Errenteria, elkarbizitzaren matazan hari berrien bila
Maiatzaren 28an Errenteriako Udalean gerta daitekeena ziurgabea da gaur gaurkoz; hamar urte baino gehiago daramatza EH Bilduk alkatetzan, baina aldaketak etor daitezke. Elkarbizitza ulertzeko modua zabaldu eta sakondu dute azken urteetan. Gobernantza eredua da hauteskunde hauetako eztabaidetako bat.
Historikoki lidergotzan egon zen joera eten eta 2011n aldatu zen hori Errenterian; eta ez dago argi joera berri baten aurrean gauden ala ez. 2010eko hamarkada arte PSE-EEk gidatzen zuen Errenteriako Udala, eta orduz geroztik EH Bildu egon da buru. Ezkerreko ikuspegiak nora joko duen da ziurrenik galdera ikur nagusiena: EH Bildu-Ahal Dugu, egun gobernatzen duen blokera, edota PSE-EEk aurreikuspenen arabera EAJrekin osatu beharreko gobernantza taldera.
Hainbat zerrendaburu errepikatzen dira, eta beste batzuk, aldiz, berriak dira. PSE-EEren hautagaia egun Udaleko bozeramailea den Isaac Palencia gaztea da; EAJren alkategaia, Elixabete Murua, egun zinegotzi dena. Ahal Duguk zerrendaburua aldatu eta Maite Gartzia jarri du, eta EH Bildurena, egungo alkatea den Aizpea Otaegi. Antonio Vicente aurkeztu PPk hautagai nagusi gisa; hauteskundeetara aurkeztuko diren alderdien artean egun Udalean ordezkaritzarik ez duen talde bakarra da.
Urte luzez, 1983tik hain zuzen ere, PSEk gobernatu izan du Errenteriako udala. EH Bilduren eskutik Julen Mendozarekin iritsi zen aldaketa, 2011. urtean. Bizikidetzaren gaiak markatu zituen Mendozaren bi legegintzaldiak. Euskal Herriko gatazka politiko armatuak sortutako ondorioen konponbidearen bidean eta bizikidetza sustatzeko, alderdi eta biktima ezberdinekin osatutako taldea sortu zuten; eta 2012an prozesu bat zabaldu zen Udalaren eskutik eta komunitate ezberdinak elkartzearen garrantzia azpimarratu zuen ondorio nagusi bezala.
Bizikidetza eta ongizatea
Aizpea Otaegik hartu zion erreleboa alkatearen aginte makilari, eta esan daiteke bizikidetzaren gaiari jarraipena eman diola, baina ikuspegia are gehiago zabalduta. Hau da, bizikidetza gatazka armatuaren prismatik Errenterian dauden komunitate eta gizarte esparru ezberdinetara zabaltzea izan zen Udalaren apustua; beste esanahi bat erantsiz lehendik herriarekin batera ospetsu egin zen «bizikidetza» terminoari.
Bizikidetza eta ongizatea hobetzeko asmoz, 2015az geroztik gizarte zerbitzuetan gehien inbertitzen duen udalerria da Errenteria. 2019an jaso zuen gizarte kohesio eta justizian gehien inbertitzen duen herriaren «bikaintasun» saria. Herritar bakiotzeko 275,74 euro inbertitzen ditu Udalak.
Jarraikortasun politiko bat duen taldeari herri proiektuari eustea beharrezkoa bezain zaila suertatu ohi zaio. Errenteriako Udala ere horretan ahalegindu da azken urteetan lortutako sinergiekin. Baina azken legegintzaldiak, udalerri gehienetan bezala, «krisi» bat eragin zuen, izen abizenak dituen erantzulearen eskutik: covid 19aren osasun krisia. Gizarte zerbitzuei eta merkatari zein ostalariei dagokien erradiografia izan zen kezkagarriena eta aurreikusi gabeko inbertsioak egin behar izan zituzten. Esanguratsua da 40.000 biztanletik zortzi mila 65 urtetik gorakoak direla, eta ondorioz, sektore «zaurgarri» bezala tratatuak izan zirela.
Kulturartekotasuna eta parte-hartzea
Azken urteetan garatzen eta zabaltzen joan den herria izan da Errenteria, proiektu berritzaileak sortu ditu, baina izan da korapilo eta eztabaidarik ere bakoitzaren ulerkeren artean. Lekuona eraikinarena izan da eztabaida sortu duen proiektuetako bat. Ekosistema kulturala bultzatu eta sortzaileentzako aterpe izateko sortu zen Udalaren arabera, kulturartekotasuna sustatu eta herritarrentzako espazio eta liburutegi gisa funtzionatzeko. PSE-EEk martxan jarri zenetik kritikatu du «gutxiegi» programatzen dela eta ordutegi zabalagoa izan beharko lukeela guztien eskuragarri egoteko. Garraio publikoaren gaia ere korapilatsua da Errenterian, eta hurrengo urteetan topoa lurperatu edo ez eztabaida mahai gainean egongo da, alderdien proposamen eta posizio ezberdinekin.
Herritarren parte-hartzea nola sustatu eztabaidagai dago. Pasa den legegintzaldian Herri Behatokia eta Kontseilu mahaiak jarri ziren martxan baina ez dago argi zein norabide hartuko duten.
Datorren legegintzaldiari begira, eskaintza eta proposamen ezberdinak jasotzen ditu alderdi bakoitzak, auzoguneak biziberritzearekin eta zerbitzu publikoekin loturan asko, baina bada erdigunea hartzen ari den eztabaida bat: gobernantza eredua. Herri behatokia jarri zuten martxan pasa den urtean, lagin konkretu bat osatuz; ausaz herritarrak gonbidatu zituzten Udalak hartutako konpromisoen eta egindako urratsen arteko jarraipena eta balorazioak egin eta hobekuntzak proposatzeko. Kontseilu mahaiak ere sortu ziren, departamendu bakoitzaren inguruan hausnartzeko eta zuzenean eragiten dieten herritarrekin parte-hartze espazioak elkarbanatzeko.
Zeri eman behar zaion jarraipena, zer indartu eta zer aldatu, hori da oraingo zalantza. EH Bilduk herri behatokian sinesten du, eta hori bultzatu nahi du; berrikuntza modura, landa eremuko zinegotzia proposatzen du. PSE-EEk, aldiz, bi ereduen talka aurkezten du: «Etorkizuneko eredua aurkezten dugu sozialistek, eta EH Bilduk iraganeko eredua, jada geldialdi batean dagoena». EAJk, bere aldetik, udalerri «integratzaileago eta inklusiboagoa» garatzeko konpromisoa aurkeztu du: «Gobernantza irekia eta elkarlanekoa bi eremutan: herritar erakundeen artean eta erakundeen artekoa».
Joko-zelai politikoan, beraz, jokalarien araberako aldaketa nabarmenak egon daitezke lidergotzara iristeko. Maiatzaren 28an boz gehien jasotzen dituenak ez du ziurtatuta izango udal taldea osatzea, elkartuko diren alderdien baitan osatuko baita gehiengoa aurreikuspen ororen arabera.