Manex Altuna
Entrevista
Xabi Etxeita
Amorebieta taldeko kapitaina

«Urritxen, herriko jendearekin batera, Bigarren Mailara igotzeko aukera izatea izugarria da»

Xabi Etxeitak zalantzak izan zituen futbolean jokatzen jarraitzeko udan zehar. 35 urterekin, lehen pausuak eman zituen etxeko taldera itzultzeko erabakia hartu zuen eta zilarrezko mailatik garaipen bakarrera dago. Zirrara berezia igartzen zaio eta irrikitan dago partida eguna iristeko.

Xabi Etxeita, Amorebieta taldeko kapitaina da.
Xabi Etxeita, Amorebieta taldeko kapitaina da. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Kirol ibilbide oparoa izan du Xabi Etxeitak (Amorebieta-Etxano, 1987). Lehen Mailan denboraldi mordoa egin zituen Athleticen, Getafen eta Huescan eta Bigarren Mailan Cartagena, Elx eta Eibar bezalako taldeetan aritu da. Europan ere hainbat partida jokatutakoa da eta Espainiako selekzioarekin ere debutatzeko aukera izan zuen Vicente del Bosqueren garaian. Atzelari sendo bat bezala nabarmendu da zelaian eta bere izateko modua beharrezkoa da aldagela guztietan.

Amorebietan txikitatik ezagutzen dute eta etxera bueltatzeko proposamena egin zioten. Zalantzak izan zituela onartzen du, baina pausua eman eta Bigarren Mailara igotzeko aukera eskuan dauka. Bi jardunaldi geratzen dira liga amaitzeko eta lau puntutako aldea dauka talde bizkaitarrak bigarren sailkatua den Eldenserekiko.

Larunbatean, arratsaldeko 19.30etatik aurrera, Tarragonako Nastic taldea hartuko dute Urritxen. Garaipen batekin, poltsikoan daukate igoera. Sekulako balentria izango litzateke, orain dela bi urte, bere historian lehen aldiz, zilarrezko mailara heltzea lortu zuen 20.000 biztanlera iristen ez den herri txiki bateko talde batentzat.

Partida eguna iristeko gogotsu dago Etxeita eta taldekideak ere ilusio handiarekin bizitzen ari direla azpimarratzen du. Mezu bat ere bidali nahi izan du eta Urritxen berrikuntzak egin behar direla gogorarazi. Bigarren Mailara bueltatzen badira, iaz bezala, berriro Lezaman jokatu beharko dutela aipatzen baitu.

«Amorebietan hezi nintzen txikitatik eta bueltatzea kirol ibilbidea biribiltzea izan da»

Urduritasuna nabaritzen da Amorebietan larunbateko partida gerturatzen den heinean?

Ez nuke esango urduri gaudela, ilusioa da inguruan ikusten dudana. Jokalariak, klubeko jendea, zaleak eta herritarrak ere eguna heltzeko gogotsu eta irrikitan igartzen ditut. Larunbateko partida izugarria izango da. Ni herrikoa naizenez nabaritzen dut, jendea eta herritarrak oso gogotsu daude. Urritxera etorri nahi dute une berezi hau bizitzera eta nik uste kristona izango dela zelaitik hori bizitzeko aukera izatea. Aurreko jardunaldian lortu izan bagenu, ez zen horrelako ilusiorik egongo herrian eta hori oso ona da denontzako.

Azken jardunaldian Bigarren Mailan egon zineten ordu laurden inguru, Logroñesek luzapenean egindako golak ekidin zuen arte. Eraginik izan dezake taldearen animoetan?

Zelai barrutik ezberdin ikusten dira gauzak, bai jokatzen ari garenok eta aulkian edo kanpotik daudenak. Partidan sartuta geunden bitartean, ez genekien Eldenseren partida amaituta zegoen eta Bigarren Mailan egongo ginatekeela irabazita. Egia da, hain hurbil zegoela konturatzen zarenean, kolpe gogor bat dela momentuan. Gertatu zitekeen guk irabaztea, Eldensek azken minutuan gola egitea eta egoera berdinean egongo ginateke. Autobusean bueltan gentozenean, denok elkartu eta hitz egin genuen azpimarratzeko zer nolako aukera ona daukagun larunbat honetan gure zaletuen aurrean. Etxeko azken partida izango da eta partida irabaztea lortuz gero, badakigu Bigarren Mailara igoko garela. Aukeratu beharra balego, nahiago nuke Urritxen igotzea.

