Uda ate joka, segak arraizteko garaia

Udaberri amaiera eta uda izaten dira sega lehiaketen denboraldia, belardiak ikusgarri egoten diren urte sasoi hauxe. Maiatzaren 6an abiatu zen Etxalekun Almitza Sega Elkarteak antolatzen duen Bakarkako Liga, eta Altzon amaitu zen aurreko larunbatean.

Ainhoa Galarraga, 2015ean Azpeitian jokatu zen Europako Txapelketan, Euskal Herria ordezkatzen.
Ainhoa Galarraga, 2015ean Azpeitian jokatu zen Europako Txapelketan, Euskal Herria ordezkatzen. (Gorka RUBIO | FOKU)

Mendi buelta bat ematea nahikoa da belardiak urte sasoi honetan nola dauden ikusteko. Berde-berde, haizearekin harro mugituz, norbaitek behar bezala mozteko eskean. Eta horretan trebeenak, belarra mozteko makina bat erostea sega bat erostea baino merkeagoa den garai honetan, Almitza Elkarteko segalariak dira.

Euskal Herriko XIV. Bakarkako Sega Liga, adibidez, maiatzaren 6an abiatu zen Etxalekun, eta aurreko larunbatean amaitu zen Altzon. Tartean, Hernanin jokatu zen bigarren jardunaldia. Aurten, gainera, Europako Txapelketa jokatuko da Eslovenian -uztailaren 28tik 30era Moravce herrian-, eta bertan Euskal Herria ordezkatzeko txartelak egon dira jokoan.

Izan ere, Europako Txapelketak ezinbesteko giltzarriak izan dira Almitza Sega Elkarteak azkeneko ia 30 urte hauetan egin duen lana ulertzeko. Azkartasun modalitatean jokatzen diren lehiaketak dira, oso lan motzak, non belarra txukun mozteak sekulako garrantzia duen, eta horrek, hain zuzen, ate berriak ireki dizkio erabateko gainbeheran zegoen kirolari.

Alemaniarrak Zaldibian

«Ni zaldibiarra naiz, eta mutil alemaniar bat etorri zen, hemengo erizain baten bikotekide», hasi zaigu kontatzen Miel Mari Jauregi ‘Altzo’, elkartearen sortzaileetako bat, lehen pauso haiek gogoan. «Gero bere aita ere etorri zen bisitan, eta hortxe hasi zen istorio hau. Kartelen bat ikusi zuen aitona hark, kilokako sega txapelketako kanporaketaren baten berri ematen zuena, eta harrituta geratu zen. Beraiek ere Alemanian sega txapelketak jokatzen zituztela komentatu zuen, baina hemengoaren oso desberdina zela. Bera Dusseldorfekoa zen eta bertako jendearekin harremanetan jarri ginen. Hura 1995ean izan zen».

Kilotako txapelketa bat hasi aurreko patxada (Juan Carlos RUIZ / FOKU)

«Orduan anekdota moduan hartu genuen, baina harreman hartatik tiraka 1996an Taldekako Europako Txapelketan parte hartu genuen. Lauko taldeak izaten dira, eta hemengo emakumeentzat ia lehen aldia izan zen sega txapelketa batean parte hartzen zutena. Europan, aldiz, oso ohikoa zela konturatu ginen. Hemen ere asko aldatu dira gauzak, baina orduan sega oso gizonezkoen kirola zen. Europan, aldiz, bai bakarka, bai taldeka, oso ohikoa zen emakumeak segan lehiatzea. Hori izan zen gure lehen aldia Europan», gaineratu du Miel Mari Jauregik.

Emakumeak sega lehiaketetan normaltasun osoz parte hartzen, gaztetxo edo beteranoentzako mailak, talde desberdinetako kirolari askoren parte-hartze zabala... Europako lehiaketa ereduak erabat maitemindu zituen bertara joan ziren euskal ordezkariak, eta geroztik lan handia egin dute eredu hori Euskal Herrian ezagutarazi eta zabaltzeko.

