handirik gabe izena eman nuen, eta beka jaso nuen. Orduan ezagutu nuen Fermin. Harreman estua egin genuen, eta etnografia departamenduan sartu ninduen, boluntario gisa. Maitek beka bera lortu zuen bi urte geroago, eta Maite, Fermin eta hiruron artean halako talde giro bikaina sortu zen».

Leizaolak Aldundiarekin hitz egin zuen, eta Aranzadik etnografia arlo bat ireki nahi zuela jakinarazi zien, bere lanari halako segida bat emateko. Aldundiak jarrera ona zeukala ikusi zuen Leizaolak, eta bere ondare guztia hari dohaintzan emateko une aproposa zela erabaki zuen, «betiere Maitek eta biok Aranzadiren bitartez ondare hori zaindu eta dokumentatzen bagenuen». Matelok dioenez, «Ferminen betiko kezka bere ondare guztia nork prozesatuko zuen izan da, besterik gabe Aldundiari edo Aranzadiri ematen bazion, lan horrek segidarik ez izateko arriskua sumatzen baitzuen. Azaldu ginen, eta orduan sortu zen egoera egokia, Ferminek bere ondarea dohaintzan eman zezan». Espazio bat ere lortu zuten, Bidebietako Laborategia, Aranzadik Zorroagan daukan eraikinean ez dagoelako lekurik.

Leizaolak Urdiainen daukan baserriko objektu guztien trasladoarekin hasi ziren: «5.000 objektu pasa. 2019ko irailean hasi ginen, 2020ko otsailera arte edo. Hara joan, furgoneta kargatu eta hona ekarri. Lan handia izan zen, baina Maite eta biok txundituta geratzen ginen Ferminek zeukan memoria ikaragarriarekin. Dena gogoratzen zuen: ‘Hau hemen erosi nuen, beste hau hemendik hartu nuen…’. Dena dokumentatuta dauka datu mordoarekin». Pieza horiek dokumentaziorik gabe baliorik ez dutela dio Suberrik, eta lan horrekin zer helburu duten azaldu du: «Gure asmoa Fermin Leizaolak hamarkadetan egin duen lan itzelari erremate duina ematea da».

Objektuak ekarri zituzten Urdiaindik, eta piezak txukuntzen hasi. Azkar jabetu ziren laguntza beharko zutela: «Dirurik ez genuen, ordea, eta boluntarioak bilatzen hasi ginen, jende gaztea. Antropologia fakultatera jo genuen eta kultura materiala jorratzen ez zutela ohartu, praktikak eskaintzeko. 5-6 ikasleko lan taldea lortu genuen, lau hilabetez». Leizaola bera ikasleei hitzalditxoak ematen hasi zen: artzaintzari buruz, nekazarien egutegia, suaren garrantzia… Bidebietan hitzaldi horiek grabatzeko ekipamendua prestatu zuten, ondare moduan gordetzeko.

Urtero egiten dituzte praktikak orain, eta txanda bakoitzean 1.000 bat pieza prozesatzen dituzte: argazkiak atera, etiketak jarri, garbitu, bernizatu, fitxa bat egin, haien erabilera zehaztu eta azkenik, dohaintza egin Gordailu zentroan. «Urtean behin eramaten ditugu piezak Gordailu Zentrora. Dagoeneko 2.000 pieza inguru eraman ditugu».

Sosak lortzeko beste hainbat proiektu

Leizaolaren ondare kudeaketarekin urte erdiko soldata osatzen dute Matelok eta Errartek, eta beste urte erdia osatzeko hainbat proiektu garatzen dituzte Aranzadi elkarteko laborategian. Leizaolaren ondareko pieza horiei beste erabilera batzuk ematen dizkiete: «Liburuak argitaratu, udalen eskaerei erantzun erakusketak antolatzen…». Bikotea arduratzen da erakusketaren antolaketa osoaz: bitrinak, piezak, pintatu, dokumentazioa… «Ondarea jendarteratzen hasi gara pixkanaka. Hamar bat proiektu ditugu martxan, eta horiek ematen dizkiguten sosei esker urte erdiko soldata bi lortzen ditugu. Egin dugun azkenetakoa Eskoriatzan izan da; Brontze Aroko urrezko ontzi batzuk aurkitu zituztela-eta erakusketa egin nahi zuten».

Oso gustura daude momentuz. Urtarriletik uda arte erakusketa arloarekin aritzen dira, udan indusketen eremuan murgiltzen dira, logistika arloan, eta azken hiruhilekoan, ikasleak eta praktikak. Gipuzkoa eta Nafarroan aritzen dira, «azkenaldian Nafarroan batez ere». Frikiak direla aitortu du Matelok, «zentzu onean ulertuta». Lagunek sarri galdetzen omen diete zer ote den haien ogibidea. Hauxe, erantzuna: «Museo batera joan eta piezak ikusten dituzunean, pieza horiek ikusteko atzetik dagoen prozesu guztia garatzea. Ikusten ez den lana da egunerokoan egiten duguna. Ondarearen inguruko gestioa. Batzuetan kaleko arroparekin, eta besteetan txandalarekin, piezak garbitzen edo pintatzen. Etnografia jendearengana hurbiltzen saiatzen gara».

Azken hilabeteetan laia lan tresnarekin kolaborazio plangintza egin dute Bidebietan dagoen bitxigintza ikastetxearekin. «Proposatu genien laiarekin halako bitxiak osatzea eta horretan ari gara. Proiektu txikiak, gizartea jabetzeko», dio harro Matelok.

Esan dugu Leizaolarentzat Suberri Matelo eta Maite Errarte harribitxiak direla. Zer ote da Leizaola bi gazteentzat? «Tutorea, mentorea, funtsean lagun mina. Asko ikasten da berarekin, errespetuz beti. Esan nahi dut, azalpenak errepika ditzake, baina entzun egiten dugu, hainbeste dakien pertsona bati hitz egiten eta erakusten utzi behar zaiolako. Ferminekin bost master egin ditudala esaten dut beti: artzaintzakoa, mendira nola joan, nola ikasi…».

Leizaolak interesa duten pertsonak modu berezian definitzen omen ditu: «’Adi’ edo ‘piztu’ esaten die dakiten pertsonei. Gu ‘adi’ gara berarentzat. Gauzak egin behar dituela esan behar ez zaion jendea, bere kabuz egiten dituelako. Baliabideak dituen jendea, saltseroa. Fermin ‘adi’ da. Nola jokatu erakutsi digu, eta hori ordainezina da. Eminentzia bat da. Bera gustura badago, gu ere bai. Askotan, goizean etortzen denean, zer moduz dagoen galdetzen diogu, eta ‘bada, hainbestean’ esaten digu. Eguerdian, berarekin ordu batzuk eman eta zer moduz galdetu, eta bizi berrituta joaten da etxera».

Etxera, eta mendira, asteburuetan. 80 urteko mugan egonda ere mendi irteerak egiten jarraitzen duelako Fermin Leizaolak: «Hori bai, aldaparik igo gabe, dagoeneko».