Eskura daukazue igoera, beste aukera bat ere izango zenukete azken jardunaldian.

Hori da, badakigu Nasticen kontrakoa ez dela hil ala biziko partida eta horrek urduritasun puntu hori kendu egiten digu. Ez badugu partida aurrera ateratzen, ez genuke Eldenseren emaitzaren zain egon beharko, badakigu beste aukera bat izango dugula Lezaman maila galduta daukan Bilbao Athleticen aurka azken jardunaldian. Egoera oso onean gaude.

«Kirol zuzendaritzatik oso ondo egiten dute lana eta talde giroari garrantzi handia ematen zaio»

Amorebietara bueltatzea erabaki zenuenean, espero zenuen igoera bat bizitzeko aukera izatea?

Ez. Banekien taldea berria zela, jokalari berri asko zeudela, gazte asko eta maila ezberdin bat. Gainera talde oso onak daude RFEFko Lehen Mailan. Aurrekontu handiak dituzte Murtzia batek edo Intercityk, esaterako. Talde oso gogorrak daude eta ez nuen pentsatzen aukera hau izango genuenik jardunaldi honetan, ezta gutxiago ere.

Zergatik itzuli zinen?

Iaz bigarren bueltatik aurrera arazoak izan nituen fisikoki. Ez nintzen ondo aurkitzen eta zalantza asko izan nituen futbolean jarraitzeko. Aukerak izan nituen Bigarren Mailan jokatzen jarraitzeko, baina ez neukan burua nik pentsatzen dudan moduan eduki behar dela. Lehiakortasun, edo ilusio hori, apur bat galduta neukan momentu horretan. Amorebietaren deia jaso nuen. Beraiekin hitz egiten egon nintzen uda osoan zehar. Itxaron egin zidaten eta denboraldia hasita zegoenean hartu nuen erabakia.

Futbolari bezala Amorebietan hezi zinen eta erdilari bezala fitxatu zituen Bilbao Athleticek 2006an.

Bizitza guztian, txiki-txikitatik, Amorebietan egon naiz jokatzen, beheko maila guztietan. Zelai erdian jokatzen nuen, gorago edo beherago. Gazte mailan Amorebietaren lehen taldearekin hasi nintzen entrenatzen eta jokatzen. Ondo nenbilen eta hortik joan nintzen Bilbao Athleticera. Lehen urtean erdilari bezala hasi nintzen, baina gero atzera pasatu ninduten eta hortik aurrera beti jokatu dut postu horretan. Niretzako imaginatu zer esan nahi duen Amorebietak, herrikoa izanda eta bertan hezia. Bueltatzeko arrazoi nagusienetako bat izan zen nire kirol ibilbidea biribiltzea etxera itzuliz.

Gol bat egitea falta zaizu, amestu al duzu igoerakoa lortzearekin?

Bai, askotan. Jende askok ere aipatzen dit, lagunek eta taldekideek, beti egin izan dut golen bat edo beste eta aurten ez dut izan aukerarik. Asteburu honetan saiatuko gara betiko moduan eta, egiteko zortea badaukat, bikaina izango da. Hala ere, oso pozik egongo naiz beste taldekide batek egiten badu eta Bigarren Mailara igotzen bagara.

Etxeitak Urritxen ospatu nahiko luke igoera. (Monika DEL VALLE / FOKU)
Etxeitak Urritxen ospatu nahiko luke igoera. (Monika DEL VALLE / FOKU)

Bolada onean dator taldea, azken partidetan sei garaipen eta berdinketa bat lortu dituzue, baina denboraldi hasiera ez zen erraza izan.

