Non dago Max? Heidegerren falta eta Steven Enochen aldeko apustu antzua
Pibot estatubatuarrak ez du izan espero zen eboluziorik eta Pierria Henryren zigorraren ostean, Max Heidegger da Baskoniaren bigarren antolatzailea. Alabaina, Joan Peñarroyak bere ohiko errotazioa goitik behera aldatu zuen play-offetako aurreneko demarako, eta apustua ez zitzaion ongi atera.
«Hil ala biziko kanporaketa batera iristen zarenean bi aukeren artean egin dezakezu. Batetik, pentsa zenezake egunero egin duzun lan horretaz eta erabaki bide horretatik sakondu behar duzula, horrela lortu baitituzu zure emaitza on horiek. Bestetik, pentsa zenezake aurkaria ezustean harrapatzeko aldaketaren bat edo beste sartzea zure ohiko jokoari. Oreka bilatzen asmatzen baduzu, aukera horiek biak uztartzea posible da, eta neurri batean entrenatzaile eta prestatzaile izatearen xarma hor dago».
Unicaja talde andaluziarreko Angel Sanchez Cañete bigarren entrenatzailearen berbak dira, GARAk 2008an eginiko elkarrizketa baten karietara. Orduko hartan, Saski Baskioniak Madrilen jokatu behar zuen Euroligako Lauko finala zen aztergaia, finalerdietan Moskuko CSKA boteretsu hari –txapeldun izan zen azkenean– nola aurre egin asmatu nahian. Entrenatzaile andaluziarrak egun Ibon Navarro gasteiztarraren ondoan egiten du lan eta, era berean, Sergio Scarioloren laguntzaile ere bada Espainiako selekzioan, duela 15 urte inguru Unicajan elkarrekin lan egin ostean. Beraz, eliteko saskibaloiak nola funtzionatzen duen inork baino hobeto daki, eta modu horretara uler liteke, edo saiatu bederen, Saski Baskoniak zapatuan egin zituen ezusteko aldaketak.
Gironan jokatu gabe geratu ostean, bistakoa zen Rokas Giedraitisek larunbatean Joventuten aurka jokatuko zuela; 33 minutu eman zituen kantxan hegaleko lituaniarrak. Kontua da jokalari bat baztertu behar zuela deialditik Joan Peñarroyak Giedraitisi lekua egiteko. Denboraldian zehar Daulton Hommes izan da jokalaririk kaltetuena, bere belaun erasanduek kontu handia eskatzen baitute, baina Euroligako lanak amaitu ostean, Max Heidegger eta Steven Enoch izan da deialdietatik kanpo gehienetan geratu den jokalaria.
Hargatik, harrigarria izan zen Max Heidegger kanpoan lagatzea zapatuan Joventuten aurka jokatzeko. Pierria Henryren lekuan iritsi zenetik, Israelgo pasaportea duen antolatzaile estatubatuarrak Saski Baskoniaren partida guztiak jokatu ditu. ACB Ligari dagokionez, 16 neurketa izan dira eta batez beste 9,0 puntu eta 3,6 asistentzia erdietsi ditu 19 minutuan. Alegia, Darius Thompsonen ordezko lanak txukun bete ditu, jakinean Tennesseeko antolatzailea dela titularra. Thompsoni atsedena emateaz gaink, bestalde, Markus Howard, Vanja Marinkovic eta Arturs Kurucs eskolta lanera bultzatu ditu Heideggerrek, aipatu hiru jokalariek taldearen gidaritza baino bertute hobeak dauzkatelako: jaurtiketa Howard eta Marinkovicen kasuetan, defentsako lana Kurucsek.
Enoch, atzekoz aurrera
Alabaina, Steven Enochen alde trabesa egin zuen zapatuan Joan Peñarroyak. Jakina da Ante Tomic dela Joventuten jokalari garrantzitsuena, Kyle Guy edo besteren distira gorabehera. Pibot kroaziarrak 36 urte ditu dagoeneko eta zenbait gabezia ere bai, defentsa lan fisikoen aurrean asko sufritzen du. Horrez gain, gogoan izan behar da Kopako final-laurdenetan, aurreneko erdian batez ere, Enochen defentsa lan ona burutu zuen Tomicen aurrean, eta aurrekari hori gogoan, Enochen alde apostu egin zuen Peñarroyak.
