NAIZ

Gipuzkoako kiroldegien hitzarmenean aurreakordioa lortu dute LABek eta CCOOk

LABek eta CCOOk aurreakordioa lortu dute Gipuzkoako kiroldegietarako, soldatek %12 igoera izango dute eta urteko lanaldia 96 ordu jaitsiko da. ELAk ez du sinatuko.

LABen protesta bat Lezoko Bekoerrota kiroldegiaren aurrean.
LABen protesta bat Lezoko Bekoerrota kiroldegiaren aurrean. (LAB)

Hitzarmenik gabe 10 urte baino gehiago eman ondoren, LABek, sektoreko sindikatu nagusiak, CCOOrekin batera aurreakordioa erdietsi du patronalarekin Gipuzkoako kiroldegien hitzarmena berritzeko. Sektoreko langileen lan baldintzak duintzeaz gain, sektoreko hitzarmen kolektiborik ez egotearen ondorioz sortu diren eskala bikoitzekin eta hirukoitzekin amaitzen duen hitzarmena da, LABek ohar batean adierazi duenez.

2023-2027 bitartean egongo da indarrean eta izaera mugagabea izango du; hau da, behin indarraldia amaituta, hitzarmena aplikatzen jarraituko da ordezkatuko duen beste hitzarmen bat sinatu arte. Soldatei dagokionean, 2023an %12ko igoera izango du 2012ko kiroldegien hitzarmeneko soldata taulekiko; eta 2024, 2025, 2026 eta 2027 urteetarako, aurreko urteko KPIaren araberako igoerak egingo dira.

Urteko lanaldiari dagokionez, orotara 1.592 ordu izango ditu, 35 ordu astean; egungo baldintzekiko 96 orduko murrizketa. Eta konpentsazio ekonomikoari dagokionez, 2024/01/01etik aurrera hitzarmena aplikatzen hasten zaien langile guztiek igarotako urte bakoitzeko KPIaren pareko ordainsaria jasoko dute. Gainerako puntuei dagokionez, kiroldegien aurreko hitzarmeneko artikuluei eutsiko zaie.

LABek adierazi duenez, hauteskunde sindikalek «agertoki berria» ireki dute Gipuzkoako kiroldegietan: 2013an, LABek %28ko ordezkaritza zuen sektorean, 7 ordezkarirekin; 2023an, %50 lortu du, eta 28 ordezkari.

«Indar korrelazioa aldatu eta gehiengoa lortuta, LABek sektoreko hitzarmenaren negoziazioa sustatu du —ELAren zentrokako estrategia gaindituz— hitzarmen sektoriala delako kiroldegietako langile guztien lan baldintzak hobetzeko tresnarik eraginkorrena».

Soldaten igoera

Lan kategorien baitako soldatek igoera izango dute hitzarmen berriarekin. Harrerako langileek lehen 1.131,34 euro x 15 ordainsari kobratzen zituzten, orain 1.800,30 euro x 15 ordainsari. Sorosleek lehen 1.294,16 euro, eta 1.800,30 euro orain, 15 ordainsarirekin. Monitoreek lehen 1.698,01 euro x 15 ordainsari eta orain 1.910,36 euro x 15 ordainsari jasoko dituzte. Garbiketakoek, berriz, 1.191,34 euro x 15 ordainsari lehen, eta 1.502,66 euro x 15 ordainsari hitzarmen berriarekin.

CCOO ere pozik

CCOOk ohar baten bidez adierazi du «ospatzekoa» dela sektorea hainbeste urtez hitzarmenik gabe egon ondoren enpresen eta langileen baldintzak berdintzea ahalbidetuko duen akordio bat lortzea. «Udal guztiek kontratazio baldintzen pleguetan txertatzeko hitzarmen bat izatea eta lantoki bakoitzak lan baldintza desberdinak izatea eragiten ari zen galera ez gertatzea pozgarria da».

ELA eta hondartzako sorosleak kanpo

ELA sindikatuak ohar baten bidez adierazi du ez duela Gipuzkoako kiroldegietako aurreakordioa sinatu hondartzako sorosleak kanpo utzi dituelako eta monitoreek %8,2ko erosahalmena galduko dutelako, hau da, 150 euro gutxiago kobratuko dituzte hilero sindikatu horren esanetan. Gainera, ELAk dio patronalarentzat ez dela inongo kosturik egongo, hobekuntza guztiak ordaintzen hasiko baitira Udalak igoera horiek lizitatzen dituenean. «Beste era batera esanda, akordio hau diru publikoarekin bakarrik ordainduko da», deitoratu du. Era berean, kasu batzuetan 2027ra arte ez da indarrean jarriko.

ELAk ziurtatu du LABek, CCOOk eta UGTk erabaki zutela, lehen bileran, Intxaurrondoko Internazionaleko, RCTSSko eta hondartzetako sorosleak (ELAko 12 ordezkari eta LABeko bat) ordezkaritzatik kanpo uztea, mahaian gehiengo osoa izateko. «Bidegabekeria larria» dela uste du, 300 langile babesgabe utzi dituelako. Horregatik, errekurtsoa jarri du EAEko Auzitegi Nagusian.