2023/24 denboraldirako eraikin berria osatzen ari dira Endesa Ligako euskal taldeak. Baina aurpegi berririk ekarri aurretik zeinek segiko duen eta zeinek ez argitu behar da, eta horretan ekin diote asteazken honetan.
Lointek Gernika Bizkaiak eta Kutxabank Araskik Itziar Ariztimuñok eta Natalie Van den Adelek jarraituko dutela konfirmatu dute. Kasu bietan kontratua luzatzea oso logikoa da, biak ala biak beren taldeetara bikain egokitu baitira. Ariztimuñoren kasuan, gainera, Erizaintzako graduaren hirugarren kurtsoa amaitzen ari da eta ikasketek ere neurri batean Gernikako taldean jarraitzera lotzen dute antolatzaile bilbotarra.
Ariztimuñoren batez bestekoak ez dira inondik ere ikusgarriak: 3,4 puntu, 2,4 errebote eta 2,2 asistentzia, baina ukaezina da 202/23 denboraldian eman duen aurrerapausoa. Sandra Ygueravideri atsedena ematea baino askoz lan garrantzitsuagoak egin ahal izan ditu, batez ere defentsako lanetan eta taldea zuzentzeko izan dituen erantzunkizunak kontuan hartuta. Are gehiago, Ygueravidek min hartuta eman zituen bi hilabeteetan Ariztimuñok bikain bete zuen antolatzaile valentziarraren hutsunea.
Jokalari bilbotarra «oso pozik» azaldu da sare sozialetan beste urtebetez taldean jarraitzeagatik. «Nire bilakaera jarraitu nahi dut eta taldeari nire onena eman», adierazi du. Era berean, Ariztimuño «gogotsu» dago ere beste behin onenen artean lehiatzeko, berdin Emakumeen Endesa Ligan zein Eurocupean. «Urtero gero eta zailagoa da aurreko denboraldietako emaitzak berdintzea, baina saiatuko gara», bota du.
Natalie Van den Adel Herbehereetan jaio eta hazi zen, baina gasteiztar bat gehiago da, zalantzarik gabe. 2017an iritsi zen lehenbizi Araskira eta tartean Lugon jokatu badu ere, iaz berriz ere Gasteiza itzuli zen.
Taldeko kapitainetako bat da gainera, eta elastiko berdearekin 100 partidak gainditu ditu. Horrez gain, klubaren bigarren saskiratzaile nagusia da (825 puntu), bigarren erreboteatzailea (363) eta hirugarren asistentzia emailea (160) da.Hori gutxi ez-eta, pasa den denboralditik hona Araskiren gazte mailetako talde bat ere entrenatzen du Van den Adelek.
«‘Nat’ erreferente bat da gure neskentzat eta gure zaleentzat. Klubaren egitura eta filosofiarekin identifikatzen den jokalaria da. Kirolean, posizio ezberdinetan jokatzeko duen gaitasunak, eskuzabaltasunak eta saskibaloia ikusteko moduak funtsezko pieza bihurtzen dute», Made Urieta Kutxabank Araskiko entrenatzailearen esanetan.
Agur sumarisimoa
Ibaeta Basketek gauzak beste era batera egiten dituela bistan da. Adibidez, dagoeneko bi fitxaketa publiko egin ditu, Alba Prieto eta Lara Gonzalenak, hain zuzen. Yurena Diaz eta Maria España Almendrorekin batera, horiek lauek lekua izango dute Azu Muguruzarekin. Momentuz, ia beste inork ere ez, izan ere, zortzi jokalariri agur esan baitio talde donostiarrak. Twitter bidez eta prentsa ohar baten bitartez baliatu du talde gipuzkoarrak Mariam Coulibaly, Joy Adams, Cristina Soriano, Alima Dembele, Claudia Cuic, Nicole Cardaño-Hillary, Natalia Rodriguez eta Paula Estebasi agur esateko.
Agur kolektibo eta sumarisimoa izan da, goizeko argi printzekin talde donostiarrak burutu duena. Egia da gero jokalari bakoitzari txio baten bidez eskerrak eman dizkiola. Hala, Marian Coulibalyren hiru urteak aintzat hartu ditu Ibaeta Basketek agur esateko orduan, edo Joy Adamsek Donostian emandako bi denboraldiak. Era berean, denboraldia hasita arrapaladan iritsi behar izan zuten Paula Estebas, Claudia Cuic eta Alima Dembeleren kasuetan, denboraldia martxan zela taldera egokitzeko zailtasunak onartu dizkien klubak.
COMUNICADO OFICIAL
— IDK EUSKOTREN (@ibaetabasket) May 24, 2023
Las jugadoras Mariam Coulibaly, Joy Adams, Natalia Rodríguez, Cristina Soriano, Nicole Cardaño, Claudia Cuic, Paula Estebas, y Alima Dembelé no continuaran con el equipo la próxima temporada.
Nos gustaría agradecer a todas su paso por el club. ❤️啕 pic.twitter.com/JWUD8ESWuV
Europatik at geratu da aurten, gainera, talde donostiarra, play-offak eta Kopa bera ere jokatzeke utzi ostean. Bada, eraikina erauztea erabaki dute Carmen Muguruza presidenteak eta Azu Muguruza entrenatzaileak, 2023/24koa hobea izango den itxaropenean.