NAIZ
Iruñea

Zonifikazioarekin amaitzeko aldarria dakar Nafarroa Oinezen abestiak: «Nafarroa osoan bai!»

Andra Mari Ikastolak prentsaurrekoan aurkeztu ditu astearte honetan aurtengo Nafarroa Oinezen abestia eta bideoklipa, baita Sanferminetako Oinez Txokorako prestatu duten egitaraua ere.

‘Nafarroa osoan bai!’ izango da aurtengo Nafarroa Oinez jaiari doinua jarriko dion abestia. Astearte goiz honetan aurkeztu dute Iruñean eta Iñigo Orellak, Andra Mari Ikastolako zuzendari pedagogikoak, azaldu duenez, «euskararen ofizialtasunaren eskaera Nafarroa osorako» helarazteko asmoa du lanak.

Musika Joseba Tapiak egin du, eta letraz Maddalen Arzallus arduratu da. Ahotsa, baina, Olaia Inziarte, Nerea Erbiti, eta Maider Ansa nafarrek eta Leire Letu eta Kristina Aranzabe gipuzkoarrek jarri diote.

Gaurko aurkezpenean, Orellarekin batera, Maider Ansa, Jarduerak taldeko batzordeburua, eta Amets Aznarez, tronboi-jotzailea eta Broken Brothers Brass Band taldeko kidea, izan dira.

2023ko Nafarroa Oinez antolatzen hasi aurretik helburu batzuk finkatu zituen Andra Mari Ikastolak: alde batetik ikastolaren proiektua herrikoia, kooperatiboa eta auzolanean eginikoa zela aldarrikatu nahi zen. Eta, bestetik, «kalitatezko hezkuntza proiektu eraldatzailearen aldeko apustua egiten zen, hirugarren aniztasun mota guztiei ateak irekitzen dizkiona eta azkenik euskararen arnasguneetan dauden ikastolak euskararen zirikatzaile izateko beharra».

Iñigo Orellak azaldu duen bezala azken helburu horri erantzunez eutsi dio Nafarroa Oinezek abestiaren gaiari: Bere hitzetan «letran ageri den ‘bai’ eta ‘ez’ jokoarekin, Nafarroaren zonifikazioa eta banaketa salatu nahi dira».

Sanferminetako Oinez Txokoa eta egitaraua

Abestiarekin batera, aurtengo Oinez Txokoaren nondik norakoak, eta sanferminetarako prestatutako kontzertu eta bestelako jardueren berri ere eman du Maider Ansak, Jarduerak batzordearen arduradunak. «Kontzertuetan, Brigade Loco, Sofokaos, Nafarroa 1512, Onki Xin, Xskara, Dj Bull edo Beietz! bezalako taldeak ariko dira. Jarduerak, hala ere, publiko guztietara egokitu dira; hala, haurrentzako ekimenak, bertsolariak, jolasak... ere izanen dira. Sare sozialetan zabalduko da egitarau osoa eta webgunean ere ikusgai izango da», jakinarazi du.

Nafarroa Oinez jardueretarako buru den Ansak gogorarazi duenez, urtero bezala, «Takoneran kokatutako txosnan ez da faltako jana eta edana. Mota guztietako ogitartekoak eta jai-giro desberdinak: lasaia eta familiartekoa goizean, eta jende gazteari zuzendutakoa iluntze partean».