NAIZ

Nekane Artola izango da Ikastolen Elkarteko trantsiziozko lehendakaria

Koldo Tellituk Ikastolen Elkarteko lehendakari izateari utzi dio eta Nekane Artolak hartuko du bere lekua behin-behinean. Euskal Herriko Ikastolen Artezkaritza Kontseiluak trantsizio karguak izendatu ditu datorren urteko ekainean egitekoak diren Batzarrera arte.

Nekane Artola Labordeta.
Nekane Artola Labordeta. (Ikastolen Elkartea)

14 urteren ondoren, Koldo Tellitu Mejiak Ikastolen Elkarteko lehendakari izateari utzi dio eta Euskal Herriko Ikastolen Artezkaritza Kontseiluak trantsizioko postuak izendatu ditu 2023ko ekainetik 2024ko ekainera bitarte. Artezkaritza Kontseilua Ikastolen Etxean elkartu zen atzo egindako Batzar Nagusiaren ondoren, Artezkaritza Kontseiluko hainbat karguren berritzea gauzatzeko eta Nekane Artola Labordeta (Pasaia-Lezo Lizeoko ordezkaria) hautatu du EHIko lehendakari. Urtebetez izango dituzte trantsiziozko karguak.

Erik Etxart (Bernart Etxepare Lizeoko ordezkaria) izango da lehendakariordea, eta Unai Mendizabalek (Armentia ikastolako ordezkaria) beteko ditu idazkari lanak. Elena Zabaleta (Baztan ikastolako ordezkaria) eta Josune Bañales (Kirikiño Ikastolako ordezkaria), berriz, idazkariorde izendatu dituzte. Bost lurraldeetako kide bana, beraz, Artezkaritzako goren postuetan izendatuak. Aukera ezin hobea dela adierazi du Ikastolen Elkarteak, lurraldetasunaren ikuspegitik, «Ikastolak, gobernantza eredu demokratiko eta berdinzale baten baitan gidatzeko».

Euskal Herriko Ikastolek 2021eko otsailaren 25an abiatu zuten ‘Bihar’ prozesua, Ikastolek datozen urteetan gizarteari egingo dioten ekarpena zehazteko erabiliko dutena. Prozesu honen baitan irudikatzen dute ikastolek Artezkaritzako trantsizio egoera hau ere.

2024ko ekainean egingo den Ikastolen VII. Batzarrean, Ikastolek hurrengo urteetako estrategia eta gakoak aurkezteaz gain, gobernantza demokratikoaren baitan, berau ahalbideratuko duten Artezkaritza Kontseiluko kargu gorenak ere izendatuko dituzte.