Iraitz Mateo

Marlen Haushofer idazle austriarra lehendabizikoz euskaraz, ‘Horma’ eleberriarekin

‘Horma’ eleberria argitaratu berri du Ereinek, Marlen Haushofer idazle austriarrak 1963an idatziriko liburua da Naroa Zubillagak itzulia; lehenengo aldiz euskaraz izango da irakurgai Haushofer. Ekologismoaren eta feminismoaren inguruko gogoetek josten dute eleberria.

Uxue Razquin eta Naroa Zubillaga ‘Horma’  eleberriaren aurkezpenean
Uxue Razquin eta Naroa Zubillaga ‘Horma’ eleberriaren aurkezpenean (Jagoba Manterola | FOKU)

Horma ikusezin bat topatuko du protagonistak parean, hormaz bestalde harrizkoa bihurtzen da guztia, eta Alpeetan bizirik dirauen pertsona bakarra geratzen da, protagonista bera. Eszenatoki horretan eraiki zuen 1963an Marlen Haushofer idazle austriarrak ‘Horma’ eleberria; Ereinek ekarri du euskarara Naroa Zubillagaren itzulpenarekin. Idazle austriarraren «liburu kanonikoena» dela adierazi dute aurkezpenean, edukian zein forman dituen berezitasunengatik.

Donostiako liburutegian aurkeztu dute liburua ostiral goizean Uxue Razquin Ereineko editoreak eta Naroa Zubillaga itzultzaileak. Elementu distopikoak agertu edota batzuetan eszenatokiak berak zientzia fikzioa dirudien arren, hormaren jokoa «aitzakia» dela kontatu du itzultzaileak, bizirauteak suposatzen dituen «hausnarketa gizatiarrak» egiteko bidea dela. Batez ere, feminismoaren eta ekologismoaren inguruan hausnartzen du protagonistak, eta Razquinek azaldu du nahiko istorio «itogarria» dela, egoera zailean eta bakarrik agertzen delako protagonista. Baina aldi berean, «idazkera sosegatua» duela.

Zubillagak bi elementu nabarmendu ditu aurkezpenean: forma eta edukia. Eta ez du askoz gehiago aurreratu nahi izan, hausnarketei lotutako liburua baita bere ustez, eta hori irakurleak egin beharreko zerbait dela esan du. Dena den, aurrerapen txiki bat egin du: amaieran sorpresa bat gertatzen da. Eta aitortu du liburuko azken lerroak izan daitezkeela bere ustez poliltenak, baina spoilerrik ez egite aldera, zehaztu gabe utzi du.

Formari dagokionez, txosten edo informe bat dela adierazi du, eta narratzaileak ere hori kontatzen duela esan dute: «Narratzaileak berak esaten du gertatzen ari zaionarekin txosten bat egingo duela, eta ondorioz ez du ez elkarrizketarik ezta atalik ere». Eguneroko modura ere ulertu daitekeela kontatu dute, baina ez direla egunak izendatzen edo egunen inguruko erreferentziarik ere ez dela egiten. «Gertatzen zaiona jasotzen du, eta era berean introspekzio ariketa bat egiten du, bere gogoetak jasotzen ditu».

Espazioan mugitu gabeko bidaia bat egiten duela azaldu du itzultzaileak edukiaren inguruan hitz egiterakoan. Naturara eta bere barnera egiten du bidaia protagonistak, ikuspegi feminista eta ekologistatik egiten ditu hausnarketak eta «bere burua berrasmatzen» duela adierazi du Zubillagak. Natura bere osotasunean ageri dela kontatu du, «bere alde bukolikoaz gain, bere alde gordina ere ageri da: gaixotasuna, etsipena, heriotza…».

Euskarara ekarritako lehen lana

Razquinek gehitu du euskarara ekarri den Marlen Haushoferren lehendabiziko lana dela argitaratu berri dena, eta horren garrantzia azpimarratu du. Idazle austriarrak idazketa berezia bazuen ere, «beste batzuen itzalpean» geratu da editorearen ustez. Itxialdian irakurri zuen Razquinek Haushoferren lana eta, planteamendu oso originala iruditu zitzaionez, euskaraz ere egon behar zuela iritzita luzatu zion proposamena Zubillagari. Zubillagak pozarren hartu, eta ostiral honetan eskuartean dute jada liburua.