Imanol Carrillo
Kirol-erredaktorea / Redactor deportivo

Athleticek oso bizirik mantenduko du Europako txispa Celtari 2-1 irabazita eta Gironak galduta

Zuri-gorriek oso ondo aprobetxatu dute Gironak azken unean Vila-realen aurka galdu duela (1-2), lan gogorra eginda Celtari irabaziz. Iñaki Wiliamsek, 5. minutuan, eta Berenguerrek gol politak sinatu dituzte eta Celtak, tartean, berdinketa lortu du. Albiste txarra, Herrera eta Dani Garciaren lesioak.

Burukada eder honekin lortu du Iñaki Williamsek 1-0ekoa Celtaren aurka.
Burukada eder honekin lortu du Iñaki Williamsek 1-0ekoa Celtaren aurka. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Athleticek Ligako zazpigarren postuan lo egingo du gaur. Patxadaz, bere lana eta besteenaz baliatu baita larunbat honetan. Hasteko, Gironak azken unean galdu du Vila-realen aurka (1-2). Eta ondoren, zuri-gorriek, lan gogorra egin du Celtari irabazteko. Orain, Osasunak eta Sevillak zer egiten dutenaren zain geratuko dira bilbotarrak, jakinda ostegunean gorritxoen aurkako derbia dutela Sadarren.

Athletic Gironak bere partidan jasandako porrotaz jakinda zelairatu da San Mamesera. Vila-realek azken unean sartu du 1-2koa eta emaitza honek esperantza piztu du zuri-gorriengan Conference Leaguerako sailkapena lortzeko helburu horretan. Hala ere, egia da neurketa oso abiadura motelarekin hasi dela. Iñigo Martinezen hutsunea betetzeko, Ernesto Valverdek Paredes ipini du atzekaldean, Vivianen bikote bezala, eta zelai erdian Muniain eta Sancet aritu dira Dani Garciaren aurretik.

Abiadura motel horrek, ordea, beste martxa bat jasan du eta hortik iritsi da partidako lehen gola, 5. minutuan. Oscar de Marcosek bikain erdiratu du eskuinetik eta Iñaki Williamsek are eta erantzun ikusgarriagoa eman dio jokaldiari, ederki gurutzatu baitu bere burukada Ligako hamargarren gola egiteko eta Athleticen golegile nagusiena bihurtzeko Sanceten aurretik.

Eskuin hegala ez da bakarrik fin ibili erasoko jokaldi horretan. Atzean ere oso ondo eta adi aritu da Guardiakoa baloi arriskutsu bat kornerrera bidaltzeko. Jokaldi horretan Celtak baloia berreskuratu du zelai erdian, baina galiziarrak ideia garbirik gabe aritu dira lehen zatian. Gainera, Fran Beltran lesionatu egin da eta Carlos Carvalhal entrenatzaileak De la Torre zelairatu behar izan du 24. minutuan, neurketa hasierako planteamendua deskolokatuz.

Polemikarako tartea ere egon da, Berenguerrek esku bat eskatu baitu area barruan, baina epaileak jarraitzeko esan du. Eta atezainek ere bere dohainak atera behar izan dituzte. Lehenengo Unai Simon izan da. Gabri Veiga gazteak areaz kanpotik eskuinez jaurti eta Athleticeko atezainak bikain gelditu du.

Gauza bera egin du, beste atean, Villarrek. Kasu honetan Yurik egin du burukada oso ona, baina Galiziako atezainak bikain gelditu du jaurtiketa atsedenaldira iritsi aurretik.

Kuluxkatik goiz esnatu

Carvalhalek beste bi aldaketa egin behar izan ditu bigarren zatia hasi aurretik neurketari beste norabide bat emateko. Eta ondo atera zaio. Bere taldeak gehiago estutu du eta bere saria izan du: Larsenek, burukada suabe batekin, berdinketa ipini du markagailuan 50. minutuan.

Jokaldi honek bilbotarrak esnatu ditu eta lau minutu besterik ez dituzte behar izan 2-1ekoa egiteko. Alex Berenguerrek sekulako golatzarra sartu du, eskuin oinarekin eskuadratik, San Mameseko harmaila –Iñigo Cabacas Herri Harmaila isilik aritu da gaurkoan, azken asteetan sufritutako isunen protesta moduan– ere guztiz esnatzeko.

Valverdek aulkia mugitu du orduan, Ander Herrera zeilaratuz, baina erdilariak zelaia utzi behar izan du lesionatuta 74. minutuan. Tartean, Berenguerrek langara bidali du baloia areaz kanpotik egindako jaurtiketa batean. Hori sartu izan balu, San Mames erori egingo litzateke.

Partida gogortu egin da eta erritmoa moztu. Zarraga, Raul Garcia eta Adu Ares zelairatu ditu Valverdek. Garaipenak eta Conference Leagueko postuak ez dute alde egin.

PARTIDKO FITXA:

2 - Athletic: Unai Simon; De Marcos, Vivian, Paredes, Yuri; Dani Garcia (Zarraga, 82'), Sancet; Nico Williams (Herrera, 59'; Vesga, 74'), Muniain (Adu Ares, 82'), Berenguer; eta Iñaki Williams (Raul Garcia, 82').

1 - Celta: Ivan Villar; Kevin Vazquez (Mingueza, 46'), Aidoo, Unai Nuñez, Javi Galan; Carles Perez, Beltran (De la Torre, 23'), Oscar Rodriguez, Cervi (Miguel Rodriguez, 46'); Gabri Veiga (Paciencia, 77') eta Strand Larsen (Seferovic, 61').

Golak: 1-0, 5.min: Iñaki Williamsek buruz, De Marcosen erdiraketa bikain bat gurutzatuz. 1-1, 50.min: Larsen, buruz. 2-1, 54.min: Berenguerrek, eskuadratik.

Epailea: Mario Melero Lopez (Andaluzioarra). Txartel horia atera die Paredesi (34’), Nico Williamsi (39’), De la Torreri (65’), Dani Garciari (82’) eta Raul Garciari (90’).

Gertakariak: Lehen mailako 35. jardunaldia. San Mamesen 40.759 ikusle bildu dira. Partida hasi aurretik, bazkide bezala 50 eta 75 urte bete dituzten 800 bazkideri omenaldia egin zaie.