Nerea Goti

Bizkaiko botoek proiektu nazional askatzaile batean duten pisua nabarmendu du EH Bilduk

Bizkaiak duen pisua nabarmendu du EH Bilduk Bilboko Plaza Barrian egin duen ekitaldi nazionalean, sektore abertzale eta ezkertiarrak alternatibaren bozka ematera deituz. Eskuin muturraren markoak erostearen arriskuez ohartarazi du koalizioak. 

Iker Casanova EH Bilduren ahaldungaia, Bilbon.
Iker Casanova EH Bilduren ahaldungaia, Bilbon. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Ekitaldi nazionala egin du EH Bilduk larunbat honetan Bilbon, Plaza Barrian, herrialde osoko hautetsien parte hartze handi batekin. Bertan, Maria del Rio Bilboko alkategaiak, Iker Casanova ahaldungaiak eta Arnaldo Otegi koalizioko koordinatzaile nagusiak hurrengo maiatzaren 28an Bilboko eta Bizkaiko emaitzek duten garrantzian jarri dute fokua euren mezuetan.

Azaldu dute herrialdean betiko tradizio abertzalea eta ezkertiarra bideratzen ari den korronte bat dagoela martxan, eta horrek isla izango duela bozketan. Bide horretan, eta herri mugimenduei begira, feminismoak, ekologismoak edota langileen borrokek Bizkaian historikoki izan duten eta egun duten indarra eraldaketarako bozkak bilakatu behar direla transmititu dute.

«Bere pisu demografiko eta ekonomikoagatik, bere historian ideia abertzaleek eta ezkerreko ideiek, sozialistek, komunistek izan duten indarragatik, Bizkaiak paper zentral bat jokatu behar du euskal proiektu nazionalaren eraikuntzan», azpimarratu du Arnaldo Otegik, lehen Aberri Eguna edota XIX. mendean sozialismoaren jaiotza gogora ekarriz.

«Hurrengo 28an gehiago izango gara, ez nahiko genukeen guztiak ziurrenik, baina seguru nago elite ekonomikoek, Estatuko estolderiek, Estatu sakonak eta konpartsa lana egiten duten guztiek nahiko luketena baino gehiago izango garela» aipatu du.

Planteatu du, bestalde, abertzale subiranisten artean sozioaldemokraziako sektoreetatik komunismoetara doazen ideien espazioa dela EH Bildu, «horiek direlako defendatzen ditugun ideiak, aurrerabidearen, berdintasunaren eta askatasunaren ideiak direlako».

Zuzenean aipatu gabe, koalizioko zerrenden inguruan sortutako polemikaren harira, Otegik nabarmendu du soluziobideez hitz egin beharrean, eta inkestak EH Bilduren emaitza onak iragartzen ari direnean, «Espainiako politikaren okerrena inportatu dutela». «Hemen arduragabekeria osoz, eskuin muturraren markoak erosten, horiei bidea emanez eta indartzen» ari direla salatu du, horrek daukan arriskuez ohartaraziz. «Eta azkenean eskuinmuturrak gure ilegalizazioa eskatzen du. Harria jaurti eta eskua gorde», nabarmendu du koalizio subiranistaren koordinatzaile nagusiak.

EH Bilduren aldeko botoak ordezkatzen duen aternatibak «koalizioaren DNAn dagoen» osagai bat daukala gogoratu du, eta Pepe Mugikaren hitzak gogora ekarriz, «orain, VOXekoek bezala batzuek Madrilen zenbait gauza planteatzen dituztenean», EH Bildurena «ezkerreko boto abertzale antifaxista boteretsuena» izango dela azpimarratu du.

Aldaketak, «jendearen alde jartzea»

Langileen mugimenduak Bizkaian duen tradizio historikoa azpimarratu du Iker Casanova Bizkaiko ahaldungaiak bere mezuan. Esan duenez, behin baino gehiagotan azaldu du politikan dagoela Barakaldon jaio zelako, 1972. urtean, eta beraz, zuzenean bizi izan duela langileen borroka, kutsadura edota industriaren pisuaren galera eta «eskualdeen abandonua».

Bizkaian eta Bilbon dauden «periferiak» aipatuta, gogoratu du Europan neurri sozial berritzaileek aurrera egiten duten bitartean, «hemen errepide berriak eta gobernantza eredu itxiak» nagusitzen ari direla. Planteatu duenez, eraldaketarako alternatiba behar duten sektore asko dago Bizkaian.

«Industria aurreratuaren eredu berri» baten alde azaldu da Casanova. Bere ustez, marrazten duten «errealitate birtualaren» aurrean, Bizkaiak «hiru aldaketa potente behar ditu».

«Munduan gertatzen ari den azterketa egokiaren» beharra aipatu du, «krisi bat bestearen atzean ez direlako kasualitatea», eta erantsi duenez, «ziklo aldaketa baten aurrean gaude eta horrek bi betebehar dakartza: aldaketa asumitzea eta lideratzea» –bestela «gainetik pasatuko da»–, eta «aldaketa hori jendearen alde jartzea».

Instituzioak oztopo eta arazo gisa perzibitu beharrean, bestalde, «guztion eskubideak bermatu ahal izateko segurtasun tresna kolektibo bat« izan behar dutela defendatu du EH Bilduren ahaldungaiak.

«Hemen dauden dorre eta jauregiak jauntxoen gaztelu feudalak bilakatu» direla esan du Casanovak, ate bilakarien inertziak aipatuz. «Bukatu behar da Bizkaian txokoen eta puroen ke artean egiten den politika«, azaldu duenez.

Aberaztasun soziala

Bilbon herri mugimenduek duten indarra jarri du mahai gainean Maria del Rio EH Bilduren Bilboko alkategaiak gaurko ekitaldian. Ildo horretatik, konpartsen jai eredua eta 83ko uholdeetan erantzuna ematen lehenak izan ziren konpartsetako kideak gogoratu du.

Esan duenez, elkarte-ehuna da hiriak duen baliabide handiena, baina kritikatu du EAJ «jendeari eta kolektibo guztiei bizkarra emanda» gobernatzen duela, «aberastasun sozial horri ateak itxiz». «Garrantzitsua ez da nondik gatozen baizik eta elkarrekin nora goazen», aipatu du Del Riok, «Bilbon horizontalean eraikitzeko unea» dela nabarmenduz.