NAIZ

Mariane Fernandes eta Elke Karstenek Bera Beran segiko dute, biek ala biek Europara begira

Imanol Alvarezek zuzentzen duen taldean «etxean bezala» sentitzen direla azpimarratu dute ezker hegaleko biek, baina horrez gain European Leagueko ligaxka jokatu eta multzoen fasera pasatzeko nahia eta gogoa azpimarratu dute.

Mariane Fernandes, amaitu berri den denboraldian Super Amara Bera Beraren neurketa batean.
Mariane Fernandes, amaitu berri den denboraldian Super Amara Bera Beraren neurketa batean. (Jon URBE | FOKU)

Super Amara Bera Berak 2023/24 denboraldira begira Mariane Fernandes eta Elke Karsten mantendu ditu, jokalari biei kontratua urtebeterako berrituta. Hala, talde donostiarrak bere ezker hegala ziurtatu du –nahiz eta argentinarrak erdian ere berdin berdin joka lezakeen–. Biek ala biek Donostian «etxean bezala» sentitzen direla esan badute ere, kasu honetan beren kontratu berritzeak Europako eskubaloi lehiaketak ditu jomugan. Hain zuzen, nola brasildarrak hala argentinarrak European Leagueko ligaxka jokatzea dute datorren denboraldiari begira beren helbururik nagusienetakoa.

Mariane Fernandes hegaleko brasildar sendoak bosgarren denboraldia beteko du Super Amara Bera Bera taldean; dagoeneko 88 partida jokatu ditu eta 320 gol sartu ere bai. «Oso pozik nago beste urtebetez etxean egoteagatik, eta ea gozatzen eta taldeari laguntzen jarraitzen dudan», esan du kontratu berritze honen harira.

Fernandesek irribarre egiten duenean, irribarre egiten du Imanol Alvarezek zuzentzen duen taldeak ere. «Pozik egotea, gozatzea eta taldea sendotzen laguntzea gustatzen zait», adierazi du, irribarrea ahoan. Gainera, erraza egiten zaio irribarrea mantentzea, «talde moduan irabazi dugulako lortu duguna, pista barruan zein kanpoan». Fernandesek Kopa irabazi ez izanaren arantza sartuta zeukan, eta aurten arantza hori ateratzeko parada izan du. «Hiru Liga nituen, eta aurtengoa izan da nire lehen Kopa eta Superkopa. Pozik egon behar dugu urte polita izan delako», azpimarratu du, nahiz eta era berean, oraindik Elx-en aurkako finalerdietako hirugarren partidako porrotak «min ematen duen».

Datorren urteari begira, ideiak argi dauzka: «Super Amara Bera Berarekin European Leagueko multzoen fasea jokatzea falta zait», esan du, zalantzarik egin gabe.

Elke Karsten

Bestalde, Elke Karsten hegaleko argentinarrak badaki jakin Europako ligaxka hori jokatzea zer den, 2018/19 denboraldiko EHF Kopan aritu baitzen. Baina Mariane Fernandesen iritziarekin guztiz bat dator hau ere.

«Erronka guztiak politak dira, desberdinak eta emozio ukitu bat dute gainera. Baina niretzat deigarriena eta ilusiorik handiena sortzen didana multzoen fase batera berriro sailkatzea da», onartu du. Horrez gain, argentinarrak Kopari ere erreparatzen dio. «Izugarri polita izan zela esaten didate, horrelako giroarekin ederra eta ilusioz betea izan behar du jokatzeak», esan du.

Elke Karsten. (Jon URBE | FOKU)

Aurtengo urtarrilean Donostiara itzuli aurretik, ordurako bi denboraldi jokatu zituen Elke Karstenek Super Amara Bera Beran; 64 partida guztira, eta 237 gol sartu zituen. Amaitu berri den denboraldian, berriz, 18 partida jokatu ditu eta 49 gol sartu. Hala, orotara Donostian 82 partida eta 287 gol pilatu ditu dagoeneko jokalari argentinarrak.

Karstenek berak aitortu duenez, «kasualitatez» etorri zen Donostiara, eta «gutxienez beste urtebetez geratzea» erabaki du. «Eroso sentitu nintzelako, pista barruan zein kanpoan, eta hori da garrantzitsuena», dio.

Horren harira, hegalekoak azpimarratu du «Super Amara Bera Berak dena irabazteko, goian egoteko eta ondo entrenatzeko aukera ematen dizu. Erabaki pertsonal bat izan da, guztiaz benetan gozatu ahal izateko, barruan eta kanpoan, eta etxean sentitzeko, horrez gain» amaitu du.