«Kostatzen da jendea erakartzea, hala da. Baina aipatu behar da Europako sega modalitate hau oso bizia dela, oso azkarra. Hemengo sega txapelketa tradizionaletan lau edo bost segalari aritzen dira, ordubeteko lana izaten dute normalean, gero belarra pisatu behar da... Europan ez da halakorik. Europan ezaugarri nagusiak justu kontrakoak dira: jende asko, parte hartze handia eta lan motzak. Errazagoa da kudeatzeko, ez da talde handi bat behar segalariaren inguruan, eta horixe da hedatzen ari garen modalitatea, errazagoa delako», onartu du oraindik Ligan parte hartzen duen Jauregik.

Euskal Herria, hasieratik

Europako Sega Txapelketen beste ezaugarri bat herrien arteko harremanak sendotzeko ahalegina da, eta hor oso eroso sentitu dira euskaldunak lehen egunetik. «Gure euskal izaera onartuta dago, gure herri izaera kontuan hartzen da. Gainera, segalaritzan oso sustraituta dago Europako herrien arteko harremana, izaera kulturalarekin oso lotua dagoelako. Harremanei garrantzia handia ematen zaie, eta gu oso ongi moldatzen gara hor, oso eroso sentitzen gara. Agian, gaizki dago guk esatea, baina ikusten dugu beraientzat gure presentzia garrantzitsua dela, estimatzen gaituztela. Kolektibo handi bat da Europakoa: hasi Finlandiatik eta Europa erdialde horretan barrena Suitza, Alemania, Austria, Eslovenia... Eta guretzat hor presentzia eduki ahal izatea oso garrantzitsua da».

2019an Austriako Europako Txapelketara joan zen euskal selekzioa (ALMITZA SEGA ELKARTEA)

Lehen egunetik Euskal Herria ofizialki ordezkatuz parte hartu ahal izan dute. «Beste kirol askotan dagoen arazoa guk ez daukagu. Guk hori irabazita daukagu. Ziur asko, sarrera egokia izan genuelako eta alemaniarrak izan zirelako gu Europa mailan aurkeztu gintuztenak», hausnartu du ‘Altzo’-k eta urteotan Euskal Herria Europan ezagutarazteko egin duten lana nabarmendu du.

«Beti saiatzen gara dantza talderen bat eramaten, edo dantza sueltoko txapelketan ibilitako bikoteren bat. Guri esker Europan milaka pertsonak badakite Euskal Herria zer den eta badute gure berri. Aurkezpen ekitaldi batean agian egongo dira 4.000 edo 5.000 lagun, eta gu Euskal Herriko jantziekin joaten gara. Zubietako joaldunak ere bi aldiz izan dira. Lurraldetasuna, nekazari izaeraren aldarrikapena... kirola baino gehiago da», aldarrikatu du.

Baina horri guztiari zentzua emateko beharrezkoa da segan gutxieneko maila bat izatea, Jauregiren ustez. «Banaka hartuta maila ona eman duten euskaldunak badira. Europako Txapelketan garaipen bat lortu zuen lehen euskalduna, adibidez, emakume bat izan zen: Izaskun Larrarte, Ibarrakoa. 1999an izan zen, Eslovenian. Gizonezkoetan posturik onena, ziur asko, Goenaga errezildarrak egingo zuen; bigarren iaz, Suitzan. Joxe Gabirondok hirugarren postua lortu zuen, Igor Esnaolak laugarrena, nik bosgarren amaitu nuen 2001ean...».

«Hori bai, bigarren euskaldunak agian amaitzen du hogeigarren, eta horregatik taldeka okerrago ibiltzen gara. Gure helburua litzateke taldeka ere emaitza hobeak lortzea, horrek nazioartean aitortza suposatuko lukeelako. Euskaldunak gara, trikitixa hartuta joaten gara eta giro ederra jartzen dugu. Oso estimatuak gara, baina horretarako segan ere maila eman behar da», dio zaldibiarrak.

