NAIZ

San Frantzisko plazara deitu ditu Iruñeko EH Bilduk jarraitzaileak larunbat eguerdian

Iruñeko EH Bilduk San Frantzisko plazara deitu ditu jarraitzaileak alkatea hautatzeko osoko bilkura egiten den bitartean, 12.00etatik aurrera. Horrekin batera, koalizioaren Iruñeko batzarrak Joseba Asiron Alkatetzarako aurkezteko erabakia onartu du aho batez.

Iruñeko EH Bilduren batzarrak Joseba Asironen Alkatetzarako hautagaitza aho batez onartu zuen.
Iruñeko EH Bilduren batzarrak Joseba Asironen Alkatetzarako hautagaitza aho batez onartu zuen. (EH BILDU IRUÑEA)

Iruñeko San Frantzisko plazara deitu du EH Bilduk jarraitzaileak larunbat eguerdian, alkatea hautatzeko bilkura egiten den bitartean. Bertan, Fermin Balentziaren emanaldia, jatekoa eta edatekoa izango da. Osoko bilera amaitzen denean, Joseba Asironek hitz egingo du.

Honekin batera, Iruñeko EH Bilduren batzarrak aho batez babestu du Asiron Alkatetzarako aurkezteko erabakia, balizko hirugarren bideak baztertuta.

Batzarrean izan ziren Joseba Asiron hautagaia, Miren Zabaleta EH Bilduren Nafarroako koordinatzaile nagusia eta Endika Alonso Iruñeko koordinatzailea. Bertan, hauteskundeetako emaitzen irakurketa eta hartu beharreko erabakien azterketa partekatu ziren.

Azterketa hau hiru ideia nagusietan laburbiltzen da: «Iruñeko alderdiak lortutako emaitza historikoak izan direla, lehen aldiz eskuinari begietara begiratzen diogula eta EH Bilduk hiriburuan izan duen hazkundea ez dela gauza puntuala, egiturazkoa baizik».

«Zinegotzi kopurua berdintzeko 770 botora geratu gara, eta 2.900 botora UPNri irabazteko, eta ziur 2027an lortuko dugula», aldarrikatzen zuen hautagai subiranistak.

Asironen hautagaitza, aho batez onartua

Asironek larunbatean Alkatetzarako hautagai izateko erabakiari dagokionez, EH Bilduren oinarriek pitzadurarik gabe babestu zituzten zuzendaritzaren argudioak: «M28an erakutsi dute herritarrek EH Bilduk zuzendutako gobernu aurrerakoia nahi dutela (16 zinegotzi aurrerakoitik 8); lau urte hauetan egindako lanak erakusten du ezberdinen arteko ulermena posible dela, eta EH Bilduk beti defendatuko du oinarrizko printzipio demokratikoa, hots, bozkatuena izango den indar aurrerakoiak erakunde bakoitzaren buru izan behar duela».

Argudio horietan oinarrituta, «printzipio hori errespetatzen ez duten, biztanleriaren %27,4ren bazterketan oinarritzen diren edo horretaz baliatzen diren hirugarren bideak» ere baztertzen dira.