Maddi Txintxurreta

Gipuzkoako Aldundia erresidentzien sektorea «desegiten» ari da, ELAk ohartarazi duenez

Gipuzkoako erresidentzietan gero eta gehiago dira azpikontratatutako enpresetan lan egiten duten pertsonak, ELAk jakinarazi duenez. Aldundiari egotzi dio publifikazioaren bidea egin beharrean langileak gero eta gehiago prekaritzatzen ari dela.

Gipuzkoako erresidentzietako langileen agerraldia Donostian.
Gipuzkoako erresidentzietako langileen agerraldia Donostian. (Jon URBE | FOKU)

«Langile publikoak desagertzen ari dira» Gipuzkoako erresidentzietan. Donostian elkarretaratzea egin ondotik, ohartarazpen hori egin dute asteazken honetan prentsaren aurrera agertu diren egoitzetako beharginek, ELA sindikatuaren babesarekin. Aldundia sektore hau «desegiten» ari dela salatu dute, plantillaren lan baldintzak «prekaritzarearen» kontura.

«Kaosa» bizi dute Gipuzkoako erresidentzietako langileek, esan dutenez, azpikontratatutako enpresak ugaritzen ari baitira sektorean eta, ondorioz, langileen %45 baino gehiagok kontratu partzialak ditu. «Honek ondorio jakin batzuk ditu, besteak beste, hizarmeneko soldaten azpitik egotea eta enpresaren aurrean langile ahulagoak izatea. Izan ere, jardun partzialeko langile hauek, soldata hobetu nahi badute, enpresek esleitzen dizkieten ordu osagarrien menpe daude, telefono deiaren zain», esplikatu dute ELAko ordezkariek.

Egun, Gipuzkoako erresidentzietako langile publikoak iazko uztailean sinatutako hitzarmen kolektiboaren menpe daude. Aldundiak, Adegi, Lares eta Garen patronalek eta UGT sindikatuak egin zuten akordioa, sektorean gehiengoa duten sindikatuak (ELA eta LAB) bazter utzita. Hitzarmena gutxiengoan sinatzea (soilik %8ko ordezkaritza du UGTk) «antidemokratikoa» izateaz gain, «langileei sortzen dien segurtasun juridiko falta izugarria da», kritikatu du ELAk. Eta, lurraldean, langile publikoen eta azpikontratatutako enpresetan gizonak gehiengo diren sektoreetan lan egiten duten pertsonen arteko soldata arrakala urteko 5.000 eurotik gorakoa izan daitekeela zehaztu du.

Horrez gain, Aldundiari leporatu dio hitzarmena sinatzea, bazekien arren ez zituela bermatuko langileen erosahalmenaren araberako soldata igoerak.

Zentro bat, sei hitzarmen

Aipatu nahasmendua azaltzeko Eibarko Egogain egoitzaren egoera agertu dute: Aldundiak zuzenean kudeatzen duen erresidentzia honetako langileek (175 dira) sei hitzarmen desberdin dituzte; 61 Aldundiak kontratatutako langile publikoak dira eta horren araberako hitzarmena dute, eta gainontzeko 114 beharginak azpikontratatutako bost enpresa desberdinentzat egiten dute lan. Eta enpresa horietako bakoitzak bere hitzarmena dauka, hau da, langile kolektibo bakoitzeko hitzarmen bat: Arquisocial azpikontratatutako enpresan dira erizainak eta laguntzaileak, Lagunduz-en monitoreak, Gureak-en garbitegiaz arduratzen direnak, Gizatzen-en garbitzaileak eta Tecman-en mantenuaz arduratzen den pertsona.

«Lan berbera egiten duten» langile publiko eta pribatuen artean «soldata arrakala» deuseztatu asmoz, soilik Egogain egoitzan ehun helegite baino gehiago aurkeztu ditu ELAk. Baina soldatarena ez da arazo bakarra, «lan kontratu, jardunaldi, egutegi eta abarretan ere arrakalak daude», gaineratu dute.

Gipuzkoa osora zabaldu nahi den eredua

Prentsaurrera agertu diren erresidentzietako langileek uste dute Eibarko egoitza «laborategi» bat dela Gipuzkoako Aldundiarentzat, ondoren Gizarte Politikako Departamenduaren menpeko Kabia organismoaren egoitzetara zabaltzeko (hamasei dira guztira). Gaur egun, esan dute, lurraldeko egoitzetako langileen ia %70 enpresa pribatu eta irabazi asmokoetan ari da lanean, eta Kabiako erresidentzietan ere «langile gehienak enpresa pribatuen esku daude». «Egiten hasi diren adjudikazio berrietan gero eta azpikontrata gehiago egotea onartu dute, langile kategoriaren arabera», jakinarazi dute.

Horrek, beharginen lan baldintzak ez ezik, egoitzetako erabiltzaileen zaintzaren kalitatea ere kaltetuko duela esan dute.

Gipuzkoako Foru Aldundiak zabaldu nahi duen zaintza eredua salatu eta kontrako norabidea har dezan eskatzeko agertu dira asteazken honetan langileak prentsaurrera. Zaintza sistema «publikifatzeko apustua» egin dezatela galdegin diete hurrengo Foru Gobernuaren ardura hartuko duten ordezkari publikoei. Hori egin bitartean, genero arrakala ezabatzeko neurriak hartu behar direla nabarmendu dute. Honekin batera, langile gehiago eta ratioak igotzea eskatu dute.

Egutegi zehatzik ez du oraindik, baina ELAk iragarri du mobilizazioak deituko dituela, «erresidentzietako langile guztiak beraien lan zentroetan dagoen prekarietatearen kontra borrokatu dezaten».