NAIZ

Sarek Zelaia eta Barbadoren aurkako zigorra arbuiatu du: «Atzera garamatzan sententzia da»

«Espainiar justiziak oraindik ere lekuz kanpo dauden zigorrak ezarten darrai "terrorismoaren" aitzakiapean», adierazi du Sarek ohar baten bidez, Auzitegi Gorenak Aitor Zelaia eta Galder Barbadoren aurkako zigorra berretsi ostean.

Galder Barbado eta Aitor Zelaiari babesa adierazteko Gasteizen egindako elkarretaratze bat.
Galder Barbado eta Aitor Zelaiari babesa adierazteko Gasteizen egindako elkarretaratze bat. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Sarek Auzitegi Gorenak Aitor Zelaia eta Galder Barbadoren aurka berretsitako zigorra salatu du. Auzitegi Nazionalak ezarri zizkien 4 urteko gartzela zigorra baieztatu zuen Gorenak. «Atzera garamatzan sententzia da Galder eta Aitorri ezarritakoa, salbuespeneko politika atzean uzten ari garen garaiotan guztiz zentzugabea».

Asteazken honetan igorritako oharrean, gogora ekarri dute «ETAk jarduera armatuari amaiera emateko erabakia hartu zuenetik 12 urte igaro diren arren, eta desegin zenetik bost urte igaro diren arren», badirela «etengabeko gatazkari eusten saiatzen direnak».

«Espainiar justiziak oraindik ere lekuz kanpo dauden zigorrak ezarten darrai "terrorismoaren" aitzakiapean», adierazi du Sarek.

Era berean, nabarmendu du bai Zelaiak, bai Barbadok «epailearen aurrean indarkeriarik gabeko estrategiarekin bat egiten dutela argi adierazi arren, eta froga irmorik gabeko epaiketa baten ostean, mendeku tresna gisa erabilitako justizia» dela honako hau.

«Espetxeen problematikari aterabidea eman eta sufrimendu guztiekin amaitzearen alde urratsak ematen ari garen honetan, honelako epaiek ez dute lekurik. Presondegiak betetzeak ez du inolako kabidarik elkarbizitzarako eta bakerako bidean», adierazi du Sarek.

Epai berri honen aurrean, mobilizazio deialdiekin bat egiteaz gain, Sarek «bakearen, bizikidetzaren eta konponbidearen alde lanean jarraitzeko borondatea» berretsi nahi izan du. «Hori baita euskal gizartearen gehiengo zabalak guztioi eskatzen diguna».