Naroa Apaolaza

Lantokietan beroari aurre egiteko gida aurkeztu du LABek; nola jokatu behar da?

Langileen lan baldintzak eta osasuna bermatzeko helburuarekin osatu du LAB sindikatuak beroaldiei aurre egiteko protokoloa. Gidan enpresek hartu beharko lituzketen neurriaz informatzeaz gain, ekintza sindikalaren bitartez arazoari aurre egiteko jarraitu beharreko neurriak zehazten dira.

Iriarte eta Lopetegi, gida eskutan dutela.
Iriarte eta Lopetegi, gida eskutan dutela. (Oskar Matxin Edesa | Foku)

LABek lantokietan beroari aurre egiteko gida osatu du, beroak langileengan dakarren arriskuak identifikatu eta mugatzeko helburuarekin. Inko Iriartek, Lan Osasuneko idazkariak, eta Oihana Lopetegik, Ekintza Sindikaleko arduradunak aurkeztu dituzte asteazken honetan gidaren oinarriak.

Azken denboraldian beroaldiak geroz eta ugariagoak dira munduan. 2022ko uda orain arteko udarik beroenetakoa izan zen. Gainera, Klima Aldaketari buruzko Gobernu Arteko Taldearen azken txostenak aski argigarriak dira, egoeraren okertzearen inguruan.

Beroaldien ugaritzea LABek langileengan suposatzen duen arriskuan arreta handiagoa jartzea ekarri du. Ekintza sindikala oinarri hartuta beroaldiak langileengan dituzten ondorioak ahalik eta gehien murrizteko beharrezko neurriak zehaztu dituzte, muturrezko egoeretan lanaldia geratzea ere suposatu zezakeena. «Ezohiko egoerak, ezohiko ekintza sindikala eskatzen du», adierazi du Oihana Lopetegik.

Lan osasuna eta beroa batzen dituen gida honek bi oinarri nagusi ditu; alde batetik, beroaldien aurrean ezarrita dagoen legediari buruz informatzea, eta bestetik, enpresetan landu beharreko ekintza sindikala zehazten du, arriskuak mugatzeko jarraitu beharreko pausuak azalduz.

Ekintza sindikalean zentratuz, enpresak legez bete behar dituen neurriak bete ezean, LABek duela 27 urte onartutako lan osasunerako neurriak ezartzeko eskatuko die enpresariei. Horiek betetzen ez badituzte, aurkeztutako gida honetan jarraitu beharreko urratsak abiaraziko ditu sindikatuak.

Hasteko, LABek enpresari formalki eskatuko dio legezko arriskuaren prebentzio jarduera espezifikoa. Eskaera ukatu ezean, Osalan eta NOPLOIri jakinarazi beharko dio ez dela neurketarik egin edo egindakoak antzuak direla eta lan ikuskaritzari ere jakinarazi beharko dio egoerak dakarren arriskua.

Sentsazio termikoaren arabera atsedenaldiak

Horren aurrean, langileak antolatu eta sentsazio termikoaren araberako atsedenaldiak egingo dira. Sentsazio termikoa neurtzeko tenperatura eta hezetasun erlatiboa hartu behar dira kontuan eta horretarako delegatu eta afiliatuei formakuntza eta baliabideak eskainiko dizkiete.

Arriskutsua den momentuan beharrezko atsedenak behartuko dira eta muturreko egoerara iristekotan, jarduera geratzeko prozesua abiaraziko da, prebentzio legearen 21. artikuluan oinarrituz.

Urrats hauek berme juridikoetan oinarriturik gauzatuko dira, langileen eskubideak bermatzeko eta enpresariak neurriak betetzeko. «Enpresari merkeago aterako zaio neurriak hartzea LABen ekintza sindikala pairatzea baino», adierazi du Inko Iriartek.