EAJk uztailaren 23ko hauteskunde espainiarretako hautagaiak izendatu ditu larunbat honetan, Sabin Etxean izandako Aberri Batzarraren ezohiko bileran, azken egunetan oinarrietan zabaldutako barne prozesua itxiz. Batzarraren osteko agerraldi batean, Andoni Ortuzar EBBko presidenteak zerrendak aho batez onartuak izan direla nabarmendu du.
Aitor Esteban (Bizkaian), Mikel Legarda (Araban) eta Maribel Vaquero (Gipuzkoan) dira hautatutako Kongresurako zerrendaburuak. Barne prozesua abian jarri zuen EAJren lehen proposamenean, Joseba Agirretxea zen Gipuzkoako hautagaitza zuzentzeko izendatutako hautagaia. Oinarriek hautatutako zerrendetan, aldiz, bigarren da Agirretxea Kongresurako zerrendan, azken lau urteetan Senatuan EAJko ordezkari izan den Vaqueroren atzetik.
Nafarroari dagokionez, Geroa Bai koalizioaren baitan aurkezten da EAJ, eta Maria Solana da oinarriek berretsi duten hautagaia.
Senaturai dagokionez, Nerea Ahedo (Bizkaian), Almudena Otaola (Araban) eta Luke Uribe-Etxebarria (Gipuzkoan) eta Ana Lujan (Nafarroan) izango dira hautagaitzen zerrendaburuak.
Herritarrentzako mezu bat
Hautagaien aurkezpenean, «mezu argi bat» bidali die Ortuzarrek herritarrei, botoa emateko orduan «ondo pentsatzeko» eskatuz, «Euskadiren interesak» nork defendatuko dituen erabakiko baita, esan duenez.
«Kontua ez da Sanchez edo Feijo, batzuek behin eta berriz esan arren, uztailaren 23an erabakiko da gu, euskal herritarrok, nork ordezkatuko gaituen hurrengo lau urteetan Madrilen, Euskadiren interesak Madrilen nork defendatuko dituen erabakiko da», adierazi du.
EAJren buruak EAJko taldeak Madrilen «ibilbide luze eta ona» egin duela nabarmendu du, «euskal interesen defentsan», eta halaxe egiten jarraituko duela. Ildo beretik, «Kontzertua blindatzeko», Kupoaren Legea berriztatzeko edo etxebizitzak eraikitzeko lortutako Loiolako kuartelen lurrak aipatu ditu, lorpen gisa.
«Hainbat lege aurrerakoi gure laguntzari esker atera dira aurrera eta horren bitartez eskubide batzuk lortu dira», erantsi du Estebanek, autogobernuaren defentsa, Abiadura Handiko Trenaren hiri barruko trazatuaren inguruan lortutakoa eta eskuratutako inbertsio milioidunak aipatuz. «Horretarako beharrezkoa da talde on bat, eta hori da EAJk eskaintzen duena», esan du Kongresurako EAJren Bizkaiko zerrendaburuak.
Testuinguru horretan, Mikel Legarda Arabako zerrendaburuak azpimarratu du «jokoan» dagoela Madrilen «talde propio izatea», eragiteko gaitasuna izateko. Kritikatzeko hitzak ere izan ditu, beren buruak subiranistatzat eta aurrerakoitzat izendatzen dituzten indarrentzat, eta Mozal legea aipatu du, haren zuzenketa aurrera egin ez izana ERC eta EH Bilduren jokabide «narzisistari» egotziz.