NAIZ

Jupiterren esplorazioa Euskal Herriko enpresen ekarpenarekin

Jupiterren eta bere izoztutako ilargiak esploratuko dituen Juice satelitea espazioan zehar bidaiatzen ari da Apiriletik. Sener Aeroespacial eta Goimek enpresa euskaldunek proiektuan parte hartu dute Lurrarekin komunikatzeko antena baten fabrikazioan.

Ezkerrean, Marc Souto, Goimek-eko zuzendari komertziala; eskuinean, Iñaki Pinto, Sener-eko sistema-elektromekainikoen zuzendaria, Innobasquen batzarrean.
Ezkerrean, Marc Souto, Goimek-eko zuzendari komertziala; eskuinean, Iñaki Pinto, Sener-eko sistema-elektromekainikoen zuzendaria, Innobasquen batzarrean. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Europako Espazio Agentziak (SEA) satelite bat bidali du Jupiterrera planeta bera eta bere hiru ilargi aztertzera. Horretarako, bi enpresa euskaldunengana jo du, Sener Aeroespacial eta Goimek, antena bat eta masta bat egiteko.

Joan den ekainaren 7an Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziak bere hamaseigarren Batzar Nagusia egin zuen Miñaoko parke teknologikoan. Bertan, Innobasqueren jarduerak duen eragina aztertu zen, enpresa txiki eta ertainei berrikuntza-prozesuetan aholkuak ematen dizkien agentzia den aldetik.

Beraien arrakasta kasuen artean, Juice (Jupiter Icy Moons Explorer) misioaz aritu ziren besteak beste, Sener Aeroespacial eta Goimek enpresek egindako lana nabarmenduz.

Satelitea eraikitzeko, Goimek doitasun handiko mekanizazio eta mekanizazio enpresa eta Sener Aeroespacial ingeniaritza enpresa elkarlanean aritu dira Juice ontzian daraman irabazi ertaineko antena fabrikatzeko (MGAMA, ingelesezko siglengatik -Medium Gain Antenna Main Assembly-).

Zehazki, Goimekek isolatzaile nagusia egin du. 0,7mm-ko lodiera eta 500mm-ko diametroa duen titaniozko pieza bat da eta oso doitasun handiko perdoi geometrikoak ditu, bai eta sistemak behar bezala funtzionatzeko behar diren elementu osagarriak ere: struts indargetzaileak eta subreflektorea.

Senerrek masta zabalgarri bat fabrikatu du, ESAk inoiz erabili duen handiena, esperimentu zientifikoetarako behar diren tresnetatik bost ontziaren interferentzia magnetikoetatik urruntzea helburu duena.

Gainera, egoitza nagusia Getxon duen enpresa honek erresoluzio ertain-handiko Janus kamera, planetaren atmosferako irudiak hartuko dituena, eta Gala laser altimetroa, datu topografikoetatik abiatuta sateliteen izotzaren tektonika, zorupearen egitura eta gainazalaren zimurtasuna eta albedoa eskala txikian ulertzeko aukera emango duena, egin ditu.

Iñaki Pinto Sener Aeroespacialeko Antolakuntza Zuzendariak NAIZeri azaldu dionez, hau ez da bere enpresak mota honetako proiektu batean lan egiten duen lehenengo aldia. «Misio hauek lau urtero egiten dira eta normalean parte hartzen dugu», dio Pintok.

Hala ere, oraingoan parte-hartze handia izan dutela onartzen du, lau talde kritiko bideratu baitituzte Juice misiora. Partaidetza «arrakastatsua» izan dela nabarmentzen du zuzendariak eta orain arte «orbitan dena ondo joan dela» adierazi du.

Ozeanoen bila

Zortzi urte iraungo duen Europako Espazio Agentziaren eta NASAren proiektu hau apirilaren 14an abiatu zen, esploratzailea Guyana Frantsesean dagoen Europako Espazio Portutik atera zenean Ariane 5 suziri baten barruan.

Beraz, 2031ra arte Juice espazioan zehar bidaiatuko da Jupiterren sisteman maniobra sorta konplexu bat hasi aurretik. ESAk ohartarazi duenez, baina, Jupiterretik gertu dagoen erradiazioak espazio-ontziaren garun elektronikoa kiskali dezake eta planetaren pultsu grabitatorioa hain handia denez, desbideratu daiteke.

Uste da Europak eta Ganimedek Lurreko ozeanoek baino ur gehiago eduki lezaketen lurrazpiko ozeanoak dituztela. Juice-ek ilargi hauek esploratuko ditu kosmosean zehar ingurumen ezberdinetan sor litekeen bizitza aztertzeko. Gainera, Jupiterren eguraldia, kimika eta klima aztertuko ditu. ESAren uztez, «Jupiter erreferentzia estandar bat izango da gasezko beste planeta erraldoiekin konparatzeko orduan».