Vueltako tropelean bidea ireki dute euskal taldeek, lasterketan presentzia izanda

Espainiako Vueltan parte hartu duten hiru euskal taldeen balorazio positiboa izan da. Laboral Kutxak jaso du uzta oparoena, Kontinental mailan talde onena izan baita; Bizkaia Durangok lortu du zenbait ihesalditan presentzia izatea; eta Sopelak izan du zortzerik txarrena, zenbait eroriko tartean.

Espainiako Vueltako bigarren etapako ihesaldian, Yurani Blanco Laboral Kutxako txirrindularia aurrean, eta Catalina Soto Campos Bizkaia Durangokoa, Blancoren atzean, eskuinean.
Espainiako Vueltako bigarren etapako ihesaldian, Yurani Blanco Laboral Kutxako txirrindularia aurrean, eta Catalina Soto Campos Bizkaia Durangokoa, Blancoren atzean, eskuinean. (GETTY SPORT)

Balorazioa positiboa da, oro har, Vueltan parte hartu duten euskal taldeentzat. Bizkaia Durangoko, Laboral Kutxako eta Sopelako txirrindulariek joan den astean korritu zuten Espainiako itzulia hilaren 1etik 7ra. World Tourreko taldeekin batera aritu ziren lehian, eta lasterketan «presentzia» izatea lortu zuten, zenbait ihesalditan sartuta. Yurani Blanco (Mallorca, 1998) Laboral Kutxako txirrindularia, Catalina Soto (Txile, 2001) Bizkaia Durangokoa eta Nahia Imaz (Altsasu, 2004) Sopelakoa mintzatu dira horren inguruan.

Laboral Kutxa izan da uzta oparoena jaso duena. Kontinental mailan talde onena izan da, eta podiumera birritan igo da saiatuenaren saria jasota. Blancok bigarren etapan lortu zuen saiatuenaren maillota, eta Alba Teruelek, hirugarrenean. Horrez gain, Teruel aurreneko hamarren artean sailkatu zen lehen bi etapetako esprintean, eta Blancok 27. postuan amaitu zuen Covadongako aintziretako azken etapan.

Catalina Soto: «Ni asko hazi naiz, baina emakumeen txirrindularitza ni baino askoz azkarrago hazten ari da, eta urtero moldatzen joan behar zara pelotoira»

«Uste dut esanguratsua dela Kontinental mailan talde onena izatea. Helburu nagusia lehiakorrak izatea zen, eta erdi mailako mendateetan muturra sartu dugu. Batez besteko maila asko igo da aurreko urteetakoarekin alderatuta, eta hori Laboral Kutxak txirrindulariak profesionalizatzeko egin duen apustuaren emaitza da», adierazi du Mallorcako txirrindulariak.

Bizkaia Durangoko taldekideek ere lortu dute «lasterketan presentzia izatea, kalitatezko txirrindulariak direla erakusteko». Hori bai, helburu nagusia ezin izan zuten bete: Daniela Campos sailkapen orokorreko lehen 20-30 postuen artean sartzea, alegia. Camposek eroriko bat izan zuen hirugarren etapan eta Vueltatik erretiratu zen. «Txirrindulari indartsuena zen, eta esperantza handiak genituen harengan sailkapen orokorrari begira», esan du Sotok.

Catalina Soto Bizkaia Durangoko txirrindularia Espainiako Vueltako etapa batean. (Bizkaia Durango)

Euskal taldeen artean, zalantzarik gabe Sopelak izan du zorterik txarrena. Izan ere, taldeko txirrindulari batzuek erretiratu egin behar izan zuten. Horietako bat da Imaz. Bigarren etapan eroriko batekin aski ez, eta hirugarrenean ere jausi egin zen, eta, hala, lasterketa utzi behar izan zuen. «Arantza bat geratzen zait. Erori baino lehen ondo nindoan tropelean eta ezintasuna sentitzen duzu erortzean, baina gertatzen diren gauzak dira», adierazi du tristuraz Altsasuko txirrindulariak.

Erorikoak izan arren, Imazek uste du taldeak lasterketa «ona» egin duela, «kontuan hartuta Sopela Kontinental mailako talde bat dela, eta ez duela talde profesionalen maila bera». Maila horretako lasterketa batean, Sopelako txirrindularien helburu nagusia «esperientzia pilatzea» da, eta hurrengo lasterketei begira «erritmoa hartzea».

