NAIZ

Amagoia Mujika izango da uztailetik aurrera ‘Berria’-ko zuzendaria

Mujikak ‘Berria’- aritu da sortu zenetik, azken urtean zuzendariorde paperean. Bertan Mundua eta Webgunean sailetan aritu da, nahiz eta nazioarteko gaiak ere landu izan dituen, tartean, Ukrainako gerraren hasiera.

Amagoia Mujika Tolaretxipi, ‘Berria’-ko zuzendaria.
Amagoia Mujika Tolaretxipi, ‘Berria’-ko zuzendaria. (BERRIA)

Martxelo Otamendik, hiru hamarkadaz ‘Berria’ egunkariko zuzendaria izan dena, erretiroa hartuko du eta Amagoia Mujika Tolaretxipik (Andoain, 1971) hartuko dio lekukoa, gaur goizeko akziodunen batzarrean jakinarazi bezala.

Otamendi izan da ‘Berria’ sortu zenetik zuzendari bakarra, ‘Euskaldunon Egunkaria’-ko ardura ere izan ostean. Mujika, berriz, 2019tik geroztik zuzendariordea izan da. Uztailean egingo dute kargu aldaketa; Otamendi, erretiroa hartu arren, Administrazio Kontseiluan sartuko da.

Mujika kazetaritza lizentziaduna da, eta ikasketak amaitu zituenetik ibilbide oparoa izan du. Euskadi Irratian hasi zuen jarduna, praktiketan, eta gero ‘Aiurri’ aldizkarian aritu zen. 1995ean ‘Euskaldunon Egunkaria’-n ibili zen, itxi zuten arte, sail desberdinetan. ‘Berria’ 2003an argitaratzen hasi zen arte, ‘Egunero’-ko erredaktorea ere izan zen.

Azken 20 urteetan Mundua eta Webgunea sailetan aritu da. Denbora batez, Donostiako Musika Hamabostaldiko komunikazio arloan ere ibili zen. Iaz, Ukraina eta Poloniaren mugara joan zen lanera, hasi berria zen gerra kubritzera. Nazioarteko bestelako gaiak ere jorratu izan ditu.

«Eskerrik asko denoi. Eskerrik asko ‘Berria’-ko lankide eta lankide ohi guztiei eman didazuen babezagatik», zabaldu du txio baten bidez zuzendari berriak. «Jende aparta dut alboan, eta zuei esker egingo dugu aurrera, etorkizuneko erronkei gogoz eta ilusioz ekiteko. Eskerrik asko Martxelo», gehitu du.