NAIZ

Verter Recycling-eko arduradunek deklaratu bitartean Durangon elkartuko da Zaldibar Argitu

Zaldibarko zabortegiaren jabea zen Verter Recycling enpresako arduradunek Durangoko epaitegian deklaratuko dute datorren ostegunean. Egun horretan, Zaldibar Argitu plataformak epaitegiaren aurrean elkartzeko deia zabaldu die herritarrei.

Verter Recyclingen zabortegi zaharrera sarrera. (Luis JAUREGIALTZO/FOKU)
Verter Recyclingen zabortegi zaharrera sarrera. (Luis JAUREGIALTZO/FOKU)

Zaldibarko zabortegiaren jabea zen Verter Recycling enpresako arduradunek Durangoko epaitegian deklaratuko dute hilaren 15ean, ingurumenaren kontrako delituak aztertzen dituen auzian. Egun horretan, 11.30ean, Zaldibar Argitu plataformak epaitegiaren aurrean elkartzeko deia zabaldu du.

Zaldibar Argituk eta Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak ohar bateratu batean eman dituzte Zaldibar auziari buruzko azken berriak. Gogoan hartu behar da 2020ko otsailaren 6an gertatutako hondamendian Verter Recycling enpresako ordezkariek zituzten ardurak frogatu zituela jada epaitegiak. «Zuhurtziarik gabeko hilketa» delituarengatik kondenatu zituzten eta akordio bat egin zuten Fiskaltzarekin eta zabortegia amiltzean hil ziren langileen –Joaquin Beltran eta Alberto Sololuze– familiekin. Sei hilabeteko espetxe zigorra ezartzea adostu zuten hiru aldeek eta ez zuten kartzelara sartu behar izan.

«Enpresarien erantzukizunaz ez du inork zalantza egiten. Onartu zuten zuhurtziagabekeriazko homizidio bi egin zituztela. Ekidin zuten ahozko bista publikoa eta kartzela zigorra, eta horrekin igorri zen mezuak zioen enpresariak lasai ibil daitezkeela legez kanpo, ez dagoela diruak konpondu ezin duenik», adierazi dute Zaldibar Argituk eta Eskubide Sozialen Kartak.

Ingurumenaren kontrako delituak aztertzen dituen auzia irekita dago Durangoko epaitegian eta auzibide honek Lakuako zenbait teknikariren ardurak ikertuko ditu. Baina instrukzioa «luzeegi» doa, oharraren egileek deitoratu dutenez. «Hondamenditik hiru urte eta lau hilabetera Eusko Jaurlaritzako inork ez du deklaratu epailearen aurrean. Gutxien-gutxienez, harrigarria. Hainbeste denbora eta gero, Eusko Jaurlaritzako inor epaitegitik igaro ez izanak berak, lausotu egiten du haien erantzukizuna hondamendian, zuritu egiten du, bigarren edo hirugarren mailakoa balitz bezala», agertu dute.

Durangoko epaitegiak bi aldiz deitu ditu Lakuako teknikariak deklaratzera, eta bietan bertan behera geratu da saioa, azkena apirilaren 20an, epaitegietako grebaren ondorioz.

Zorrak eta lurrak

Zaldibar Argituk eta Eskubide Sozialen Kartak gogoratu dute Joaquin Beltran eta Alberto Sololuzeren gorpuen erreskate lanek –Beltranena ez zen inoiz aurkitu– 28,6 euroko kostua izan zutela eta Verter Recycling enpresari dagokiola ordaintzea. Diruaren ordez, baina, zabortegiaren lurrak eskaini zizkion Lakuari enpresak.

Itxuraz, Lakuak eskaintza ez zuen begi txarrez ikusi, bere mendeko Sprilur organismoari eskatu baitzion zabortegiaren lurren gainean industriagune bat eraikitzeko bideragarritasuna azter zezala. Sprilurrek txostena egin zuen eta ebatzi proiektu hori ez zela bideragarria.

«Ziurrenik, bideragarria balitz, ontzat emango lukete Verterren proposamena, hau da, lur horiekin ordaintzea erreskate lanen 28,6 milioiak. Zorionez, txosten horrek dio ezinezkoa dela han horrelakorik egitea, eta hori arrazoi zerrenda», ohartarazi dute oharrean.