Maider Iantzi
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

Koldo Tellitu Mejiari mila esker, ikastolei emandako guztiarengatik

Hamalau urte beteko dira heldu den asteartean, ekainak 13, Euskal Herriko Ikastolak Europar Kooperatiba Elkartea sortu zenetik. Ordutik Koldo Tellitu Mejia izan da gidari nagusia. Ostegun hau izan du azken eguna zeregin horretan eta pozik hartu du kideek egin dioten eskertza ekitaldi xumea.

Koldo Tellituren agur ekitaldia.
Koldo Tellituren agur ekitaldia. (Idoia ZABALETA | FOKU)

Aspaldi hartua zuen erabakia, baina «pena» sentitzen du halere. Aunitzi bezala, agurrak ez zaizkio «batere» gustatzen Koldo Tellitu Mejiari. 17 urte eman ditu Ikastolen Elkartea zuzentzen; Konfederazioko lehendakari izan zen lehenbiziko hiru urteetan eta Europar Kooperatiba Elkartekoa hurrengo hamalauetan.

Azken hilabeteetan, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Hezkuntza Legearekin aritu da buru-belarri, eta ikasturtea bukatu arte laguntzen jarraituko du. Gero, ez daki zer eginen duen.

Ostegun hau du Tellituk bere azken eguna karguan eta lankideek arratsaldean Hernaniko Oronan egindako batzar nagusia baliatu dute barakaldarrari eskerrak emateko.

Ekitaldi xume bat

Artezkaritza kontseiluko kide guztiak deitu dituzte oholtzara, eta haietako batek esker oneko hitz batzuk erran ditu. Aurreskua dantzatu diote omenduari, Jose Luis Sukia zuzendari orokorrak txapela jantzi dio, eta azkenik adierazpen batzuk egin ditu Tellituk, eskerrak emanez berak ere.

«Ikastolen mugimenduaren alde egin duen guztia, horretan jarri duen indarra» nabarmendu dute ekitaldiaren antolatzaileek, baita «euskararen alde» egin duena ere.

«Ilusioz eta pozez» jaso du aitortza Tellituk. «Urteotan alboan egon den jendea» eskertu du, «ikastolen mugimendu osoa», eta barkamena eskatu du «txarto esan eta egindakoengatik».

Hiruzpalau gauzataz harro

Hiruzpalau gauzataz «oso harro» dagoela aitortu dio NAIZi: bat ikastolen egitura eraldatu eta erakunde berria gauzatu izana da. «Lurraldetasunaren kontzeptua gainditu nahi izan genuen, partaidetza eta bazkidetza zuzenaren bidez. Bestetik, hezkuntza zerbitzuak zentralizatu genituen».

«Euskal curriculuma gelara eramateko konpromisoa ere hartu genuen, eta Ikaselkarren bidez lortu dugu. Gero, azken hamarkadan, krisi sozioekonomikoak, aldekoak ez diren gobernuak, eta jaiotze tasa baxuak izan arren, gora egin dute ikastolek; gizartearen babesa badaukagu», azpimarratu du. Kanpora begira, euskara eta euskal kultura sustatzen duten erakundeekin «lotura sendotu» dutela azaldu du. Gaindegia, Errigora, Bizipoza, Euskaldia, AEK, ‘Berria’, eta GARA eta NAIZ bera aipatu ditu elkarlan horretan.

Hezkuntza Legearekin lotuta, publikotasun herritar berri baterako eztabaida jarri nahi izan dute mahai gainean, eta euskal hezkuntza zerbitzu publikoa legean jasota egonen da.

Saskibaloia pasio

Koldo Tellitu Mejia Barakaldon jaio zen 1966an. Hain zuzen, Tellitu bertako auzo bat da eta amona hango baserri batekoa zen. Txikia zela Oñatira joan ziren bizitzera eta agudo, bi urte zituela, Gasteizera. Han hazi zen. Gero, Donostian Zuzenbide ikasketak egin eta Leioan osatu zuen familia.

Saskibaloia da bere pasioa. Umea zela Olabideko ikastolan hasi, eta ACBra heldu zen Baskoniarekin. Bigarren mailan jokatu zuen urte luzez, baina bizpahiru aldiz puskatu zuen belauna eta 24-25 urterekin utzi zuen. Gero, entrenatzaile ibili zen eta aunitz disfrutatu zuen. Saskibaloian bizian dauden arazoak nola konpondu ikasten duzula kontatu zigun GAUR8n Kooperatibaren lehendakari izendatu berritan, 2009an. «Gaztea nintzenean elkarrekin gauzak egiten erakutsi zidan, eta entrenatzean hori adieraztea gustatzen zait».

Musika eta irakurketa maite ditu, zinema eta, oro har, kirol guztiak.

GAUR8ko solasaldi hartan onartu zuenez, gauzak aunitz bizitzen ditu, zaila egiten zaio gutxi sartzea. Leialtasuna bereziki estimatzen du eta Cancer da, barrutik biguna eta kanpotik gogorra.

LABen egin zuen lan ikastolen zuzendaritzan sartu baino lehen.

Gogoan genuen Leioako ikastolan egin genion elkarrizketa hura eta polita izan da berriz irakurtzea. Bera ere oroitzen da, argazkiez ere bai. Ikasleekin saskibaloian jokatzen harrapatu zuen argazkilariak. «Orain denbora gehiago izango duzu saskibaloirako...», erran diogu. «Eta idazteko...», erantzun digu ‘Neure Jugoslavia, hain ulertu gabea’ (2022) liburuaren egileak. «Beharbada ikastoletan egindako ibilbidea kontatuko dut».