Europako Txapelketan nazio bakoitzetik hamar gizonezkok eta bost emakumezkok hartuko dute parte. Hamar gizonezko horietatik, orain arte, hiru 30 urtetik gorakoak izaten ziren eta zazpi, 30 urtetik beherakoak. «Hori aurten aldatu egin dute eta bost eta bost izango dira. Emakumezkoetan lehen bat izaten zen 30 urtetik gorakoa eta lau gazteagoak, eta aurten bi eta hiru izango dira. Eta gaztetxoetan hiru partaide nazio bakoitzeko: bi mutil eta neska bat», dio.

Laguntza gutxi erakundeetatik

Miel Mari Jauregi nahiko kexu da Almitza Sega Elkarteak egindako lan horrek guztiak ez duelako apenas aitortzarik jaso erakundeetatik, salbuespenak salbuespen. «Euskal Herrian ikuspegia oso federatiboa da denerako. Esaten dizute: futbolean ez dakit zenbat fitxa federatibo daude, ziklismoan hainbeste, pilotan... Konparazioan, herri kiroletan kopurua oso txikia da, eta segan, zer esanik ez. Joaten zara Eusko Jaurlaritzara laguntza eske eta ez zaituzte aintzat hartzen. Dena gure kontura egin behar dugu eta horrek asko baldintzatzen gaitu. Zer zaila den ikusaraztea egiten ari garenaren balioa! Inkultura horma batekin egiten duzu topo; ezjakintasuna baino ‘ezjakin-nahitasuna’ dela dirudi».

Iaz Bavarian ateratako argazkia (ALMITZA SEGA ELKARTEA)

Beste kezka bat segarekin harreman zuzen-zuzena izan duen euskal baserri klasikoaren galera da. «Esne behien baserria segalaritzari oso ondo datorkio. Hemen behiak larrera jo du, ia erabat, haragitarako. Esne behiak dituzten baserri txiki-ertainek ganadu-jana egiten dute oraindik. Baina handiek jada ez. Horiek dena kolpera egiten dute. Urtean bi edo hiru korte emango dizkiote belarrari, baina ganadua larrerako bakarrik. Baina zuk jetzi behar den behi bat baduzu, hori etxe inguruan daukazu eta horri berdea ematen diozu. Aukera duzu, beraz, segan aritzeko. Hori da, ziur asko, segalaritzak irauteko gako nagusia: esne-behiak dituzten baserri txikiak dauden lekuan posible da segan aritzea. Larreko ganaduarekin ez».

Eta dioenez, erakundeetatik urte luzez entzun dugunaren kontra, Europan oraindik ere bizirik dago baserrian esne-behi batzuk izateko ohitura. «Baserritarren artean Alpeetako jendearekin antzekotasun handiak ditugu. Nik baserri handia ez daukat, zazpi edo zortzi behi suitzar, txikia da, baina Alpeetan ere hori antzekoa da. Hogei edo hogeita gutxi behiko baserriak dira gehienak. Guri askotan sindikatu eta erakundeek saltzen digute Europan ustiategi handiak bakarrik daudela, baina ez da egia. Autoa hartu eta Sttutgart-etik apur bat ateratzen bazara, herri guztietan dauzkazu zazpi-zortzi behiko baserriak; Munichera bidean, adibidez».

Badirudi egoera hori aldatzea ez dela erraza izango, baina bitartean Almitzaren lana ezinbestekoa izango da sega bizirik mantentzeko.

