NAIZ

Eraikuntza sektoreko langile baten heriotza salatu du LABek, aurtengo hogeigarrena

Joan den ostegunean altueratik erorita zendu zen eraikuntzaren sektoreko 62 urteko langile bat, Azkoitian. LAB sindikatuak sektore honetan istripu tasa handia salatu du. Aurten 20 langile hil dira Euskal Herrian.

Lan istripuak salatzeko euskal gehiengo sindikalaren aurreko mobilizazioa bat. (Iñigo URIZ/FOKU)
Lan istripuak salatzeko euskal gehiengo sindikalaren aurreko mobilizazioa bat. (Iñigo URIZ/FOKU)

Lan istripu hilgarri baten berri eman du LAB sindikatuak, oraingoan Azkoitian. Joan zen ostegun arratsaldean luma garabi bat maneiatzen ari zela hil zen R.O.G, Montajes Olaizola S.L. enpresako 62 urteko langilea. Hiru metro baino gehiagoko altueratik erori zen, bertan hil zelarik.

Eraikuntza arloan gertatu da azken istripu hau. «Sektore honetan gremio ezberdinen koordinazioan sortzen diren arrisku gehituak kontrolatzeko araua ez da betetzen, eta honela ulertu daiteke», sindikatuaren esanetan, «pairatzen duten istripu tasa handia».

Arauak zein prebentzio neurriak ez dira betetzen patronalak argi duelako kapitala langileriaren bizitzaren aurretik ipintzea merkeago ateratzen zaiola. Hau gertatzeko «ezinbestekoa» da Lakuako Gobernuaren «jarrera konplizea», ohartarazi du sindikatuak.

LABek berriki salatu duen moduan, 2022an lan osasunaren galera medio Lakuak 650 txosten jarri zituen abian; aldiz, trafiko arau-hausteen inguruan 291.000 txosten abiatu ziren. Izan ere, LABek dioenez, trafiko istripuetan eta lan istripuetan heriotza kopuru bera erregistratu zen 2022an Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. «Enpresarien inpunitatearen erakusle da adibide hori», LABeko Lan Osasun idazkaritzaren esanetan.

LAB sindikatuak elkartasuna adierazi die langilearen senideei, hurbilekoei eta lankideei zein Euskal Herriko langileria guztiari. Era berean, datozen egunetan intersindikaletik deituko dituzten mobilizazioetan parte hartzeko deia luzatu die herritarrei. Sindikatuaren datuen arabera, 2022an 20 langile hil dira Euskal Herrian.