NAIZ

Eguraldiak baldintzatuta, aurtengo Herri Urrats ez da ohikoa izango

Aurtengo Herri Urrats ez da ohikoa izango eguraldiaren ondorioz. «Herriko etxearekin hitz egin ostean, eta egoera aztertuta eszena bakarra salbatzeko aukera izan dugu, beste guneak seguritateagatik murriztera behartuak gaudelako», iragarri dute.

Igande honetan ospatuko da Herri Urrats Senperen.
Igande honetan ospatuko da Herri Urrats Senperen. (© Patxi BELTZAIZ)

Aurtengo edizioa berezia zen, 40. urteurrena betetzen baitu Herri Urratsek, eta ‘Urratsak zubi’ lelopean merezi bezala ospatzeko gogoz antolatu dute Ipar Euskal Herriko ikastolen Seaska federazioaren festa. Baina oso eguraldi traketsa iragarrita dago, eta segurtasun arrazoiak direla eta ezin izango dute pentsatu bezala egin.

«Herriko etxearekin hitz egin ostean, eta egoera aztertuta eszena bakarra salbatzeko aukera izan dugu, beste guneak seguritateagatik murriztera behartuak gaudelako», iragarri dute Herri Urratseko antolatzaileek hartutako erabakia, zinez mingotsa.

Gaineratu dutenez, murriztapen honekin, programazio 12.00etan hasiko da, moldatuta. Bertan izango dira besteak beste azken urteetan Ipar Euskal Herriko ikastolen abestia egin duten taldeak. Aurten Su ta Gar taldeak musikatu du.

«Esanahi berezi bat du Su Ta Garrek, ‘Urratsak Zubi’ dugu lema eta huste dugu zubi generazionala eraiki duela», adierazi zuen iragan martxoan Koldo Rodriguez, Herri Urratseko koordinatzaileak.

Eibarreko taldearekin batera, abestiaren bideoklipa Inge Arinek egin du, eta horretarako collage teknika hautatu du.

Elkartasunerako deia

Edonola ere, derrigorrezko murrizketa hauek direla-eta, Herri Urratsen antolatzaileek nabarmendu dute pairatuko dituzten «galerak izugarriak» izango direla, eta, beraz elkartasunerako deia egingo dutela igande honetan.

Urteurren borobilaz aparte, testuinguru berezian heldu da 40. Herri Urrats. Izan ere, ikastoletako ikasle kopurua etengabe hazten ari da eta Seaskak egun dituen lau ikastetxeak beteta daude.

Hori dela-eta, Senpereko ikastetxe berria eraikitzeko lanak abenduan abiatu ziren eta aurtengo irailean lehen 80 ikasleak iritsiko direla aurreikusten dute. Oztopoak oztopo, eguraldiarenak eta besteak, aurrera doaz.