Pilota kirol berezia dela esaten duten horiek euren tesia berresteko argumentuz bete dituzte patrikak. Final handi baten azken protokoloan beste edozein jarduera profesionaletan sinestezinak izango liratekeen hamaika detaile ikusi ahal izan ditugu ostegun honetan Bizkaia pilotalekuko kantxa eta barrunbeetan.
Hasterako, aldagelan, musika ozen jarrita zutela, oporretarako dituzten planez aritu dira Jokin Altuna eta Aitor Elordi, Buruz Buruko txapelketako finalistak. 10 minututan egina zuten iganderako aukeraketa, azkenaldi luzean ohiko bilakatu denez, inolako kexurik gabe, eta prentsa aretoan ere, elkarri loreak botatzen eman dituzte prentsaren aurrean emandako minuturik gehienak. Eta inork zalantzarik balu, «badakit nire zaleek Elordiren tantoak txalotuko dituztela eta Elordirenek nireak».
Kontua da, bataren eta bestearen azken finalak elkarrekin ospatu dituztela amezketarrak eta mallabitarrak, baina igande honetan, halabeharrez, bakoitzak bere aldetik egin beharko duela, txanpon beraren bi aldeak ordezkatuko baitituzte batak eta besteak. «Oraingo honetan enpresako kideen artean ere ez naiz inor gonbidatzen ibili, biak lagun handiak izanda, jendea konpromisoan jartzea iruditzen zait aukeratu behar badu. Bion zaleak oso harreman handia dute elkarrekin, oso ondo eramaten dira eta dakidana da, giro ederra egongo dela Bilboko kaleetan», gaineratu du amezketarrak.
Adiskidetasun giro honetan espero zen legez, materialak ere ez du polemikarako biderik zabaldu. Biek amaitu dute oso gustura Martin Alustizak aurkeztutako lotearekin eta dena oso azkar joan da. «Nireak agian frontisean irteera gutxikoak dira eta lurrean ibiltzen direnak dira. Bereak ere gustatu zaizkit», azaldu du gipuzkoarrak. Aitor Elordi ere erabat konforme geratu da apartatutako lau pilotekin.
Finalak jokatze honetan esperientzi aldetik Jokin Altunak dezente gehiago izanagatik, biak agertu dira, itxuraz behintzat, oso lasai eta finalaz eta aurreko egunez gozatzeko intentzioa adierazi dute. «Berak ez badu presiorik, nik gutxiago», adierazi du lorik galdu ez duen Elordik, arerioak motxilarik gabe jokatuko duela entzundakoan.
«Ez naiz gutxiago sentitzen»
Faborito kontuek ere ez dute, ez bata ez bestea, gehiegi kezkatzen. «Normala da bera faborito izatea, baina ni ez naiz Jokin baino gutxiago sentitzen eta final batean banago horretarako merituak egin ditudalako da. Ez nator bakarrik gerra ematera, irabaztera nator», aipatu du Elordik, bere buruan konfiantza handia erakutsiz.
Partidako giltzei dagokionean ere bat etorri dira biak sakeak aparteko garrantzia izango duela aipatzerakoan. Alde horretatik, Jokin Altunak argi du «berari sakea egokitu eta partida 6-0 galtzen has naitekeela». Biek argi dute partida takadaka joango dela eta bakoitzarena ahalik eta gehien luzatzen saiatuko dira.
Bien arteko desadostasunen bat bilatzekotan, igandean izango den giroan topatu behar izan dugu. Jokin Altunak, esaterako, frontoian tantorik tantora musikarik ez egotea nahiko lukeen bitartean, Aitor Elordi gustura dago azkenaldian sartutako berrikuntzekin.
Eta ohikotik kanpo egon den azken detailea, aukeraketaren ostean, bi pilotariek doping-aren kontrola pasa behar izan dutela, Lakuako Gobernuko kirol zuzendaritzako teknikariak ere Bizkaia pilotalekuan egon dira-eta.