NAIZ

Euskal Eskola Publikoaren 30. Jaiak hiru gunetan banatuko ditu jarduerak Mungian, ekainaren 4an

‘Jagon’ lelopean ospatuko da Mungian ekainaren 4an Euskal Eskola Publikoaren Jaiaren 30. edizioa, gaur jakitera eman dutenez. Hiru gune izango dira Matxin plazan eta Torrebillela plazan.

Euskal Eskola Publikoaren Jaiaren egitaraua aurkeztu dute Mungian.
Euskal Eskola Publikoaren Jaiaren egitaraua aurkeztu dute Mungian. (@EEPJaia)

Euskal Eskola Publikoaren Jaiaren 30. edizioa ospatuko da ekainaren 4an Mungian ‘Jagon’ lelopean, eta jarduerak hiru gunetan banatuta eskainiko ditu, ikastetxe publikoetan (lau azpigune) Matxin plazan eta Torrebillela parkean, hain zuzen ere.

Jaiaren egitaraua asteazken honetan aurkeztu dute Mungiako Legarda eskolan; prentsaurrean parte hartu dute Bakioko Urkitza eskolako 6. mailako bi ikaslek, Mungiako institutuko DBH 4ko bi ikaslek, Egoitz Regil Legarda HLHI-ko eta Mungiako institutuko gurasoak eta Lurdes Imaz EHIGEko koordinatzaileak.

Bada, azaldu dutenez, jarduera guztiak ikastetxe publikoetan, Matxin plazan eta Torrebillela parkean banatuko dira. Umeentzako jarduerei dagokienez, Pirritx, Porrotx eta Marimotots, Goazen! eta puzgarriak izango dira ikastetxe publikoetan; antzerkia, jolas kooperatiboak eta puzgarriak Torrebillela parkean, eta ‘Gora bihotzak!’ antzerki musikala, perkusio tailerra eta euskal mitologiari buruzko jolasak Matxin plazan.

Nerabeei zuzendutako jarduereri dagokienez, graffiti tailerra, txalaparta tailerra eta fun riders izango dira, guztiak ere ikastetxe publikoetan.

Musika ere ez da faltako Euskal Eskola Publikoaren 30. Jaian, eta Kilimak, STR –talde honek egin du abestia– eta Oxabi taldeek joko dute ikastetxe publikoetan. Kirolak ere izango du tokia, kirol egokituarekin eta Athletic gunearekin (ikastetxe publikoak), eta adin guztientzako jarduerei dagokienez, Mungiako memoria historikoa ezagutzeko ibilbidea, bertsoak, euskal dantzak eta folk musika izango dira Matxin plazan.