NAIZ

EHEren mezua Nafarroako alderdiei: «Datorrena ofizialtasunaren legealdia izan behar da»

EHEk mobilizazio bat egin du Iruñean euskararen ofizialtasuna aldarrikatzeko: «Alderdi politikoei mezu zuzena helarazi nahi diegu: kontu hau ezin da denboran gehiago luzatu, datorrena ofizialtasunaren legealdia izan behar da».

Iruñean egindako mobilizazioa.
Iruñean egindako mobilizazioa. (Idoia ZABALETA | FOKU)

Euskal Herrian Euskarazek (EHE) euskararen aldeko mobilizazioa egin du larunbat honetan Iruñean, ‘Bada garaia, euskara ofiziala eta kitto’ lelopean.

«Orain, hauteskundeetarako eta beraz, legealdi berri baten hasierarako aste batzuk falta diren honetan, alderdi politikoei mezu zuzena helarazi nahi diegu: kontu hau ezin da denboran gehiago luzatu, datorrena ofizialtasunaren legealdia izan behar da», nabarmendu dute antolatzaileek.

Nabarmendu dutenez, «gai hau ezin da negoziazioen lehen minutuan erori: Vascuencearen Legea bertan behera utzi eta Euskararen Lege berri bat adostu eta onartu ezazue behingoz, lurralde osoan euskara ofizial eginen duena».

Izan ere, ohartarazi duten bezala, «Ia 8 urte terdi igaro dira, jada, UPNren gobernuak atzean utzi eta testuinguru politikoa aldatu zenetik. Euskararen ofizialtasunaren aldarria, aldaketa politikoa eragin zuenetako bat izanik ere, ez da legez gauzatu. Lehenik Uxue Barkosen gobernua eta ondoren, Maria Chiviterena ezagutu ditugu; eta batak zein besteak euskararen normalizazio-prozesuan nahiz zonifikazioa gainditzeko bidean ez dute egiturazko jauzi esanguratsurik egin».

«Nazkatuta gaude! Ez gaude gure hizkuntza eskubideak, beste lau urtez, legez urratuak direla ikusteko eta bizitzeko prest. Ez dugu onartuko, beste behin, legealdiaren hasierako negoziazioetan euskararen ofizialtasuna lehen minutuan erortzen ikustea. Euskara Ofizial egin behar da Nafarroa Garai osoan: lurralde-kohesioagatik, elkarbizitzagatik, eta batez ere, justizia sozialagatik, ukatu ezin zaigun eskubidea delako», diote.

Eta «norabide honetan azken hilabeteetan eman diren bi gertaera esanguratsu balioan» jarri dituzte. Batetik, Euskararen Nafar Kontseiluak egindako eskaera «argi eta zuzena. Lehen aldiz, Nafarroako Gobernuaren erakunde aholkulari honek ofizialtasunaren aldeko posizioa hartu du ikasturte honen hasieran, kontrako botorik gabe, gainera».

Bestetik, Euskalgintzaren Kontseilutik adierazpen horrekiko atxikimendu-kanpaina abian jarri dela azpimarratu dute, eta denbora gutxian 200dik gora eragileren babesa jaso du testuak. «Mota guztietako eragileak batu dira euskararen ofizialtasunaren aldarrikapenera. Gero eta gehiago dira aldarrikapen hau zentzuzko, logiko ikusten dutenak. Nork arrazoitu lezake Nafarroan bertako hizkuntzan bizitzeko eskubidea ez dugunik?», galdetu dute.