 

Luixa Uzkudun: «Sega eskolara eramaten nituen haurrak eta inbidia pasatzen nuen»

Luixa Uzkudun eta Izadi Arrospide ama-alabak, txapelak jantzita, iazko Emakumezkoen Binakako I. Sega-sail Txapelketa irabazi ostean (ALMITZA SEGA ELKARTEA)

Luixa Uzkudun izan da emakumezkoen maila nagusiko txapelduna. Errezildarrak garaipena eskuratu zuen Etxalekuko lehen saioan eta Altzoko hirugarrenean, eta bigarren izan zen Hernaniko bigarrenean, Alaitz Imazen atzetik.

«Etxetik abiatzen zarenean ez dakizu nolako belarra topatuko duzun, lehen sega-kolpeak jotzerakoan konturatzen gara zer belar mota daukagun. Izan liteke ona, mozteko errazagoa, izan liteke ereindakoa, handia, eguraldiagatik etzana, lehorragatik sufritu duena... Edozein belar toka liteke. Eta justu Etxalekuko saioan ereindako belarra tokatu zen, lehorrarekin pixka bat sufritua, eta nahiko zaila. Esango nuke nahiko ongi moldatzen naizela ni horrelako baldintzetan. Kolpe mantsoa dut, baino bortitza, eta esango nuke hori izan zela gakoa nik irabazteko», azaldu digu Etxalekukoaz.

«Aldiz, Hernanikoan belarra samurra zegoen, nahiko lur gozoa. Horrek sega oso aurrera sartzeko aukera ematen zuen eta kolpe bizkorra ematekoa. Adinagatik bakarrik ere, Alaitz bikoiztu egiten dudalako urteetan, aurrea hartu zidan. Alaitz oso segalari bizkorra da, gainera. Baina badaude beste batzuk ere: Ainara Otamendi, Ainhoa Maizkiaran...», gehitu du Hernaniko bigarren postuaz.

Altzon erabaki zen azkenean Ligako txapelduna, baina Luixak azken probaren aurretik onartu zigunez, pizgarri nagusia Europako Txapelketara joateko txartela eskuratzea da. «Europako Txapelketa izugarrizko gozokia izaten da. Europan Euskal Herria ordezkatzea izugarrizko ohorea da. Beste herrialdeetako segalariekin aritzea. Bizkarrean Euskal Herriaren izena daramazu eta hori zoragarria da. Almitzak aukera hori ematen du eta hor ibiltzen gara gu ilusio ikaragarriarekin».

Luixaren kasua nahiko berezia da, berandu hasi zelako segan. «Nire kasua bitxia da. Ni baserritarra naiz, Errezilgoa, baina baserrian ez nuen segan ikasi. Nire senideek bai, haiek ikasi zuten etxean, gurasoak baserritarrak zirelako eta segan egiten zutelako, baina nik ez. Ez dakit ziur zergatik. Ni ezkerra naiz eta agian horregatik izango zen. Gurasoek ere ez zuten agian ahalegin handirik egingo niri segan erakusteko, baina senideak ikusi hutsarekin moldatu ziren, eta ni ez. Baina gerora, seme-alabak izan nituenean, Joxe Gabirondok Gaztelun gaztetxoei erakusten zienez, bertara eraman nituen haurrak. Haiei begira sekulako inbidia pasatzen nuen eta begirik kendu gabe egoten nintzen. Egun batean Joxek sega bat eman zidan eskura, hartu nuen, eta ikusi nuen egiten nuela segan. Hasieran gaizki, baina egiten nuen. Teknika erakusten jardun zitzaidan eta etxean ere saiatzen nintzen. Eta horrelako batean esan zidan: «Luixa, Almitzako txapelketan parte hartu behar duzu». Ordurako gure seme-alabek parte hartzen zuten. Hasieran ezetz esan nuen, baina arra barruan neukan eta proba egin nuen. 35 metro karratu mozten nituen eta hasierako helburua horixe zen, metro horiek moztea. Baina azkena ez nuen egin eta hortxe sartu zitzaidan arra. Eta azken bost urteotan hortxe nabil».

