NAIZ

UEUren Udako ikastaroak «hausnarketa eta gogoeta gune» bilakatuko dira

Formakuntza gune izatetik hausnarketa gune izatera pasatuko dira 2023ko UEUren Udako Ikastaroak. 17 ikastaro antolatu dituzte zortzi herritan ekainaren 12tik uztailaren 12ra bitarte.

2023ko UEUko Udako Ikastaroen aurkezpena, Iruñean.
2023ko UEUko Udako Ikastaroen aurkezpena, Iruñean. (Idoia Zabaleta | FOKU)

UEUren Udako Ikastaroak aurkeztu dituzte asteazken goizean Iruñean. Pasa den urteko bideari jarraiki, aurtengoan ere formatua aldatu eta «gogoeta eta hausnarketa gune» bihurtzeko asmoa dutela adierazi dute. 17 jardunaldi eta topaketa antolatu dituzte hainbat eragilerekin elkarlanean, «euskal gizartearentzat garrantzitsuak diren gauzen inguruan hausnartzeko helburuarekin». Ekainaren 12tik uztailaren 12ra egingo dira, eta Euskal Herriko herri ezberdinetan antolatu dituzte.

Arnasgune akademiko eta euskaldunen topagunea izango da datorren udako UEUren eskaintza Irati Iciar Udako Ikastaroen arduradunak esan duenaren arabera. Iaz 50 urte bete zuten Udako Ikastaroek, eta azaldu du «ibilbidea ospatzeko zein hausnartzeko» parada izan zutela. Eta bertan erabaki zuten izaera aldaketa: «Aurten ere, nahiz eta zenbaki borobila ez izan, bide horri eutsi, formazio esparrua gainditu (hori urtean zeharreko eskaintzarekin bideratuko dugu) eta Udako Ikastaroak gogoeta gune bezala finkatzea erabaki dugu».

Iciarrek adierazi du aurrez aurrekotasuna ezinbestekoa dela: «Jendeak hausnarketa egiteaz gain, elkar ezagutu eta komunitatea trinkotzea baitute helburu». Eskaintza zabala izango dela azaldu dute, «adituek zein arituek» hartuko dutela parte. Lankidetza ere azpimarratu du ikastaroen arduradunak: «Hainbat eragilerekin batera antolatu dugu aurtengoa: Kontseilua, BadaLab, Jakin, Aldee, Gezki…».

Aitor Bengoetxea UEUko zuzendaria azken 50 urteetako ibilbideari begira jarri da: «Donibane Lohizunen egin ziren lehen Udako Ikastaro horiek hainbat euskaltzalek eta erakundek bultzatuta, euskara unibertsitatean ere erabili zitekeela sinetsi zutelako. Orduz geroztik, bost hamarkadatan zehar UEUren Udako Ikastaroek ez dute hutsik egin eta jakin izan dute urte hauetan guztietan gizartearen beharretara egokitzen». Zehaztu du beraien helburua Euskal Herriarentzat garrantzitsuak diren gai eta eztabaidak eremu akademiko euskaldun batean egitea dela, eta horretarako egindako formatu aldaketei ere erreferentzia egin die: «Hasieran hitzaldi irekiak ziren, ondoren jakintza alor espezifikoak, barnetegi moduan Larraonako garaian, laburragoak eta aditu eta profesionalei begirakoak azken urteetan, eta iazko urteurrenaren hariari jarraiki, hausnarketa eta gogoetarako gune dira orain».

Eskaintza zabala

Hilabete iraungo dute aurtengo Udako Ikastaroek eta Eibar, Baiona, Iruñea, Gasteiz, Bilbo, Errenteria, Tolosa eta Usurbilen egingo dira. Matrikula guztiek 10 euroko balioa izango dute, eta informazio guztia www.ueu.eus webgunean dago.

Egitarauari dagokionez, hainbat alor jorratuko dira, orotara 17 ikastaro osatuz: osasuna, hizkuntza, adimen artifiziala, ekofeminsmoa, partaidetza komunitarioa, euskal literaturaren irakaskuntza, filosofo euskaldunen I.bilkura, gizarte mugimenduen erronka berriak… Interes ezberdinetako jendea biltzea aurreikusten dute.