Ramon Sola

«Polemikarik ez sortzeko» atzeratu du Urkulluk torturatuak aitortzeko ekitaldia

Torturaren Nazioarteko Egunean deitua zen biktimak aitortzeko ekitaldia «polemikarik ez sortzeko» eta «biktimak instrumentalizaziotik kanpo» uzteko atzeratu du Lakuako Gobernuak, Iñigo Urkulluk ostiral honetan Legebiltzarrean aipatu duenez. Ez dela ulergarria aurpegiratu dio Miren Gorrotxategik.

Torturatuen agerraldia Bilbon, 2017an.
Torturatuen agerraldia Bilbon, 2017an. (Aritz Loiola | Foku)

Tortura jasan duten biktimek ez dute aurtengoan ere aitorpen ofizialik izango Lakuaren partetik. Horretarako ekitaldi bat deitua zegoen, Nazioarteko Egunaren testuinguruan, ekainaren 26an Donostiako Kursaal jauregian, baina Estatu mailako hauteskundeak laster etorriko direla argudio gisa erabiliz atzeratzea erabaki du Iñigo Urkullu buru duen Gobernuak. Egiari Zorrek jakinarazi zuen erabaki hau pasa den astean, eta ostiral honetan arrazoiak azaldu behar izan ditu lehendakariak Legebiltzarrean, Elkarrekin Ahal Duguren eledun den Miren Gorrotxategik hala eskatuta.

Atzerapen hori gogoz defendatu du Iñigo Urkulluk. Bere hitzetan, «denok partekatzen dugun» torturaren aitortzari «egin dakiokeen ekarpenik onena» hori zen, gai horren inguruan «ez dugulako polemikarik sortu nahi» eta biktimak «instrumentalizaziotik kanpo» uzte aldera.

Honelako kasuetan beti berdin jokatu duela Lakuako Gobernuak erantsi du, 2019. urteko azaroan –orduan ere hauteskunde espainiarrak egitekoak zirelarik– Memoria Eguna bertan behera utzi zutela gogora ekarriz.

Ekitaldia atzeratu baino dela, inolaz ere bertan behera utzi, argudiatu du Urkulluk. Eta torturaren biktimak aitortzeko borondate irmoa dutela ziurtatu du. Honetarako abiatu diren lege eta dekretuak ekarri ditu gogora, bai eta eskaerak baloratzeko lanean diharduen taldearen lana goraipatu ere. «Ahanzturarik? Batere ez», erantzun dio Gorrotxategiri.

Urkulluk ez du aipatu, ordea, erritmo motelean eta zailtasun handiz ari dela garatzen prozesua, Egiari Zorrek edota batzorde horren kide den Jon Mirena Landak berak behin baino gehiagotan azaldu dutenez. Urtero Estatuak eragindako indarkeriaren 40 kasu inguru ari dira ontzat hartzen, baina 700 eskari inguru mahai gainean dute, eta gainera Lakua zein Nafarroako gobernuek argitaratutako txostenetan torturaren 5.000 biktima inguru jasotzen da.

EH Bilduren zerrendak hizpide

Elkarrekin Ahal Duguren eledunak Urkulluri erantzun dioenez, ekitaldiaren atzerapen hau nekez uler daiteke. Izan ere, «jakin badakigu alderdikeriaz erabiltzen direla biktimak. Baina zergatik da larriagoa hauteskundeak baino lehenago erabilera zikin hori, beti oso larria bada?».

Bere posizioa gogortu du orduan Urkulluk, bi zentzutan. Batetik, Maiatzaren 28ko hauteskundeen inguruan biktimen erabiltzera hori agerikoa izan dela ziurtatu du: «Zer gertatu da, bada, zerrendekin, biktimekin?», aipatu du, EH Bilduren hautagaitzen inguruan sortutako polemika berriro puztuz. Bestetik, zera esan dio Gorrotxategiri: «Portzierto, Gobernu espainolak –zure alderdia kide duenak– ez du honen inguruan inolako ekimenik hartu. Guk tortura gaitzesten jarraituko dugu eta biktima guztiak aintzat hartzen jarraituko dugu».