Laboral Kutxa eta Bizkaia Durango taldeak, ordea, Sopela baino koska bat gorago daude, eta Vueltarako zuten helburuetako bat ihesaldietan protagonismoa izatea zen. Eta, hain justu, lasterketako bigarren etapako ihesaldian sartu ziren Blanco eta Soto. Horren inguruan, Txileko txirrindulariak adierazi du iaz ikasi zuela zein unetan eratzen den ihesaldi on bat, eta aurten, bere ustez, horiek ondo aukeratu ditu.

Mallorcako txirrindularia «pozik» dago egindakoarekin, eta, atzera begiratuta, ez zuen «pentsatzen orain hemen egongo zenik»: «Jauzia handia da. Duela pare bat urte lasterketa askotan kontrolera iristeko borrokan ari nintzen, itzuli bat bukatzeko borrokan. Orain, berriz, World Tourreko lehen 35 txirrindularien artean sartzeko lehiatzen ari naiz».

Tropelean, «alde handia»

Hirurek bat egiten dute esanez «alde handia» dagoela euren eta tropeleko onenen artean. Besteak beste, Annemiek van Vleuten, Marianne Vos eta Demi Vollering dira txirrindulari onenak. Hala ere, Blancok nabarmendu du «gero eta gertuago» daudela –Laboral Kutxak helburu du 2024rako World Tour mailako taldea izatea–: «Zaila da horrelako aurkariei aurre egitea, haiek bi koska gorago daudelako. Hala ere, erdi mailako mendateetan edota goi mailakoetan, ez gaude World Tourreko onenak diren lehen 15-20 txirrindularien artean, baina bai 30-40 sailkatuen artean, eta hori adierazgarria da».

Batzuen eta besteen artean dauden aldeak beste ikuspegi batetik aztertu ditu Bizkaia Durangoko txirrindulariak eta azpimarratu goi mailako taldeek duten azpiegitura haiena baino «askoz hobea» dela: «Autotik informazio asko jasotzen dute, eroriko bat duzunean ilaran hirugarren autoa izan edo hamaseigarrena izan ez da berdina, eta errekuperazioari dagokionez hotel hobeagoak dituzte. Ez dut esan nahi gure hotelak txarrak direnik, gureak ere oso onak dira, baina lekualdaketak egitean, furgonetan joan edo autoan, diferentea da».

Nahia Imaz: «Arantza bat geratzen zait. Erori baino lehen ondo nindoan tropelean eta ezintasuna sentitzen duzu erortzean»

Horrez gain, Soto ausartu da esatera «Kontinental mailako txirrindulari batzuk aurrerago geratuko liratekeela World Tourreko txirrindularien azpiegitura berberak balituzte».

Orain, zer egin behar da haien mailara iristeko? «Gauzak patxadaz hartu». Imazek adierazi du lehen pausoa litzatekeela «gutxinaka haiekin lehiatzen hastea, eta haien erritmoa hartzea».

Bide beretik, Blancok nabarmendu du «denbora behar» dutela. «Urte hasieratik World Tourreko egutegia korritzen hasi gara: Italian egon ginen, Strade Bianche klasikoan, UAEn... Maila altuko lasterketa horietan asko hobetzen ari gara. Ziurrenik Itzulian hobeto korrituko dugu, eta Italiako Girora joateko aukera badugu, are eta hobeto arituko gara. Eta hori horrela izango da urtez urte».

Aldi berean, Bizkaia Durangoko txirrindulariak azpimarratu du tropelean lau urte egin arren, bera «hazten doan moduan, tropela ere hazten doala» eta urtero «ikasten» joan behar dela. «Lasterketak gero eta azkarragoak dira eta distantzia handiagokoak. Urteetan pilatzen duzun eskarmentuak asko laguntzen du. Ni asko hazi naiz, baina emakumeen txirrindularitza ni baino askoz azkarrago hazten ari da, eta urtero moldatzen joan behar zara pelotoira».

Nahia Imaz Sopelako txirrindularia. (Nahia Imaz)

Soto zein Blanco gustura daude beren taldeetan. Txileko txirrindulariari Bizkaia Durangok eman dio «konfiantza handiena»; bai taldekideek, baita langile taldeak ere. «Egutegia luzea eta zabala da, lasterketa oso onak ditut, eta eskarmentu pilatzeko balio izan dit. Aldi berean, nire herrialdea ordezkatzeko babes osoa eman dit taldeak».

Sotok iaz urte ona egin zuen, besteak beste, Txileko Txapelduna izanda, Espainiako Kopako Balmasedako etapan gailenduta, eta Trofeo Euskalduneko lasterketa irabazita Azpeitian. Etorkizunean World Tourrera egin nahi du jauzi, baina ez da «berehalakoan» izan behar, «ezta hurrengo urtean ere», baizik eta «prest» dagoenean.

