NAIZ

Basque Culinary Centerren egoitza berriaren aurka kalera atera dira berriz Donostian

Sos Manteo plataformak deituta, Gros eta Ulia auzoetako bizilagunek manifestazioa egin dute ostegun honetan Basque Culinary Centerren egoitza berriaren aurka. Salatzen dutenez, Manteoko eta Zemoriako parkeetan eraikiko da eta ehun zuhaitz baino gehiago daude han.

BCCren egoitza berriaren aurka mobilizatu dira bizilagunak Donostian.
BCCren egoitza berriaren aurka mobilizatu dira bizilagunak Donostian. (Jon URBE | FOKU)

Gros auzoko eta bereziki Nafarroa Etorbideko bizilagunek osatzen duten SOS Manteo plataformak deituta, beste behin atera dira kalera Basque Culinary Centerrek auzoan eraiki nahi duen egoitzaren aurka. Zehazki, Manteo eta Zemoria parkearen aurkako erasoa salatzen dute. Duela bi aste beste mobilizazio bat egin zuten.

«Hasteko, Mariaren Bihotzean eta Pio X.an hezkuntza zentro izan zirenak hotel bihur zitezen plangintza aldatu zen; saihesbiderako Marrutxipiko lotune berriarekin Groserako trafiko fluxua biderkatuko da eta, orain, pulamentuzko berdegune bakarra gabe utzi nahi gaituzte, hau da, Manteoko eta Zemoriako parkeak, non 60 urte inguruko 100 zuhaitz baino gehiago zenbatzen diren, horien ordez fundazio pribatu batentzat eraikin bat ipintzeko, Basque Culinary Centerrena hain zuzen. Eta hau guztia auzokoak kontuan hartu gabe», deitoratu dute.

Halaber, plataformatik egoitza jartzeko beste toki batzuk proposatu dituzte. «Hutsik dagoen eta harekin zer egin ez dakiten Illunbeko konplexua, Martuteneko Agustindarren ikastetxe zaharra, Herrerako Rich fabrika zaharra eta Altzako eraikuntza institutu zaharra, besteak beste.

Bestalde, Grosi dagokionez, bizilagunek adierazi dute ez zaiela gustatzen «auzoari eman dioten norabidea», eta «bizi-kalitatea berreskuratu» nahi dutela. Horregatik, «auzoaren bilakaera moldatuko duten erabakiak bizilagunak partaide eginez hartzea» eskatzen dute.