Bai, horrela da. Dena zen berria eta kosta egin zitzaigun. Klubarentzako kategoria berria da eta ez dakizu ligaren maila. Gainera, Bigarren Mailatik zetorren eta talde guztia aldatu zen, bi jokalari izan ezik. Hasieran zaila egin zitzaigun, baina ikusten zen jasotzen genituen golak ez zirela partida txarrak egiten genituelako edo aurkariak gainetik pasatzen zitzaizkigulako. Geldikako jokaldietan edo kontra erasoetan heltzen ziren golak ez ginelako talde bat defentsiboki gogorra. Partidak jokatu ahala sendotasun bat lortzen joan ginen atzean eta gero, batez ere etxean, erraztasuna izan dugu golak egiteko. Gure bidea aurkitzen joan gara, partida asko irabaztera eraman gaituena.

Zer egiten du Amorebietak hain ondo edo zein da sekretua?

Nik hemen lanean ari den jende guztia ezagutzen dut. Presidente eta zuzendaritza batzatik hasita kirol arduradun guztiei. Esango nuke, aurten barrutik bizi izan dudanarengatik, garrantzitsuena dela hasieratik bukaerara lan egiteko modu berbera mantendu dugula. Azkenak geundenean ere azaro edo urri inguruan, ez genuen momentu batean ere ez zuzendaritza edo kirol arduradunen presiorik jaso. Ezta entrenatzailearen partetik. Egonkortasun puntu bat mantentzen da eta horrek azkenean asko errazten du dena. Ez daukagu zaleen presiorik, jende guztia laguntzeko prest dago eta Urritxera animatzera dator. Zelaian jokatzen gaudenean ez dugu sentitzen huts egiteko beldur hori. Aldi berean, barruan daukagu irabazteko gogo eta gosea. Kirol zuzendaritzatik oso ondo egiten dute lana alde horretatik eta, egia esan, oso zaila da daukagun aurrekontuarekin horrelako jokalariak lortzea.

Asier Goiria kirol zuzendariaren lanak zenbaterako garrantzia dauka?

Emaitzak hor daude, urterik urtera jokalariak aldatzen dira, jende berria dator eta berak beti lortzen du zerbait berezia sortzea. Ez dakit nola deskribatu, ez da bakarrik jokalariak konbentzitzen dituela zerbaitengatik. Lan egiteko era bat dauka, jende gutxik daukana eta hortik lortzen ditu jokalariak eta baita taldean sortzen den giro hori. Garrantzi asko ematen dio taldea elkartuta egoteari. Horrek balore asko dauka, baina ez dakit nola kuantifikatu daitekeen futbol munduan.

«Igotzea da buruan daukadan helburua eta gero ikusiko dugu hurrengo denboraldian jokatzen jarraituko dudan»

Denboraldi honetan «filosofia» aldaketa bat ere eman da. Euskal Herriko jokalariei kanpotik etorritako hainbat gehitu zaizkie.

Egia esan, ez da berria. Beste denboraldi batzuetan ere egon dira Euskal Herritik kanpoko jokalariak Amorebietan. Taldea saiatu da mantentzen euskal jokalarien esentzia hori, baina kirol zuzendaritzak ikusten zuen ezineskoa zela maila on bat bermatzea bakarrik euskaldunekin. Kategoria zaila da lehiatzeko eta, era berean, ez daukazu diru askorik. Jokalari gutxi dago maila honetako aurrekontuaren barruan sartu daitezkeenak. Hala ere, nik uste lortu dela taldea batera egotea eta baita euskaldun asko egotea.

Nola egin duzue aldagelan kanpoko hainbeste jokalari integratzeko?

Betidanik garrantzi handia eman zaio talde honetan talde giro ona izateari. Sarritan elkartzen gara jarduera ezberdinak egiteko. Batzutan batera gosaltzen dugu, beste batzutan bazkaltzeko geratzen gara edo pintxoak jateko ekartzen ditugu entrenamendu ostera. Denak batera egoten gara, jokalariak, entrenatzaileak eta kirol zuzendaritza. Oso garrantzitsua da guretzat. Kanpoko jendea bakarrik bizitzera dator, eta beharrezkoa da gustura sentitzea zelaitik kanpo ere, ez bakarrik kirol arloan edo entrenamenduetan.