Sei minutu jokatu zituen pibot estatubatuarrak. Ez zuen punturik saskiratu, bi errebote eskuratu zituen eta baloi bat galdu. Ante Tomicek berak puntu bakarra sartu zuen tarte horretan, baina markagailua 8-16 zela laga zuen Enochek kantxa eta gehiago ez zen itzuli. Ondorioz, pibot lanak Kotsar eta Costelloren artean bete zituzten.
Aurten 7,6 puntu eta 5 errebote lortu ditu Enochek batez beste, 18 minutu pasatxo jokatuz. Iaz 9,1 puntu eta 4,7 errebote lortu zituen, minutu bat gehiago jokatuta batez beste. Askoz gehiago espero zen pibot estatubatuarrarengandik eta honek ez du espero bezala erantzun. Egia da Maik Kotsarren lanak bidea itxi diola Enoch, baita Matt Costelloren lanak ere, baina Enochen talentua eta emaitzak ez datoz bat. Erasoan maila handia du, baina defentsan, batez ere laguntzak egin eta bere egokitzapena berreskuratzeko orduan, arazo handiak ditu.
Atzo ere Tomic geratzeko lana beltz egin zuen, baina Brodziansky eta Parrak min handia eman zuten minutu horietan eta errebotean ere nagusi zen Joventut. Gauzak honela, denboraldia amaitzen denean, berdin dio asteartean zein ACB Ligako finala irabazita ere, ez dirudi Enochek Gasteizen jarraitzeko itxura handirik duenik.
Antolatzaile bat eta behin-behineko konponketak
Darius Thompson eta Markus Howard elkarrekin ziren hasierako bostekoan eta Marinkovic Thompsonen lekuan sartu zen aurreneko errotazioan. Laurdenaren azken lau minutuetan 4-12ko partziala lortu zuen Joventutek. Tarte horretan Thompsonek Markus Howard ordezkatu zuen eta bigarren pertsonala egin zuelako, Kurucs sartu zen Tennesseekoaren lekuan.
Orotara, Darius Thompsonek 28 minutu jokatu zituen; 8 aurreneko erdian eta bigarren erdia oso-osorik. Kurucsek bi minutu baino ez zituen izan eta Marinkovicek 11 minutu jokatu zituen, ia ezer ez atsedenaldiaz geroztik, falten errua zela-eta. Markus Howardek, berriz, bigarren eta laugarren laurdenean 11na puntu sartu bazituen ere, Baskoniaren joko askoz logikoagoa egin zuen eskolta moduan jokatuz –azken aldera baloia hartu eta ia paserik eman gabe erasora jo bazuen ere– antolatzaile lanetan, baino.
Zertarako, orduan errotazio aldaketa hau? Enochek Heidegger deialditik kanpo laga zuen, baina aurreneko laurdenaz geroztik ez zuen segundurik ere jokatu. Bestetik, Joan Peñarroyak, fidatzeko moduko bigarren antolatzaile baten faltan, aurreneko erdiko esperimentoak alde batera laga zituen, 20 minutu horietan desorekatu zitzaion partida nolabait orekatu nahian.
Egia da Pierria Henryren afera lehertu zenetik hona Baskoniak arazo handiak izan dituela antolatzaile postuan, Darius Thompsoni atsedena ematerakoan. «Ez gara Joventuten joko fisikoa berdintzeko kapaz izan. Beren barruko jokoa zaintzen ahalegindu gara eta kanpokoa ez dugu kontuan hartu. Joventutek energia gehiago erakutsi du eta ez gara horri buelta emateko gai izan», esan zuen, penatan, Joan Peñarroyak.
Zer egin liteke asteartean? Max Heidegerrek ez dio energiarik eta gaitasun fisikorik emango Baskoniari, egia esan. Zentzu horretan, Saski Baskoniaren apostuak logika osoa dauka. Baina azken hilabeteetako errotazioaren dinamika berreskuratuko luke, are gehiago entrenatzaile katalanak Steven Enochengan konfiantzarik ez duela kontuan izanda. Energia, joko fisikoa, defentsa eta denboraldian zehar egin duen horretan konfiantza izatea, hori da bestalde Baskoniak egin dezakeen onena. Galtzekoak galdu ditu dagoeneko, beraz asteartetik aurrera, irabazteko dauka dena.