Uztailaren 1etik 3ra bitartean, Tourra Euskal Herrian barrena ibiliko da. Horren harira, ‘Grand Départ Pays Basque 2023’ delakoaren inguruko gida praktikoa argitaratu da sarean, herritarrek egun horietan egin beharreko mugimenduak antolatzeko, baliagarri izan dakieeken informazioa dokumentu bakar batean kontsultatu ahal izateko.
Eusko Jaurlaritzak jakinarazi dutenez, gida «bizia» da, hau da, garraio moeta ezberdinetan aldaketak izan ahala edota aldirietako aparkaleku gehiago jartzen direnean eguneratuko dena. Gida kontsultatzeko, ‘Grand Départ Pays Basque 2023’-ren webgune ofizialean sartu eta eskuragarri dagoen azken bertsioa deskargatu behar da.
Horrela, formatu bateratu baten, herritarrek eskura izango dute jada txirrindulari lasterketaren irteera jokatuko den egunetan eragingo dien informazio baliagarria, besteak beste, garraio operadore publiko guztien plataformetarako estekak, ekitaldi nagusien programa, etapa bakoitzaren mapak eta errutometroak, karabana aparkalekuak, etapen irteeren eta helmugen xehetasunak, eragin handienak izango dituzten ibilbideen itxierei eta irekitzeei buruzko informazioa edota antolatutako ekitaldiak.
«Gidak ikuspegi orokorra eta praktikoa eskaintzen du, Tourrak mugikortasunari eta eskura izango diren aukerei nola eragingo dien azaltzeko», iragarri dute.
Denboraz planifikatu
Informazio guztiarekin batera, garrantzitsua izango da joan-etorriak denborarekin planifikatzea. Horrela, garraio publikoa erabiltzea gomendatzen da, batez ere trena, ez baitu eraginik izango, Euskotren edo Metro Bilbao kasu.
Autoa hartu behar izanez gero, WAZE aplikazioa deskargatzea gomendatzen da, trafikoaren unean uneko egoera ikusteko. Aplikazio horretan arian-arian kargatzen ari dira jada programatuta dauden trafiko eraginak –ibilbide-mozketak, adibidez– edo jardunaldi horietarako erabilgai egongo diren aldirietako aparkalekuak.
Ibilgailu pribatuei zuzendutako aplikazioak bidaia edo joan-etorri bat kargatzeko aukera ematen du, eta aurreikusitako eraginen arabera, irteera ordua edota ibilbiderik egokiena iradokitzen ditu. Laguntza hori guztia aldez aurretik eta denborarekin egindako planifikazioarekin uztartzea gomendatzen da, eta azken unera arte ez itxarotea.