Xabi Etxeita Urritxeko harmailetan. (Monika DEL VALLE / FOKU)
Xabi Etxeita Urritxeko harmailetan. (Monika DEL VALLE / FOKU)

Amorebietak igotzea lortzen badu, jokatzen jarraitzeko asmoa daukazu?

Aurten ere zalantzak ditut. Ez dakit zer egingo dudan. Ikusiko dugu, orain buruan daukadan bakarra da helburua bete eta igotzea. Gero pentsatuko dugu. Hasieran fisikoki nola nengoen jakin nahi nuen eta, ez banintzen ondo aurkitzen, albo batera pausua eman. Ondo sentitu naiz, jokatzen nabil eta baliogarria izaten ari naizela zelaian iruditzen zait. Taldeari lagundu ahal diodala ikusten dut eta gustura nabil, baina datorren urtera begira ikusiko dugu. Ez daukat erabaki bat hartuta, denon artean hitz egingo dugu eta ikusiko dugu zer den onena.

Zer suposatuko luke zuretzat etxeko taldearekin Bigarren Mailara iristea?

Amorebietarekin Bigarren Mailara igotzea kristona izango zen. Badakit Lehen Mailan jokatzea lortu dudala, baita Txapeldunen Ligan eta Europan ere. Athleticekin Superkopa bat irabazi nuen 2015ean eta hori izugarria da. Baina Bigarren Mailarako pausua ematea etxeko taldearekin sekulakoa izango zen. Ilusio handia daukat. Jon Mikel Magunagoitia atezaina ere herrikoa da, 22 urte ditu, eta bere ilusio berdina sentitzen dut.

«Athletic ondo ikusten dut, baina Ligan maila altua dago eta ez da batere erraza Europan sartzea»

Iaz ez zenuen lortu Eibarrekin igoera eta zure taldeak izan diren Elx eta Getafe maila galtzekotan daude. Amorebietaren ikuspuntutik begiratuta, futbol talde bat kudeatzeko oso eredu ezberdinak ezagutu dituzu.

Bai, sinestezina izan zen nola ihes egin zigun iaz igoerak Eibarren. Aurten ere bolada txar batean sartu dira, nahiz eta oraindik aukerak dituzten. Nik uste Eibar ispilu bat dela Amorebietarentzat eta badakit zuzendaritzak eta kirol arduradunek harreman oso ona daukatela. Hemen beste giro bat igartzen dut. Elkartasun eta laguntasun handiagoa, ez hain profesionala edo negozioari lotua. Kultura ezberdin bat dago futbola ulertzeko eta aurrekontuak modu batean betetzeko. Hiru urte egin nituen Elxen eta gogoratzen dut denboraldi batean Hercules igo zela Lehen Mailara. Sekulako dirutza xahutu zuten eta maila galdu. Elx igo zenean ere berdina egin zuen. Lehen Mailan geratzea lortu zuten kirol arloan, baina Eibar geratu zen ez zituelako eskakizun ekonomikoak bete.

Eta Athletic jarraitzen duzu?

Ahal dudanean partida guztiak ikusten ditut. Nik taldea ondo ikusten dut, iaz bezala. Gertatzen dena da maila altua dagoela Ligan eta ez dela batere erraza Europan sartzea. Hor daude, Europako postuetatik hurbil eta ikusiko dugu lortzen duten. Iruditzen zait oso zaila dela taldeari gehiago ematea eskatzea, nahiz eta urte batzutan ezin izan den lortu Europan jokatzea.

Bilbao Athleticen kontra jokatu duzu, maila galtzeak eraginik izan dezake talde zuri-gorriaren etorkizunean?

Ez dute urte ona egin, hori argi dago. Talde moduan asko falta izan zaie lehiatzeko kategoria honetan. Hala ere, Athleticen ikuspuntutik garrantzitsuena da jokalariak ateratzea eta, nik uste badaudela, nahiz eta ez den seinale ona maila galtzea. Are gehiago, ikusten duzunean Realak talde ona daukala play-offetan sartzeko. Baina egun hauetan gazteen mailako taldea ikusi ahal izan dut eta harrobian Lehen Mailan aritu daitezkeen jokalariak daudela sumatzen da. Beti ateratzen dira jokalari berriak eta konfiantza ematen asmatzea da kontua.