Eta ibili bakarrik ez, emaitza onak lortu ere bai: «Iaz emakumezkoen binakako lehen txapelketa antolatu zen eta alabarekin irten nintzen bikote osatuta. Eta txapela irabazi genuen. Hor nire buruarengan sinesten hasi nintzen. Ordura arte ni bat gehiago nintzela pentsatu ohi nuen, besterik gabe. Baina iaz Altzon Ligako saio bat ere irabazi nuen eta pixka bat sinesten hasi nintzen. Aurten jada pentsatzen dut ez dela kasualitatea izango eta ilusioz hartu dut. Semea eta alaba ere hortxe dabiltza, eta haien artean ni ere gustura».

Horregatik, oso eskertuta dago Almitzak egiten duen lanagatik. «Izugarrizko balioa dauka. Kirolarekin batera kultura dela aipatuko nuke. Kirola baino gehiago, segalaritza nekazaritzari oso lotuta egon den jarduera dela esango nuke. Horri bizirik eustea, batetik. Bestetik, Almitza familia bat dela, badaude beteranoak, aitonak eta amonak, segan aritu direnak eta adinean aurrera joan arren jarraitzeko aukera dutenak. Gaztetxoak bezalaxe. Badaude ume pilo bat, Gazteluko Joxe Gabirondoren sega eskolan dabiltzanak. Batzuk lehiatzera irteten dira eta beste batzuk, erakustaldiak egitera bakarrik. Almitza mugimendu sozial baten antzeko zerbait da, eta izugarrizko lana egiten duena, inolako laguntza instituzionalik gabe. Baina jendearen borondateak askotan horrek baino gehiago balio du. Eta Almitza horixe da: jendearen nahiak, borondateak eta gogoak osatutako talde bat».

 

Alaitz Imaz: «Europan aurre samarrean ibiltzeko helburua edo nahia dut»

Alaitz Imaz, Azpeitian jokatu zen Europako Txapelketan (ALMITZA SEGA ELKARTEA)

Alaitz Imaz hernialdetarra izan zen Hernanin jokatu zen bigarren jardunaldiko irabazlea, baina azkenean bigarren postuarekin konformatu behar izan du sailkapen nagusian. «Aurreneko saioa ez zitzaidan oso ongi irten. Ez nuen asmatu. Belarra ez zegoen niretzat oso aproposa, heldu samarra zegoen, nahiko etzanda. Ebakitzen denbora luzea pasatu nuen eta, gainera, ez nuen txukun ebaki. Bigarren saioa Hernanin izan zen, eta hor hobeto irten zitzaizkidan gauzak. Belarra egokiago zegoen niretzat, arinagoa, bakanagoa, eta ongi joan zitzaidan lehia», azaldu digu.

Altzon ere bigarren amaitu zuen Luixa Uzkudunen atzetik, eta bigarren geratu da sailkapen nagusian. Hala ere, Imazek askotan irabazi izan du Almitzaren Sega Liga eta, onartu digunez, bere buruari beste erronkatxo bat jarria dio aurten. «Bi urtetik behin egiten da Europako Txapelketa eta horra begira proba batzuk egiten ibili naiz: segak probatzen, aldatzen... Europan maila altua da eta horregatik ongi prestatu nahi dut».

Uztail amaierako hitzorduari begira, «segalari batek lehiatzeko mailarik altuena Europako Txapelketa horretan topatzen du. Edozein segalarirentzat da erronka polita lehiaketa horretarako prestatzea eta ahalik eta lan txukunena egitea. Baina euskaldunok ez gara bereziki nabarmentzen Europa mailan, nahiz eta batzuek emaitza oso onak lortu dituzten: Izaskun Larrartek irabazi zuen, Jexux Mari Goenagak bigarren egin zuen... Baina, oro har, ez da oso ohikoa euskaldunak goian ibiltzea. Eta badut helburu edo nahi hori, Europan aurre samarrean ibiltzekoa. Ametsa, esan liteke», gehitu du.

