NAIZ

Oñati da energia fotovoltaikoaren alde gehien egiten duen udalerria; Bilbo, okerrenen artean

Oñati da plaka fotovoltaikoak jartzeko diru-laguntza gehien eskeintzen duen udalerria Estatu osoan, ikerketa baten arabera. Aldiz, diru-laguntza eskasenak eskaintzen dituzten udalerrien zerrendan Bilbo azaltzen da.

Energia fotovoltaikoa ekoizteko panelak.
Energia fotovoltaikoa ekoizteko panelak. (Jon URBE | FOKU)

Estatu espainolean energia fotovoltaikoa jartzeko 10.000 biztanle baino gehiago dituzten udalek ematen dituzten diru-laguntzak aztertu dituzte Otovo enpresak eta Fundacion Renovables taldeak, maiatzaren 28ko udal eta foru hauteskundeen karira egindako ikerketan. 

Jakitera eman duen sailkapenean, Oñati da Estatu osoan energia fotovoltaikoa paratzeko diru-laguntza handienak ematen dituen udalerria.

Horrela, Oñatin plaka fotovoltaikoa jartzen dutenek Higiezinen Gaineko Zergan %25 eta %50eko hobaria dute datozen 30 urteetan. Betiere, hobari hori ezingo da izan 3.000 eurotik gorakoa edo inbertsioaren erdia baino handiagoa. Honekin batera, obren zergan %90eko hobaria ere eskaintzen du Oñatiko Udalak.

Energia fotovoltaikoagatik diru-laguntza gehien ematen dituen udalen artean Arrasate ere kokatzen da, Higiezinen Gaieneko Zergan %50eko hobaria eskaintzen baitu hamar urterako (inbertsioaren erdiaren mugarekin) eta obren zergan %70eko beherapena ezarri baitu. 

Bilbo, okerrenen artean

Diru-laguntza gutxien eskaintzen dituzten udalerriak ere aipatzen ditu txostenak. Eta hemen Bilbo nabarmentzen da. Izan ere, Estatu guzian diru-laguntza eskasenak ematen dituen udalerrien zerrendan ageri da. Zehazki, higiezinen zergaren %10eko hobaria baino ez du eskaintzen, soilik hiru urterako. Obren zergan beherapena ere urriagoa da: %60koa.

Diru-laguntza eskasak ematen dituzten udalerrien zerrendan Zumaia ere azaltzen da. Higiezinen zergaren %30 eskaintzen du urtebetez eta obren zergen %95.

Herritarren eskaera beren ordezkariei

Iñigo Amoribieta, Espainia, Portugal eta Erresuma Batuko Otovoko zuzendariak adierazi duenez, maiatzaren 28ko udal hauteskundeei begira, herritarrek aukera dute beren ordezkariei autokontsumoa bultzatzeko eskatzeko, zerga abantaila gehiago eskainiz.