NAIZ

Gizartean errotutako emakumeen kontrako aurreiritziak ez dira murriztu azken hamarkadan

Emakumeen kontrako aurreiritziek oraindik ere errotuta jarraitzen dute mundu osoan NBEk burututako ikerketaren arabera. Azken hamarkadan aurreiritzi horiek oso gutxi murriztu dira. Nazio Batuen Garapen Programak (NBGP) burutu du ikerketa munduko 80 herrialdetan, 2017-2022 urteetan jasotako datuekin.

Inkestatuen %40k uste du gizonak exekutibo hobeagoak direla
Inkestatuen %40k uste du gizonak exekutibo hobeagoak direla (Prostock-Studio | Gettyimages)

Nazio Batuen Garapen Programak (NBGP) aurkeztutako ikerketaren arabera emakumeen kontrako aurreiritziak oso errotuta jarraitzen dute eta azken hamarkadan ez dira murriztu. Ikerketa 2017tik 2022ra jasotako datuen bidez osatu du NBGPk. 80 herrialdetan burutu du inkesta, munduko biztanleriaren %85 ordezkatzen duen laginarekin. Ikerketaren emaitzak aztertu eta ondorioztatzeaz arduratu da genero arau sozialen indize berria.

Ikerketak gaiari buruzko hainbat datu esanguratsu azaleratu ditu; horien artean, 10tik 9k emakumeen kontrako zenbait aurreiritzi dituztela. Horretaz gain, %40k uste du gizonak exekutibo hobeagoak direla eta %50ek uste du gizonak buruzagi politiko egokiagoak direla emakumeekin alderatuz. Gainera, 10etik 4k uste dute ongi dagoela gizonak bere emaztea jotzea.

Ikerketan aipatzen den moduan, horrelako aurreiritziak gizartean errotuta jarraitzeak hainbat ondorio nabari dakartza. Horietako bat da emakumeek batez beste gizonek baino soldata baxuagoa jasotzen dutela; %39 baxuagoa alegia. Horretaz gain, emakumeen eskubideen aldeko mugimenduak indarra hartu arren, 2010-2014 urte bitarteko ikerketen datuekin alderatuz, gizartean errotutako pentsaera ez da gehiegi aldatu.

Hala ere, herrialdeen artean joera ezberdinak nabari daitezke. Alemania, Uruguay eta Japonian aurrerapena nabarmendu da; aurreiritziak dituzten pertsonen kopurua %15 inguru jaitsi baita. Bestalde, Errusia, Hego Korean eta Chilen ehuneko hori handitu da. Gehienetan berriz, datuek oso berdintsu jarraitzen dute.

NBGPk adierazi du emaitzek lotura zuzena dutela herrialdeetako gobernuekin eta hauek hartzen dituzten erabakiekin. Horregatik, lan erreformak edo guraso baimenei buruzko legeak eragina dute emakumeak gizartean duen paperaren inguruko aurreiritzietan.

Ikerketak ondorio negatiboak azaleratu ditu NBGParen arabera. Emakumeen kontrako aurreiritziak oraindik ere gizartean hain errotuta jarraitzeak gizarte osoan eragina duela eta gizarteak aurrera egitea eragozten duela adierazi du Pedro Conceiçãok, NBGPko giza garapenaren txostenaren bulegoko zuzendariak. Horretaz gain, emaitzak ere emakumeen kontrako indarkeriaren kasuen areagotzearekin lotura estua dutela adierazi du.