Ion Garate
Entrevista
Aitor Elordi
Aspeko pilotaria

«Txapeldun handiek, asmatzea tokatzen denean asmatzen dute; hor jartzen dute aldea»

Aitor Elordi (Berriatua, 1996) ez da «modako pilotaria», baina bai azken urte honetan gorantz gehien egin duena, nahiz eta helburu finkorik gabe abiatu. Elitean sartu da zalantzarik gabe, baina elite horretan finkatzeko Bilboko Bizkaia pilotalekuan azterketa oso serioa dauka: egungo txapelduna.

Audio_placeholder

Aitor Elordi: «Txapeldun handiek asmatzea tokatzen denean asmatzen dute; hor jartzen dute aldea»

Loading player...
Irribarretsu berdin Elordi zein Unai Laso, material aukeraketan.
Irribarretsu berdin Elordi zein Unai Laso, material aukeraketan. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Mallabiko aurrelaria –Berriatuan jaio arren– pilota munduko albiste pozgarrienetarikoa ari da izaten aurten, berdin dio Lau eta Erdikoan, binaka edota buruz buru frontoi osoan. Txapela ere eraman du Zabaletarekin batera Binakako Txapelketan, eta «kaiola» barruan hirugarren amaitu zuen, bidean Jokin Altuna baino ez zitzaiolarik gurutzatu.

Buruz Buruko Txapelketako finalerdiak ere bertan ditu aurrelari bizkaitarrak, nahiz eta horretarako egungo txapeldun den Unai Lasoren aurka 22ra nahitaez iritsi beharko duen ostiral honetan Bilboko Bizkaia pilotalekuan. Lan txarrak itxura baten Mallabiko jokalariarentzat, baina kontuan izan behar da Lasok berak ere ez duela kale egiteko tarterik, biek ala biek Danel Elezkanori irabazi eta Altuna III.aren aurka galdu ostean. Horrez gain, Elordik benetan estu hartu zuen Altuna Astelenan, 22ra iritsi ez bazen ere. Bada, pronostikoa zabal zabalik dago partida jokatu bezperetan.

Hil ala biziko partida jokatu behar duzu datorren ostiralean Lasoren aurka, finalerdietarako txartela jokoan. Gogotsu edo, nola zaude?

Oso gogotsu, bai! Azkenean, txapelketa honetan inongo helburu barik sartu nintzen, azken momentuko ezusteko baten ondorioz. Partidaz partida joan naiz eta konturatzen joan naiz ere uste baino maila hobea ematen ari naizela. Neurketetan ahalik eta gerra gehien ematen ahalegindu naiz eta gauzak ondo ari dira ateratzen.

Orain, berriz, finalerdietatik partida bakarrera gaude, eta beraz, partida oso zaila izango da, azken txapeldunaren kontra izango delako. Baina gurea emateko bai bagara; aurreko partidetako maila bera ematen badugu, ziur nago aukerak izango direla.

Bi partida oso on jokatzetik zatoz, nahiz eta azkena Altunaren aurka galdu. Hortxe izan zenuen garaipena ere! Pena, ezta?

Bai... pena. Baina azkenean txapeldun handiek hor markatzen dute aldea. Asmatzea tokatzen den une horietan asmatu egiten dute momentuan. Bai, pena handia eman zidan, baina era berean, uste dut gauza on asko ikusi zirela nire aldetik eta horrekin geratu behar dudala.

Galdu arren, txapelketa oso ona jokatzen ari zara. Kanpotik ikusita behintzat, hala dirudi. Horrek lagunduko al du datorren hitzorduari begira?

Bai... Azkenean, Jokinen [Altuna] aurka halako partida ona egiteak beti ematen dizu konfiantza puntu hori, batez ere zeure buruarekiko. Nik uste profesionaletan Jokin dela gaur egun pilotaririk onena; onentsuena bai behintzat. Halako pilotari handi baten aurka horrelako partida egitea eta bera hainbeste estutzeak zeozer esan nahi duela uste dut. Ondorioz, ostiralean nirea emateko gai banaiz, nik uste irabazteko aukerak izango ditudala.

