NAIZ
Bilbo

Izaskun Rekalde euskaltzalea eta Pantailak Euskaraz mugimenduaren ahotsa zendu da

Izaskun Rekalde usansolotarra, Pantailak Euskaraz mugimenduaren bozeramailea eta ‘Binke’ proiektuaren sortzaileetarikoa, hil egin da. 45 urte zituen eta heriotza gaitz larri baten eraginez iritsi zaio, gaur jakin denez. Euskararen alde egin duen lanagatik ezaguna, hiru seme-alaba utzi ditu.

Bilboko Aste Nagusian Hau Pittu Hau konpartsaren Euskara Saria jaso zuen iaz Izaskun Rekaldek.
Bilboko Aste Nagusian Hau Pittu Hau konpartsaren Euskara Saria jaso zuen iaz Izaskun Rekaldek. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Izaskun Rekalde Abasolo (Usansolo, 1977) zendu da asteazken honetan, ‘Binke’ euskaraz eginiko herri hedabideak ezagutzera eman duenez. Usansolotarra ezaguna zen euskararen alde egin dun lan militanteagatik; besteak beste Pantailak Euskaraz edo Arnas Dezagun herri mugimenduetan eta ‘Binke’ hedabidearen sortzailea izan zen.

Ekonomia eta Enpresa Zientzietan Doktorea, Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzan Lizentziatua, Doktorego Sari Berezia 2019an, ICF Coach Exekutiboa eta Lanbide Heziketan eta EHUn irakaslea, Izaskun Rekalde Abasolok euskararen aldeko lan handia egin du beti, eta horregatik nekez ahaztuko dute bere herrikideek. Pantailak Euskaraz zein ‘Binke’ proiektuetako sortzaileetariko bat izan zen, esaterako. ‘Binke’ Galdakao eta Usonsoloko euskarazko komunikabidea da.

Usansolotarra jaiotzez eta bizitzez, Rekaldek 46 urte beteko zituen uztailaren 27an, eta hiru seme-alabaren ama zen. Euskararekiko zuen maitasunak eraman zuen Netflix Euskaraz mugimenduan parte hartzera eta, horren ondoren, Pantailak Euskaraz mugimenduaren ahotsa izan da 2021eko ekainaren 8tik hona. Elkarteko lehendakaria ere bazen.

Rekalderi Dimako beilatokian egingo diote agurra senide eta lagunek.