NAIZ
Orio

Lourdes del Hoyoren hilketa matxista gaitzesteko Orioko plaza bete dute herritarrek

Ehunka lagun bildu dira arratsalde honetan Orioko plazan Lourdes del Hoyoren hilketa matxista salatzeko egin den elkarretaratzean. Herritar nahi erakundeetako ordezkariek plaza bete dute.

Mugimendu Feministak deituta, Orioko plaza jendez bete da arratsalde honetan Lourdes del Hoyoren heriotza eragin duen hilketa matxista salatzeko. Udalak babesa adierazi dio goizean elkarretaratzeari, eta Anuska Esnal alkatea eta gainerako udal korporazioko kideez gain, beste erakunde batzuetako ordezkariak ere izan dira.

Hala, Nerea Melgosa Lakuako Berdintasunerako sailburua; Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia; Eider Mendoza foru bozeramailea eta EAJren hautagaia; Miren Elgarresta Emakundeko zuzendaria; Aintzane Ezenarro Gogora Institutuko zuzendaria; Maddalen Iriarte EH Bilduren Gipuzkoako ahaldun nagusigaia eta Denis Itxaso Gobernu espainolak EAEn duen ordezkaria ere Oriora bertaratu dira hilketari gaitzespena adierazi eta familiari babesa helarazteko, beste agintari batzuen artean.

Udaletxe aurrean, lurrean, xingola beltz bat eta hainbat kandela jarri dituzte oihal more handi baten gainean dolua adierazteko, eta balkoiaren azpian mugimendu feministako ordezkariak jarri dira hainbat pankartarekin: «Erasorik ez erantzunik gabe», «Askeak izan nahi dugu», «Minaren aurrean herria familiekin» eta «Lourdes, gogoan zaitugu» leloak irakur zitezkeen.

Xingola beltz handi bat jarri dute lurrean Lourdes del Hoyoren heriotzagatik dolua adierazteko. (Gorka RUBIO/FOKU)

Elkarretaratzeak iraun duen denboran isiltasuna izan da nagusi; ordu laurden baten buruan bukatutzat eman dute mobilizazioa txalo zaparrada batekin eta mugimendu feministako kideek agiria irakurri dute. Bertan salatu dute indarkeria matxista «emakumeak hiltzen dituen sistemaren» ondorio dela eta agintariei «konpromiso politikoa» eskatu diete horrekin bukatzeko.

Ondoren, herritar talde bat plazatik hilketa matxista gertatu zen Arrantzale kaleko bankura joan da, Lourdes del Hoyori azken agurra ematera. 

Lakuako Segurtasun Sailak gaur baieztatu du 50 urteko emakumea bere bikotekide ohi Alberto Casadok hil zuela, eskopeta batez tiro eginda. Gero bere buruaz beste egin zuen.