Joko aldetik behintzat, sentsazio onekin, Binakako Txapelketa irabaztetik ere bazatoz, ez dakit zure unerik gozoenean zaudela esango zenukeen...

Bai, hala da! Dena dut lagungarri; adibidez, eskuetatik inongo arazo barik nabil eta horrek guztiak pilotari batentzat asko esan nahi du. Pilotariak kantxan bere jokoa erakutsi ahal izateko inongo oztoporik ez badauka, eta eskuetatik ondo badago, dena errazagoa izaten da. Gero fisikoki eta psikologikoki ere oso ondo aurkitzen naiz eta egia esan, gozatzen ari naiz une hauetan.

Binakakoa irabazi izanak presio gehigarririk suposatu dizu Buruz Burukoari begira, edo lasai zaude?

Egia esanda, lasai nago. Binaka lortu genuen irabaztea eta oso pozik nago alde horretatik, azken batean txapelketa oso luzea da eta hainbeste lan eta gero txapela lortzea ez da batere erraza izaten.

Baina orain beste txapelketa batean nago murgilduta. Ez du esan nahi Binakako txapela ahaztuta daukadanik, baina oraingo txapelketan nago kontzentratuta, eta ez dut presiorik nabaritzen.

Datorren ostiralean Buruz Buruko finalerdietarako txartela jokoan, aurrean Unai Laso izango duzu, egungo txapelduna. Partida erraza ez dela izango, hori jakina da. Nolakoa espero duzu, baina?

Tira... Jokatu aurretik partida guztiak ikusten dira zailak eta gogorrak eta hau ere berdin berdin, gogorra izango da. Nik uste, Unaik azken urteetan aurrerapauso handi bat eman duela eta erakusten ari da onenetako bat dela. Nik uste hiru modalitateetan –Lau eta Erdikoan, Binaka eta pilotaleku osoan Buruz Buru– gaitasun handia duela jokatzeko, baina nik azpimarratuko nuke  Buruz Burukoa bere modalitate gogokoena dela. Oso eroso aurkitzen da, jokatzeko postura oso onak ditu eta sotamanoz eta, bikain doakion modalitatea dela. Beraz, partida oso gogorra aurreikusten dut eta orduan, nire jokorik onena egin beharko dut aukerak eduki ahal izateko.

Gainera, badakigu Laso nola ateratzen den partidetara: elektriko xamar. Ez dakit hor egon daitekeen gakoa... Hasierako takada horri eutsi eta partida gogortzea.

Bera hor saiatzen da aurkaria apurtzen. Oso elektriko irteten da partidetara. Altunaren kontrako partidan ere ikusi genuen hasierako fase horretan nola atera zen eta nire aurka ere intentzio horrekin aterako dela uste dut, oso esplosibo. Nik nire lekuan egoten saiatu behar dut, horretan kontzentratu, momentu baten ere partidatik irten gabe, eta nire mailarik onena ematen ahalegindu.

Aurten atsedenerako tarte handiagoa izaten ari da partida batetik bestera. Alderdi honetatik, iazko edizioa nahiko polemikoa izan zen, arnasgunerik ez dagoelako. Eskertuko da formatu pausatuago hau, ezta?

Bai, bai! Pilotariak asko eskertzen du. Buruz Buruko partida hauek oso exijenteak dira, pilotariaren fisikoa dexente zigortzen du eta partidatik partidara bitartean astebeteko atsedena eskaintzea, asko ari naiz aurten nabaritzen. Errekuperaziorako askoz ere tarte handiagoa dago, horrek partidak askoz hobeto prestatzeko aukera ematen du eta alde horretatik, nik uste enpresek erabaki ona hartu dutela eta asmatu dutela.