Blancorentzat, Laboral Kutxa «lekurik aproposena» da «lehiatzeko, hazteko eta ikasteko». Iaz pausoa eman zuen bere denboraren ehuneko ehuna txirrindularitzari eskaintzeko, eta 2024 urtera arte du kontratua. «Laboral Kutxak emakumezkoen talde babesten du eta horrek etorkizunari ilusioz begiratzeko aukera ematen dizu».

Vollering-Van Vleuten polemika

Polemika askoren iturri izan da Espainiako Vueltako seigarren etapan gertatutakoa. SD Worx taldeak leporatu zion Movistarrekori eraso egin izana Vollering txiza egitera gelditu zenean. Blanco Laboral Kutxako txirrindularia SD Worx taldekoekin batera geratu zen txiza egiten, Soto tropelean zegoen Movistarrekoekin batera, eta Imazek etxetik ikusi zuen gertatutakoa. Bakoitzak bere ikuspuntutik azaldu du nola bizi izan zuen polemika.

Mallorcako txirrindulariak esan du egoera «pixka bat zaila» izan zela. «Tropelak 30-40 segundoko aldea atera zigun, eta Volleringen talde osoa atzetik tiraka hasi zen, Movistar taldeko txirrindulariak harrapatzeko. Egoera apur bat zaila izan zen. Gainera, kontuan hartu behar da emakumeak izanda, nahitaez jaitsi behar dugula bizikletatik txiza egiteko, gizonek ez bezala».

Yurani Blanco Laboral Kutxako txirrindularia Espainiako Vueltako etapa batean, tropelaren aurrean. (Laboral Kutxa)

Txileko txirrindulariak eta Altsasukoak zehatzago jo dute, eta adierazi «halakoak kontrolatu egin behar» direla. «Nik ikusi nituen hiru talde aurrera joaten eta nire taldekideetako batek esan zuen irratitik: «haizea dator». Eskuinera kurba hartu genuenean Movistarrekoak tropel buruan zeuden, eta gero gu geunden. Beste taldeek ere oso prestatuta zuten etapa hori, ez bakarrik Movistarrekoek, gainerakoek ere bazekiten haize gogorra zetorrela tarte horretan. Etapa motza zen, igoeratik oso gertu geunden eta ez dut uste momentu onena zenik txiza egiteko. SD Worx taldeak erakutsi du maila baduela, baina uste dut erabaki hobeak hartu behar direla», adierazi du Sotok.

Era berean, Imazek azpimarratu du ez zela «leku ona gelditzeko»: «Horrelako gauzak gertatu ahal dira. Ez da polita, baina uste dut taldeak hori kontrolatu behar duela».

Itzulian, «etxean bezala»

Imazen antzera, Sotok eta Blancok «etxean bezala» korrituko dute Itzulia, hemengoak izan ez arren. Bihartik hasita igandera arte lehiatuko dira txirrindulariak Arabako, Bizkaiako eta Gipuzkoako errepideetatik barrena. Altsasuko txirrindularia osatuta dago Vueltan izan zuen erorikoa eta gero, beraz, Itzuliak balioko dio «zer mailatan dagoen ikusteko».

Blanco Euskal Herrian hezi da txirrindulari moduan, gazte mailatik. Aurrez Sopelan eta Bizkaia Durangon korritu zuen: «Hemengo lasterketak bereziak dira taldearentzat eta ilusio, anbizio eta gogo gehiagorekin korritzen dugu. Horrek bultzatuko gaitu emaitza on bat lortzera».

Yurani Blanco: «Duela pare bat urte lasterketa askotan kontrolera iristeko borrokan ari nintzen. [...] Orain, World Tourreko lehen 35 txirrindularien artean sartzeko lehiatzen ari naiz»

Iaz ere korritu zuen Itzulia eta lehen 40 sailkatuen artean geratu zen. Aurten, pauso bat gehiago eman nahi du, erdi mailako mendateetako etapetan ihesaldietan sartuta.

Soto eta Imazek aurrenekoz korrituko dute Euskal Herriko lasterketa. Txileko txirrindulariak azpimarratu du Durango-Durango lasterketa bezalakoa dela Itzulia: «Dena utziko dut eta nire onena emango dut». Txileko txirrindulariak esan du Eibarreko etapa «disfrutatuko» duela gehien, «kostaldetik pasatzen delako, eta bertako errepideak ondo ezagutzen dituelako».

Altsasuko txirrindulariari, aldiz, hirugarrena gustatzen zaio. «Azkenengo etapa polita da, Donostian da. Jaizkibeleko igoera gogorra izango da, baina aldi berean polita».