Zaleek eta klubak berak aspaldi gehien entzun nahi izan duten albistea zabaldu du ostiral honetan Realak. Nerea Eizagirrek kamiseta txuri-urdina janzten jarraituko du, kontratua luzatu ondoren. 2024ra arte berritu du kapitainak, ekainaren 30ean bukatzen zitzaion orain arteko kontratua.
Tolosarraren berritzeak bultzada handia ematen dio proiektu txuri-urdinari, azken finean bera baita, Amaiur Sarriegirekin batera, azken urteotan aurrerapausoa eman duen taldearen ikurra. Baita interes gehien pizten duen Liga F txapelketako futbolarietako bat ere. Jokalariari ez zitzaion eskaintzarik faltako, orain dela bi urte gertatu zen bezela, baina oraingoan ere Realarekin arrakastak lortzeko dituen gogoei eutsi die.
Nerea Eizagirrek (Tolosa, 2000) 16 urte besterik ez zituen Realarekin Lehen mailan debutatu zuenean, herriko taldean hasi eta Añorgatik pasa ondoren. Igor San Miguelek minutuak eman zizkion hasierako denboraldi hartan. Bi urte beranduago, dagoeneko Gonzalo Arconadaren aginduetara, bazeukan bere tokia hamaikakoan eta jokalari erreferentziala izateko bidea oso garatuta zegoen.
Hazkunde handiena, hala ere, Natalia Arroyorekin ikusi zaio. Urteen eta esperientziaren laguntzaz gain, Kataluniako entrenatzailearen eskutik jokoaren alderdi guztietan hobetu du nabarmenki tolosarrak. Jaurtiketa indartsu eta ikusgarriak egiten dituen jokalaria baino askoz gehiago da gaur egun, ezaugarri hori ere indartu badu ere. Oso inplikatuta dago baloirik gabeko jokoan, futbol sortzailea da, goleko paseak ematen dituena –bera da Real Madrileko Caroline Weirekin batera gol pase gehiago eman dituen futbolaria azken denboraldian–... Guzti hori Eizagirreren nortasunari batu behar zaio. Orain dela bi urte talde erdiak alde egin zuenean, erreferente handiak tarteko, tolosarrak ez zuen inolako beldurrik eduki urrats bat eman eta kapitainaren rola hartzeko; zelaira ere eraman duen lidergoa.
2021an gertatu zen bezela, Eizagirreren berritzea mezu garratzitsua da. Etxekoentzat eta kanpokoentzat, proiektu txuri-urdina futbolari anbiziosoen helburuei erantzuteko modukoa delaren mezua zabaltzen baitu. Arazo bakarra, eta ez da txikia, kontratuaren iraupenean dago. Hurrengo hilabeteetan ere lanean jarraitu beharko baituta Realeko agintariek, kapitaina Zubietan jarraitzen konbentzitzeko modua bilatzen.
Zortzigarren denboraldia izango da Eizagirrerentzat elastiko txuri-urdinarekin. Aurreko zazpietan, Ligako 143 partida jokatu eta 43 gol sartu ditu.
🗣️ @nereaeizagirre_ : “Pozik nire bizitzako taldean jarraitzeagatik”#NEizagirre24 | #aurrerareala pic.twitter.com/FP1pEp5by5
— Real Sociedad Femenino (@RealSociedadFEM) June 2, 2023
«Pozik» eta «gustura» agertu da jokalaria bera berritzearekin. «Polita da zure bizitzako taldean jarraitzea. Txikitatik beti izan dut buruan Realarekin debuta egitea. Orain zazpi urte eta gero, beste urte betez jarraitzea pozgarria da», esan du. Bere asmoa, zortzigarren urte horretara begira, «bere bertsio onena ematea da, ahalik eta lan gehien egitea, taldeak nitaz disfrutatzen jarraitzeko, nik beraiekin taldean lanean jarraitzeko eta espero dut oraindik amets asko lortzea».
Talde erdia
Eizagirreren berritzearekin, hamaika jokalari dira kontratua indarrean daukatenak datorren denboraldiari begira. Beste bosten etorkizunak, berriz, argitu barik jarraitzen du. Adriana Nanclares, Ana Tejada, Ane Etxezarreta eta Cecilia Marcos dira ekainaren 30ean bukatuko den kontratua eukita, oraindik non jokatuko duten zabaldu ez dutena. Atletico Madrilek utzita etorri bazen ere, Alejandra Bernaberen izena gehitu daiteke, Le Guillyrekin egin zuen ez bezela, klubak ez baitu hegalekoa oraindik agurtu eta bigarren lagapen bat edo fitxaketa negoziatzen legoke.