NAIZ

Behin sasoia amaituta eta salbazioa lortuta, Beti Onak-ek taldea eraberritu du 2023-24rako

Natalia Montilla, Mari de Uriarte, Lyndie Tchaptchet eta Kassia Cesar jokalariek ez dute talde nafarran jarraituko, gainontzekoek kontratua berritu dute eta gainera beste sei fitxaketa egin ditu Atarrabiako klubak 2023-2024 denboraldirako.

Beti Onak taldea eraberritu egin da 2023-24 denboraldirako.
Beti Onak taldea eraberritu egin da 2023-24 denboraldirako. (Iñigo URIZ | FOKU)

Lau egun besterik ez dira pasa Beti Onak taldeak azken partidan salbazioa lortu zuenetik eta klubak datorren denboraldiari begira dagoeneko lan guztiak egin dituela esan daiteke. Izan ere, asteazken honetan jakitera eman duenez, Natalia Montilla, Mari de Uriarte, Lyndie Tchaptchet eta Kassia Cesar jokalariek ez dute talde nafarrak jarraituko. Hala ere, hauen ordez, beste sei fitxaketa egi ditu Atarrabiako klubak: Kelly Nnonzie Fonkeng, Isabel Fernandez-Agusti, Nerea Canas, Almudena Gutierrez Mora, Gabriela Romero Moraes eta Maria Grasielly Brasil Pereira.

Hauez gain, aipatu behar da gainontzeko jokalariek kontratua berritu dutela. Hauek dira Olaia Luzuriaga eta Patricia Encinas atezainak, Eider Hernandez, Luzia Zamora, Ayelen Garcia, Estitxu Rodriguez, Valeska Lovera, Paula Garcia Locay, Adriana Mallo, Naiara Retegi, Aileen Ripa, Macarena Sans eta Aihnoa Garcia Duran. Eta, nola ez, Miguel Etxeberria entrenatzailea eta bere lan-taldeak ere klubean jarraituko dute.

Taldea utziko duten lau jokalarien artean, aipatzekoa da Lyndie Tchaptchet harrobiko jokalaria. 18 urte dituela, Super Amara Bera Bera Kopako txapeldunarekin fitxatuko du. Oraindik ez da ofiziala egin bere fitxaketa, baina bere etorkizuna Donostian dagoela ziurtatu dute.

Iritsiko diren aurpegi berriei dagokienez, aipatzekoa da Maria Grasielly Brasil Pereira. 22 urteko brasildarra Granollers taldetik dator. «Larunbatean zurekin sufritu genuen...», azpimarratu du Beti Onak-ek bere sare sozialetan. Ezker hegala indartuko du.

Bestalde, Atarrabiako zaleek oso ondo ezagutzen duten Kelly Nnonzie Fonkeng nafarra Malkaitz taldetik dator eta 16 urte besterik ez ditu. Isabel Fernandez-Agusti 22 urteko asturiarra Ohorezko Mailatik jaitsi den Zuazotik dator. «Hegaletik sufritu genuen, baina disfrutatuko dugu», azpimarratu du Beti Onak-ek.

19 urteko Nerea Canas zentrala ere iritsiko da Atarrabiara. Ohorezko Zilar Mailako Sanse talde madrildarretik dator eta Estatu mailako «harribitxi» bezala deskribatu du Beti Onak-ek. Berarekin batera, Costa del Sol Malagan jokatzen aritu den Almudena Gutierrez Mora 20 urteko pibotea ere fitxatu du.

Azkenik, esperientzia puntua emateko, 27 urteko Gabriela Romero Moraes fitxatu du talde nafarrak. Defentsan sendo dabilen jokalariak oso gertu izan du igoera Morvedrerekin eta «erritmoa» ekarriko duela aitortu du klubak.