Azken urteotan kilokako lehiaketa edo sega-sail modalitate berria probatzeko aukera izan du Alaitzek, baina argi du maila onena non ematen duen. «Segako edozein lanek motibatzen nau. Hala ere, nire kasuan, uste dut segalari fisikoa baino gehiago segalari teknikoa naizela. Argi dut nire ezaugarriak azkartasunera hobeto moldatzen direla».

 

Mikel Lizartza: «Badirudi segan lan motzak hobeto ematen zaizkidala»

Mikel Lizartzak ligako aurreneko bi saioak irabazi ditu (ALMITZA SEGA ELKARTEA)

Gizonezkoen mailan Mikel Lizartza tolosarra izan da sailkapen nagusiko onena, lehen bi saioak irabazi ostean. «Hasiera ona ematea tokatu zaigu. Etxalekuko saioan, egia esan, nahiko ezustean irabazi nuen. Belarra mozteko nahiko zaila zegoen eta hala ere, uste baino denbora gutxiagoan ebakitzea lortu nuen. Penalizazio aldetik ere nahiko ongi atera zitzaidan eta gustura. Hernanin belarra askoz mendekoagoa zegoen, mozten nahiko erraza, eta azkar moztea lortu nuen. Nik nahi baino pixka bat aldrebesago, baina azkenean emaitza ona izan zen», gogoratu du azken saioan bigarren egin zuen Lizartzak –Jon Otegi izan zen garailea Altzon–.

Kanpotik begiratuta, ez da seinale txarra bi belar mota desberdinekin irabazle izatea. «Oro har, etxean aritzen naiz entrenatzen, baina aitaren lagunen baten sailetan ere bai noizean behin. Horrela ibilita belar klase desberdinak tokatzen dira eta gutxi gorabehera ia denetara ohituta nago. Horrek badu bere alde ona», aipatu digu.

Bitxia da Lizartzaren kasua. Iraupen luzeko kiroletan ibilia da, korrika eta segan apustua ere jokatu zuen duela bi urte Iñigo Mercader hernaniarraren aurka -oso gutxigatik galdu zuen-, baina lan motzetan lortu ditu emaitzarik onenak. «Orain arte lan motzetan hobeto ibili izan naiz. Berez, beste kirol batzuetan lan luzeetan ohituago nago. Korrika, adibidez, mendi lasterketetan aritua naiz. Baina segan badirudi lan motzak hobeto ematen zaizkidala. Luzeetan, oraingoz, ez zait emaitza txukunik atera. Azkartasunekoan gustura nabil», onartu digu.

Alde batetik, teknikoki duen trebetasuna izan liteke gakoetako bat. «Teknika entrenatzea oso garrantzitsua da. Sail handirik hartu gabe, mendeko sail txikiago bat hartu, denborak kontrolatu, azkar mozten saiatu, sega kolpea ongi aprobetxatzen, eta lehen esandakoa, belar klase desberdinetara moldatzea ere garrantzitsua izaten da».

Bestetik, horrelako lan azkar eta zehatz batean erremintaren garrantzia nabarmendu digu: «Sega gure lan tresna da, oso garrantzitsua. Esango nuke azken emaitzaren %50, gehiago ez bada, sega ongi prestatzearekin lotuta dagoela. Ondo zaindu behar da. Kontu handiz erabili, eta txapelketa bezperetan ongi pikatu. Ahoa findu, arraitzarekin ongi zorroztu... Nire kasuan, horretan nahiko maniatikoa naiz. Neronek pikatzea gustatzen zait, arraiztea ere bai».

Eta Mikelentzat ere Europan aritzeko aukera pizgarri polita da: «Aurreko urte batzuetan joan izan naiz eta orain arte ez zait emaitza bereziki onik lortzea tokatu. Uste dut urtez urte pixkanaka hobetzen noala; ia emaitza txukun bat lortzerik dugun».